« Poirot-en atzetik | Euskal gatazkak »
Zakurraren poema eta beste hezurrak / Martin Etxeberria / Elkar, 2011
Sei urte Igor Estankona / Deia, 2011-09-24
Sei urterik behin egiten dute antza Martin Etxeberriaren urek gainezka: Katiluaren ipurdia (Alberdania, 1999) eta Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin (Elkar, 2005) poema liburuen ostean beste sei urteko tarte bat behar izan du zarauztarrak saltotxo bat gehiago emateko, apur bat sakontzeko bere baitako mamuetan. Liburua itzel hasten da, hain zuzen “Zakurraren poema” pieza ez oso konbentzionalarekin. Poema hori liburuaren nondik norakoaz hitz egiten digun sarrera baten antzekoa da: “Eta lurrean eserita, / lotsagorritu nintzen nire patuaz; / agurraren zakurra izan beharraz. // Penatu nintzen / nire tristuraz. / Amorratu, / tximeleta zatar bihurtutako / nire gorroto zaharrez”.
Bizitzari gorazarre egiten dion liburua da honakoa, nahiz eta aurreko pasarteko tonu beat eta arean iluna ere noizbehinka kanporatzen den. Etxeberriak sukar-poemak eta lasaitasun poemak tartekatzen ditu liburuan, bere aurreko lanetako sotiltasun eta detaileari uko eginez, baina galdu barik behatzaile zorrotzaren begia, nik pertsonalki gehien miresten diodana, esate baterako Eslaviar aurpegiaren aurrean bere animoa nola deskribatzen duen irakurtzen diodanean: “Kafetegi batean adibidez. / Goiz, nahiko goiz. // Eseriko gara / mahai banatan / eta nork bere kafea hartuko du. // (…) Jarri nazazu dardarka. // Eta gero, zoaz. / Joan gaitezen biok. // Isuri dadila bakoitza / bere erara. // Bihar elkartuko gara berriz”.
Bestelakoa zen Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin. Liburu hartan bere lekutxoa errebindikatzen sumatu genuen Etxeberria. Haizeak zerabilen poeta, gogoeta filosofikoetan galdurik, egunerokoaren eta unibertsalaren nahaste beti zail horretan trabatua. Honako Zakurraren poema eta beste hezurrak honetan tentazio horiek ekidin eta poesia garbiago bat opatu digu. Ametsak, begiak, bidezidorrak, uda… kontzeptu arinekin poesia lausoago, itxiago, interesgarriago bat ondu du. Poesia garbiak esan nahi du hitzen musikari eta poesiaren nagusitasunari leihoak ireki dizkiola, poesia ez dena kendu diola, gehiegizko ñabardurari uko egin diola eta, azken ahapaldiko epilogo antzekoan autoreak berak dioen gisan, hegan egin nahiko lukeela: “Hegan erori nintzen azkenean / nire hitz gorriak urtzeko / eraiki zenidan itsasora”. Ez da guztiz askatu, ostera, poesiaren zenbait biziotatik. Nire ustez, pose poetiko lar dauka liburuak, eta poetikotzat jotzen diren irudi klasikoen abusu halako bat igarri diot. Kafetegiak, hiriburuak, autobusak, txori kolorea hartzen duten hodeiak… melankolia kalkulatu eta arean itxurazko hori poemen kalterako izan dela deritzot. Idazlea poesia egiten ari dela harrapatuko banu bezala sentitu naiz, erdi itxaropentsu —poema onak daude—, erdi engainatua —“Gogorregia zerua” eta “Uraren korapiloak” irakurri ditudanean legez—.
Disidentzia, berritasun, heterodoxia gabeko ondo idatzitako liburua da Zakurraren poema eta beste hezurrak. Gardenki ulertzen dira poemak, baina gauza garrantzitsuak esateko poesiak dituen bide okerretatik Etxeberriak zuzenegi ibili nahi duela dirudi. Poesia deskriptibo lauaren eta biografia poetikoaren arteko lekuren batetik hitz egiten digu idazleak, baina esploratzera ez gaitu ateratzen eta ez du, beraz, barrukoa erakusten. Horretarako hiztegi bortitzago bat behar da apika, edo determinazio gehiago poesia egiteko. Finean, “Borgesen basoa” poemak falta duena falta du liburuak ere: gordina eta xamurra da, baina ez da sakona.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi