kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Made in Galiza / Sechu Sende (Txerra Rodriguez) / Txalaparta, 2012

Eremu urriko hizkuntzen ispilua Goizalde Landabaso / Deia, 2012-10-20

Txalaparta argitaletxearen Amaiur sailean ipuin liburu oso interesgarria aurkitu dugu, hain zuzen ere Sechu Sendek (1972, Padron, Galiza) idatzitako Made in Galiza. Jatorriz galizieraz idatzi du Sendek eta Txerra Rodriguezek ekarri du euskarara.

Garrantzitsua da idazleak erabili duen jatorrizko hizkuntza adieraztea, izan ere hizkuntzaren hautua eta ipuin askotako hizpidea lotuta daude. Sendek galiziera du hizkuntza, eta honek eguneroko bizitzan eragozpenak ekartzen dizkio, batez ere hizkuntza indartsuago baten alboan bizi delako, eta horrek hizkuntza ahularen espazioak irensten dituelako. Ezaguna, ezta? Diglosia egoerak ondo islatuta azaltzen dira ipuin laburrez osatuta dagoen liburu honetan. “Yo es que perdí mi lengua / Hara… aizu, nolakoa zen? / Pues mire muy parecida a la suya / A, bai, hemen horrelako asko ditugu… izan ere hemen ditugun hizkuntza galdu guztiak horrelakoak dira…”.

Hizkuntzak kezkatzen du idazlea; hizkuntzak bizitzeko dituen espazioek eta ezintasunek. Hitzen fabrika, Hitzen lapurra, Galizieraz hitz egiten hasteko jarraibideak, Hizkuntzarik zailena, Ikerketa soziolinguistikoa, Hitz egiten zuen herria edota Kearen hizkuntzak dira ipuinoi emandako izenburuetako batzuk. “Kaixo, ñ letra / Kaixo / Gu gara n letra eta hau h da… gu gara enehatxe / NH? / Positiboa / Hara! Urte askotarako / Berdin / Eta zelan? / Tira, hainbestean”. Surrealismoak badu lekua Senderen ipuinetan; magiak, poetikotasunak, ukitu naif-ak eta metaforak. Metaforaz jositako ipuinak dira hauek. Gauza guztien gainetik, baina, gozamena dago liburu honetan.

Bere egiten zaitu ipuin bakoitzak, eta zure burua ikus dezakezu agertzen diren hamaika egoeratan islatuta. Eta konturatzen zara ez dela Sechu Sende, ezta Txerra Rodriguez ere; zeu zarela lerro artean dagoen hori. “Ni herri honetan jaio naiz, beste edozein herri bezalakoa den honetan. Izan ere, hala da, salbu eta hemen jaio garenontzat. Herri honetan hazi nintzen, beste edozein herritan egin nezakeen bezala. Eta herri honen hizkuntza hitz egiten hasi nintzen, munduko beste edozein herritako hizkuntza hitz egiten hasi izango nintzakeen bezala”. Identitateari lotutako hamaika ipuin azaltzen da berton. Ipuin laburrak dira oro har, katea litezkeen ipuin laburrak. Egia da badirela zenbait ipuin identitatearekin edota hizkuntzaren ardurarekin zerikusia ez dutenak, eta soberan daudela esango nuke, hizpide nagusitik urrun gelditzen direlako.

Poemetarako tartea ere badu liburu honek. “Batzuetan autobusean nagoenean / eta inor ez dudanean entzuten nire hizkuntzan mintzatzen / begiak ireki eta itxi egiten ditut ametsetan ez nagoela konturatzeko”. Baina poesia janzkera ez izan arren badira kontakizun batzuk poesiaz beterikoak. “Gaur goizean pertsonek buru gainean

hodeiak zeramatzaten…”.

Ia ezinezkoa da zure burua ipuinetako batean ez aurkitzea. Sechu Sende arduratuta dago bere hizkuntzagatik, bizi duen egoeragatik, eta kezka horrek ipuin itxura du hemen. Itzulpena ere egokia iruditu zait, eta uste dut ondo egokitu dela euskara galizieraren lekura. Izan ere, ipuin sorta hau bretoieraz, katalunieraz edota flandeseraz idatzita egon izan balitz ere ederto egokituko litzateke. Eremu urriko hizkuntzek indartsuagoa den hizkuntza baten alboan bizitzeak dakarkien eragozpenen zerrendatzea da idazleak egin nahi izan duena. Umorea, poesia, surrealismoa edota ironia erabili ditu honetarako. Baina kontakizunak irakurtzen dituen oro jabetuko da hor mina ere badagoela, eta batik bat, kezka handia. Ez da liburu laua, eta are gehiago, politikoki ez zuzena dela esango nuke. “Eta esan nahi dizut zurekin nagoela, nire hizkuntza baitzara”.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak