kritiken hemeroteka

8.746 kritika

« | »

Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu / Sergi Pamies (Gerardo Markuleta) / Txalaparta, 2011

Ez beharko genukeena Aritz Galarraga / Deia, 2012-02-25

Oso ezaguna da jada kuoten kontu hori: literatura sistema espainiarra —dei

diezaiogun horrela—, ordezkari bakar bana asimilatzeko gai omen da literatura periferikoetatik —dei diezaiegun horrela—. Euskaldunon ordezkari Bernardo Atxaga aski ezaguna genuke. Galegoen aitzindari Manuel Rivas litzateke. Eta anai-arreba katalanena, azkenik, Quim Monzo elektrikoa. Eta guk, gauza horietan bederen espainiarrak baino espainiarrago izaki, natural-natural onartzen ditugu besteek inposatutako kouta horiek. Eta, jaun-andreok, benetan, ez dakigu zer galtzen ari garen.

Orain artean, adibidez, nirekin daukadan Sergi Pamiesen ipuin bilduma delizioso hau, Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu. Jesus, izenburua bai duela luzea. Lasai, izenburua baino ez baitu luzea —liburuak, esan nahi baita—; barruan aurkituko ditugunak bai baitira ipuin laburrak, ipuin labur-laburrak ez direnean. Gantza gramorik batere ez gerribueltan, takateko batean irenstekoak, eskeletoa baino ez dute kontakizunok erakusten, hezur solteren bat erakusten ez badute bederen, irakurle zakur askoak noiz gosetu miazkatuko. Batzuek dute narrazio hari soila, mozketa minimo bat idazleak eskuragarri duen anabasa erreal horretan. Beste batzuek, areago, hori ere ez, gehiago dira kolpe poetiko, iradokizun huts, prosa poetiko edo poesia narratibo esaten dioten zera horren antzera. Baina beti ere zorrotz, beti ere estu, beti ere ozpin, irakurleak zabalik aurkituko duen zaurira zuzen, arnasarik hartzen ere apenas utziko digute ipuinok, ipurdia bertan goxo egiten. Nahiz autoreak argiki onartu ez, bere libururik onena zalantzarik gabe, salto kualitatibo izugarria aurrekoekiko, letra katalanen lehen lerroan, Monzo onenaren pare jarrita; ondorengoa eta azkena den ipuin bildumarekin, maila ona eman, bai, baina ez da berdintzen hemengo emaitza.

Pieza antologikoak aurkituko ditugu eta. Lehen multzo narratiboagoari dagokionez, nabarmentzekoak dira Beste bizitza, bilduma zabaltzen duena, esaldi baino sententzia honekin: “Hil egin behar izan nuen maite ote ninduten jakiteko”. Harrapazank txiribiton. Lehen multzo horretatik azpimarratuko nituzke halaber Gure gerra, Gure odolaren odola edota Eskabetxea: “Negar egiteko gogo biziz esnatu naiz, baina, lanpeturik nagoenez, geroago negar egingo dudala erabakitzen dut”. Egin du gureak. Traza poetikoagoa hartzen duten horietatik, berriz, Putzua, adibidez, ipuinez mozorrotutako poema baitugu. Eta gaiak, zeintzuk dira bada gai horiek, betikoak: bikotea, familia, lagun arteko aferak, giza kondizioaren hutsaltasuna, gero grisa, esperantza ororen erraustea, begirada ironiko baten pean iragazirik guztiak.

Eta iruditzen zait bide bat irekitzen duela itzulpen honek —gezurra dirudi, hizkuntza kontuetan sarri ispilu, zein gutxi ekarri ditugun euskarara idazle katalanak—. Behingoagatik, lortu dugu apurtzea kortse, muga, langaren bat, ez dugu euskaratu berez beste inoren iritzira euskaratu beharko genukeena, baizik eta behar duguna. Eta, Pamiesen liburu hau itzulita dago gaztelaniara —eta frantsesera, eta galegora, eta alemanera, eta grekora, eta italierara—, baina saiatu beharko genuke ekartzen zuzen katalanetik, geuk jarrita, besterik gabe, geure filtroa, hau da, literatura onari soilik jarraituko liokeen filtro geurea. Ea.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak