« Ahotsetik | Pusketa bat argitan »
Lasterka / Jean Echenoz (Gerardo Markuleta) / Meettok, 2011
Za-to-pek! Javier Rojo / El Correo, 2012-03-24
Mende erdia pasatu da Truman Capotek egiten zuen literatura mota bati “fikziorik gabeko nobela” izena jarri zitzaionetik, eta, antza, azken urte hauetan Jean Echenoz idazle frantziarrak egiten duena ikusita, berriro ere kontzeptu hori erabili beharko dugu. Izan ere Ravel izenburuko liburuaren ondoren orain euskal itzulpenean heldu zaigu Emil Zatopek korrikalari txekiarraren bizitzari buruzko nobela, Lasterka izenburua duena. Fikziorik gabeko nobela izanik, formaren aldetik nobela dela esango dugu, baina edukia kontuan hartzen badugu, bertan agertzen zaigun guztia benetakoa dela pentsatu behar du irakurleak, eta hortaz narratzailearen eta idazlearen arteko muga lausoturik agertzen dela, narratzailearen presentziak idazlearena islatzen baitu. Narrazioa orainaldian kontatuta dago, era azkar eta arinean, baina erritmoa gehiegi bortxatu gabe, nobela bera distantzia luzeko lasterketa bat izango balitz bezala. Narrazioa pertsonaiaren bizitzaren hainbat unetan zentratzen denez gero, kapitulu bakoitza eszena desberdin baten moduan aurkeztuta dago, beraien artean dagoen erlazioa, adibidez kapitulu batetik bestera zenbat denbora pasatzen den, ia-ia aipatu gabe uzten delarik. Gauzak honela, irakurleak berak eraiki behar du denbora erlazio hori eta aldez edo moldez historian bere leku egokian kokatu gertakaria. Ondorioa da pertsonaiaren bizitza osoa kontatu beharrean (hori, definizioz, ezinezkoa izango litzateke), momentu garrantzitsu eta esanguratsuen kontaera egiten zaigula, narrazio inpresionistaren itxura emanez. Eta bigarren ondorio moduan, pertsonaiak trazu soltez egindako zirriborroa ematen duela askotan. Izan ere, pisu handirik gabeko izakia da pertsonaia, ia eusterik ez dagoen izakia. Nobela osoan zehar protagonista ia markarik utzi gabe pasatzen den pertsonaia izanik, kontraesankorra, zehaztugabea da. Lausoegia. Azken atalean bakarrik azaltzen zaigu sendotasunez, loriaren ostean bazterketari aurre egin behar dionean.
Edonola ere, nobela gustura irakurri dut, baina duda gelditu zait pertsonaiak niregan sortzen duen miresmen ia mitikoagatik ez ote den, nobelagatik beragatik baino, zeren Zatopek (Za-to-pek!) mitoa baita dagoeneko. Eta beste aldetik, liburuak morbo pixka bat ere sortzen dio euskal irakurleari.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez