kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Etxeko hautsa / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2011

Semearen aitorpena Javier Rojo / El Correo, 2011-10-15

Ez dut ezer berririk azalduko esaten badut Anjel Lertxundi euskal literaturan dugun idazlerik garrantzitsuenetako bat dela, gure kanonaren zutabeetako bat. Neurri handi batean bere liburuek markatu dute euskal literaturaren norabidea azken berrogei urteotan. Eta agian hain garrantzitsua delako, irakurleok berari exijitzen diogu beste idazle batzuei eskatzen ez dieguna: idazten dituen guztietan bere mailaren eredua erakuts diezagula. Eta agian horregatik iruditu zait azken urte hauetan nobelaren alorrean eskaini dituen zenbait lanetan zerbait falta zela. Bide berriak urratu nahian zebilela zirudien, baina saio horien ostean Etxeko hautsa izenburuko nobela eman du argitara, eta nobela honekin Lertxundik euskal literaturaren kanonaren erdigunean jarri duen kalitatearen erakusketa eskaini digula esan daiteke.

Nobelan lehenengo pertsonan kontatzen zaigu nola pertsonaia bat bere aitari zuzentzen zaion, bien artean esan gabe gelditu direnak azaltzeko. Protagonista Bartzelonan bizi den publizista bat da, eta gazte denboran, Francoren garaiko azken urteetan, ETAko kide batzuei lagundu zien, eta bere autoan eraman zituen. Aitak ezer jakin ez horretaz. Eta horretan oinarrituta, aitorpen luzea hasten da non aita-semeen arteko harremanak nabarmentzen diren. Kontua da, aitorpen hau egiten duenean, aita senilitateak jota dagoela eta ez duela ezer ere ulertzen. Liburuan kronika egiten zaigu, baina gertakarien kronika egin beharrean, sentimenduen eta gertakarien aurreko jarreren aldaketen kronika egiten zaigu. Oroimenaz hitz egiten zaigu, baina idazlea, eta idazlearekin batera narratzailea, kontzientea da oroitzean berreraikitzen dugun lehenaldi horretan agertzen zaigun subjektua ez dela garai hartako hura, oraingo hau baizik, oraingoa lehenaldira proiektatzen baita lehenaldi horrek zentzurik izan dezan.

Liburuak literatur oinarri garbiak ditu: Pailazo baten aburuak, esate baterako, behin eta berriro aipatzen da-eta; baina beste ikuspuntu batetik begiratuta Kafkaren Aitari gutunaren aztarnaren bat ere aurki daiteke liburu honetan. Eta pertsonaiak bere aitari honek ulertuko ez duen aitorpena egiten dion bitartean, belaunaldi baten kideen desengainuaren lekukoak izango gara, pertsonaia horrengan irakurle askok ispilu bat aurkituko baitute. Epilogoa soberan dagoela iruditu bazait ere (barkatu Lertxundi, baina zuri perfekzioa eskatzen ohituta gaude), nobela miresgarria iruditu zait.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak