kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Piztiaren begiak / Alberto Ladron Arana / Elkar, 2012

Ehiza garaia Iratxe Esnaola / Berria, 2012-10-21

Amaierarik errebela ezin diezaiokegun thrilerraren iruzkina idaztea eta haren mamia transmititzea ez da lantegi erraza, baina ezta ezinezkoa ere. Alberto Ladron Arana egile zaildua da genero beltzean eta aurre eskema bati jarraiki idazten duen neurrian, ubera uzten du jasogarriak zaizkigun hainbat arrastorekin. Badugu hildako mordoxka bat. Iragan lausoaren karga astun eta itzal are luzeagoa. Baditugu muturreko pertsonai bi noraezean dabilen hirugarren baten atzetik. Hori guzti hori Iruñea paisaiatzat hartuta. Horiexek dira Ladron Aranaren zazpigarren eleberriko zertzelada zenbait. Orain arte arrakasta lortu izan duten beste eleberriak eraiki izan dituen orube berean eraiki du fikzio berri hau ere, elkarrizketa dinamikoak baliatuz, trama eta azpi trama aurrez landuak eta gero ondo bururatuak osatuz. Arotzaren eskuak (2006) eleberriak 14. edizioa lortua du. Lehenago argitaratutako lanak ditu Itzalaren baitan, Xake Mate eta Eguzki beltzaren sekretua. Ondorengoak, berriz, Ahaztuen mendekua eta Zer barkaturik ez. Generoari erabateko atxikimendurik ez dion irakurlearentzat kontakizunaren erritmo bizia da thrillerra erakargarri egin dezakeen osagaietako bat, eta irudi luke badakiela hori egileak. Datek markatzen dituzte kapituluak eta astebete eskasean garatzen da trama. Bestalde, deskribapen ponpoxo eta landuetatik urruti, espazioek beren funtzionalitatearen araberako arreta jasotzen dute, eta gainera, pertsonaien ezagutza ekintzen bitartekoa izaki, ez da haien nolakotasunean luma luzaz pausatzen. Horrek guzti horrek akuilatzen du orrialdeen iragate bizkorra eta generoaren bizkarrezur den suspensea mantentzen du, prosa funtzionalitatearen mesedetara jarriz.

Hiru pertsonaia nagusietarik lehenengoak, Jon deituriko langabeak, emaztea eta alaba galdu zituen duela hamaika urte auto istripu batean. Bigarren pertsonaia Xabier Betelu da, ETA kide ohia, kartzelatik atera berria, eta hirugarrena, Dasilva enpresa-gizona, Iruñeko Brigada antiterroristan aritua. Arlo sozialetik eta irakurketa politikotik eutsi izan zaie azken bi esparruoi, gehienetan, eta nobedade izan dut ez literaturan edo fikzioan paratuak ikustea, baizik thriler batean euren pertzepzioa nola aldatzen den nozitzea. Tarteka, filmak ekarri dizkit gogora eszenen ordenamenduak, nahiz literaturak generoari eskain diezazkiokeen tresnak ondo baliatzen diren. Batetik, adieraziko ez dugun amaieran testualtasunak paper garrantzitsua jokatuko du, eta bestetik, barne-ahotsak errebelatu ahal izateak abantailak dakarzkio eleberriari, zineman ondo erabiltzen zail den off teknikaren alboan eskuragarriago. Hain zuzen, Dasilvak ahots zigortzaile bat du buruan eta ahotsaren errepikapena ezin kontrola izateak asko laguntzen du senetik irteten den eleberriko giroan. Azken nobelan ere, Zer barkaturik ez hartan, Mikel Izu protagonistak emazte ohiaren ahotsa zuen buruan, ahots inperatibo bat, aginduzkoa eta mespretxuzkoa. Behin giroaz eta emazteez mintzoan hasita, aipa dezagun ahots narratiboak hiru gizonen gogoa jarraitzen duen neurrian gizonezkoen ahotsa dela nagusi. Irudipena izan dut, artean, sineskorrago zaigula kultur jardunean ETA kide eta polizia zigortzaileak gizon izatea, are, harrapari-ehizari eta eskrupulurik gabeak badira, tradizioak horrelaxe ekarri izan dizkigulako fikziora estereotipo zenbait batuz gizonak, emakumeak beste ezaugarri batzuen pean ekarri dituen bezala (maltzurra, hotza, kalkulatzailea…). Esango nuke ehiza frenetikoaren sentsazioa sentiarazteko idatzi dela liburua eta helburua bete duela. Mendekua, sekretuak eta ezustekoak ez dira falta ehiztaria ehizaki bihur daitekeen terrenoan.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak