« Musikarekin batera | Aingeruen bakardadea »
Erregearen eguna / Abdela Taia (Patxi Zubizarreta) / Alberdania, 2011
Maiestatez eta biluzik Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-07-31
Ez da karikatura bat, hitzez hitzezko aipu bat da, ausaz harturik, erran nahi dudanaren adibide: “Aurpegi biribila. Sudur ttikia. Begi kementsuak, gogorrak, sekula txantxarik egiten ez dutenak. Aurpegi ernea, menderatzailea. Beltzixka. Urruna. Hurbila. Badu xarmarik. Erabakitasunik. Garraztasunik. Terneziarik. Dena horra bildua. Ezaguna zait”. Argazki finkoen bilduma ordenatu batean bezala, argazki bakoitzaren aurrean agindu bat emanik, idazleak irakurleari hartan gelditzeko eta haien arteko joskera eta sintaxia eratzeko. Ez da horrela eleberri osoa, baina gehien-gehiena.
Estereotipo bat dugu guztiok erretorikaz idazkietan. Gure artean, eta erretorika maisukoa, Axular klasikoa, eta gaur egun Joan Mari Irigoien, maisu ere berau. Paragrafo luzeak, sintaxi aberatsekoak, perpausa hierarkizatuak nagusi, mendeko eta azpi-mendekoen artean, erritmo neurturikoak, kulunkan eramaten dutenak irakurlea ideien eta ñabarduren olatuetan, halako moldez non gehiago erakartzen gaituzten erritmo kulunkariak, uhinen aparraren joan-etorri doituek, hizkuntz musikaltasunak… mintzoen mezuak berak baino. Nekez irakurriko genioke gaur gehienok bertzela Axularri. Baina Abdela Taiaren estiloa ere erretorika mota bat da, bertzelakoa, bertze erritmo batekoa, irudi, sentsazio, kolore, usain bakoitzean geldiarazten zaituena; irakurketan gidari amultsu gisa bainoago, manu-emaile autoritario gisa, larderiatsu sarri ere, adibidekoa bezalako paragrafoak behin eta berriz errepikatzen badira. Erretorika errazagoa dirudi, ez da galtzen gramatikaren bihurgune sintaktiko formaletan, itxuraz ere irakurterrazagoa, baina ez duena zertan izan batere erraza, ez idazterakoan, ez irakurtzerakoan. Haren abusuak edo gaizki doitzeak estropezuka eraman dezake irakurlea. Ni, behintzat, estropezuka eraman nau batzuetan Abdela Taiak euskaraz ezagutzen dizkiodan bere bi eleberrietan, Malenkonia arabiar bat-en eta gaurko Erregearen eguna-n, biak ala biak Patxi Zubizarretak mimoz euskaraturik.
Erranak erran, badu egile honek indar poetiko eta plastiko handia, gai errepikari eta kilikagarri baten hondoaren gainean: marokoar mundua europarraren aurrean; lehena, mundu itogarri eta hartatik libratu beharreko baina orobat maitagarri bezala; bigarrena, askatasun eta garapen pertsonalaren akuilu baina frustragarri ere bezala. Idazleak berak, Marokon jaio eta 25 urterekin Europara jo izan zuen: bi munduen talka bere haragian ezagutu, eta frantsesez adierazten du. Malenkoniaz so egiten dio atzera Marokoko munduari, eta bi munduen arteko harmonia askatzaile eta emankorrarekin egiten du amets.
Alegoria sinboliko bat da Erregearen eguna. Emazteak abandonatu aita txiroa, erregea —maiestatiko baina biluzik ere ikusia—, protagonistaren lagun minaren familia aberatsa, Marokoko errealitate soziopolitikoaren isla da, bere klase kontrastekin, non pobreak ere, narratzaile nagusia bera, maite eta gorroto artean mugitzen diren: hartaz askatu nahi, baina aukeran Maroko ofizial, arranditsu eta europar munduko balio nazkanteenak baizik bereganatu ez dituen horretan integratu nahi ere bai. Ama eta Hadda —bigarren narratzaile bat— prostituitu eta endekatzera behartu herri-mundu tradizional bizirik baina marjinaturikoaren isla dugu. Mundu konplexu horren barneko tirabiran mugituko da protagonista nagusia, bere ametsetan, haluzinazioetan eta eguneroko gorabeheretan. Gozamen hutsa honen irakurketa, Abdela Taiaren estilo zaleentzat, aberasgarri eta kilikagarria erretolika horretan estropezuka baina berriz altxatu guran gabiltzanontzat.
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta