kritiken hemeroteka

8.810 kritika

« | »

Fucking artists / Xabier Montoia / Elkar, 2010

Ilunpean dagoena Iban Balerdi / Gara, 2011-04-09

Hamar ipuin bildu ditu liburu berri honetan Xabier Montoia idazle oparoak. Ez zaio, ordea, beste zenbaitetan bezala, gai konkretu bati lotu. Hamar istorioek kontu eta toki desberdinetako alderik garratzenak probatzera daramate irakurlea, ezkutuan edo aipatu gabe utzi ohi diren alde ilunak. Azken batean, nora ezean dabilen gizakiaren irudiak erakusten dizkigu, erabat bisualak, guztiok ikusteko modukoak. Horretarako euskara eta idazkera ederra ditu baliabide.

Kasu askotan betikoak diren gaiak erabiltzen baditu ere, argi dago autoreak nolabait gure garaira moldatu nahi izan dituela. Horretarako, gaurko gizartean guztiz garrantzitsuak diren eta uneoro presente daudenak ekarri ditu orrialde hauetara, esaterako, sexua, futbola edota turismoa. Ahanzten laguntzen duten botiken moduko hauen bidez boterearen lilura, loriaren bide laburra, hurkoaren bizitzarekiko ardura lotsagabea, mitifikaziorako joera eta antzekoak ukitzen ditu, baina guztien gainetik bakardadea eta komunikazio eza nagusitzen dira. Hauexek dira ipuin hauetako pertsonaia gehienengan gailentzen diren ezaugarriak.

Gezurra da bildumako lehendabiziko ipuineko lehen hitza, hasieratik bertatik gerora etorriko denaren hari garrantzitsuenetakoa argi utziz. Adonis ehiztaria kontakizunean boterea eta beronek sortzen duen itsutasuna nahasten dira, perspektiba galtzearen ondorio gisa. Hau guztia euskal politikagintzari buruzko erreferentzia zorrotzekin.

Loria omen zion halabeharrak gordea hiru futbolari gazteren gainekoa da. Guztia polita izango zela zirudien… “gutxi behar izan zuten britainiar kazetariaren asmoa igartzeko. Futbolaren irabazleak eta galtzaileak aurkeztu nahi izan zituen, heroia eta haren zorigaiztoko lagunak. Istant batean elkarri behatu eta, hitzik gabe, haien jokoa onartzea adostu genuen. Fucking Loosers!”. Zeinen erraz egiten den zerutik infernura. Aipagarria iruditu zait futbolaren inguruan ematen den datu andana, alde zatarrak erakutsiz baina ez erdeinuz. Liburuari izenburua ematen dion Fucking artists-en ere hamaika artista eta abestiren izenak agertzen dira, soul musikarekin erlazionatuak gehienbat. Mito eta ametsei buruzko hausnarketetara garamatza autoreak, izan ere, zenbait egia, baina zenbat gezur gordetzen da mitoen atzean?

Uzbekistanen kokatutako Kaka lepotik beheiti istorioak agintaritza eta boterea lortzen duenak hainbatetan egin ohi duenaren irudi grafikoa erakusten du. Beste alde batetik, idazkerari dagokionez, batzuetan estilo ariketa baten antza hartu nion, batez ere hitz batzuk (zernahi, nonahi, zeinahi, nornahi) errepikatzeagatik. Izatekotan ere kuriosoa, inolaz ere baldar edo ulergaitza. Izorratuta ipuina ere bada estilo ariketa bat. Lehenengo pertsonan egindako bakarrizketa da, guztia segidan idatzia, paragrafo bakarrean. Kristau giroan emandako pedofilia agertzen du hamabost orrialdeetan zehar. Egindakoengatik defendatzeaz gain, ingurukoen hipokrisia salatzen du “kalte naiz horientzat, itsusi, baita ispilu ere, horregatik datoz batera nire kontra”.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak