kritiken hemeroteka

7.781 kritika

Azken kritikak

« | »

Eromenaren mendietan / Howard Phillips Lovecraft (Ainara Ruiz Benito) / Alberdania-Elkar, 2010

Eromenaren mende Karlos del Olmo / eizie.org, 2011-03-08

Zientzi fikziozko eta fantasiazko literaturaren estratak ibiltzen dituenak, halako batean, noraezean, topo egingo du H.P. Lovecraften idazkien mugarriarekin. Literatura orokorraren ibilbide zabalagoetatik abiatzen den ibiltariak ere, noiz edo noiz, ezinbestean, Lovecraft idoroko du XX. mendearen hasierako handienen artean. Eta aurreneko lerroak leituta dena delako ipuina edo eleberria jo eta bertatik baztertzen ez duena berbertatik geratuko da harrapatuta unibertso ezinago bitxi batean. Esan beharrekoa da Lovecraften lanak ez direla berdin hartzen nerabezaroan eta helduaroan —literaturan, orokorrean, jazo legetxe—: gazteak munduaren amesgaiztozko alderdia topatzen du, gaitzaren aurrez aurre jartzen duen hastapen errito halako bat. Nagusiak, ordea, bizialdian eskarmentuz ikasitakoaren sendespena, munduak bene-benetan dituen osagai maltzurren gaineko metafora.

Eta gezurra badirudi ere, fantasiazko unibertso sendo, goibel eta ukigarri hori ez dator mundu asmatu batean murgilduta bizi izan zen idazle batengandik. Haren jarraitzaileetako batzuk ez bezala (Cthulhuren mitoak zikloaren inguruan zale saldo handi-handia dabil munduko bazter askotatik), Howard Phillips Lovecraft guztiz materialista zen, jota zuen arrazismo ikaragarriaren pareko materialismo baten jabea. Michel Houellebecqek idatzi bezala, Lovecraften idatzietan agertzen diren izaki ikaragarriak benetako pertsona mota batzuen ikur dira —idazleak behe mailakotzat zituen arrazak eta gizakiak—, eta arrazismoaren osagairik berezkoena eta oinarrizkoena hartzen du harrointzat: beldurra, lokamutsetako izu itsaskor askigabe halako bat.

Lovecraftek fantasiaren eremua erabili zuen gaitzespena adierazteko ezein errealismo motari, diruari, sexuari, haren mailaren parean ez zegoen edozeri; baina forma aldetik, iraultzaileen antzera jokatuta, ohiko kontakizunaren mugak leherrarazi zituelako, literatur lanak garaiko termino eta kontzeptu zientifikoz hornitzeaz batera, eduki poetiko handiko pasarte luzeak lortuz.

Jacques Bergierrek esan zuenez, beharbada asko sufritu duenak baino ezin du ederretsi Lovecraften obra. Espainiako Gerra Zibila puri-purian zegoen garaian hil zen Howard Phillips Lovecraft, eta behin adierazi zuen gogaituta zegoela munduarekin eta gizadiarekin, eta inongo kontakizunik ez zuela harengan interesik pizten orri bakoitzean bi krimen agertu ezean edo kanpoko espazioetatik zetozen izenik bako izugarrikeriez jardun ezik. “Helduaroa infernua da”: horra hor haren bizitzaren eta literaturaren ardatz eragile nagusia. Nagusitzeak umeari edo nerabeari bestelako balio sorta bat dakarkio: errealista izan beharra, plazer lehia, norgehiagoka jarduteko beharra, etengabeko desafioak, sexua, ogibidean jarduteko obligazioa… Umezaroarekin galtzeaz batera, hori dena hartu behar izan zuen lepoan idazleak, zenbateraino eta gizakia mundutik desagertu eta unibertsoa bera ezinbestez kaoserantz doan trantsizio aldi batzat jo besterik ez izateraino. 1918an ondokoa idatzi zuen: “Zenbaitetan, egiak suizidioa eragin dezake, edo, gutxienez, depresio ia suizida bat”.

Gaur egun, haren garaian baino deserosoago eta baztertuago legoke Lovecraft, batez ere kontsideratuz gero “gaitz deritzogu aldaketari berari, besterik ez” uste zuela. Aurrerapena, etengabe aurrera joatea, zalantzan jartzerik ez dagoen sinesmen zabaldua da gizartean, mundu osoan zehar. Eta nekez onartuko luke lurrun makinari eta elektrizitateari berari natura eta mundua gizakiaren helmenetik at jartzen zuten asmakizun zeritzenak. Haren garaian hasita zeuden aberastasun eta sexu egarri ezin amaituzkoak nonahikoak eta ahalguztidunak dira sasoi honetan. Gizakiaren balioa bakoitzaren ahalmen ekonomiko eta erotikoaren arabera neurtzen du gaurko gizarteak; eta horiexei zeritzen, hain suertez, Lovecraftek gaitzen.

Lovecraft mutur zalea zen, estremista garbia. Puritanoekin bat zetorren mundua, berez, gaiztoa delako iritzian; baina puritano haiek ez bezala, ondorio horrek ez zion ezinegonik sortzen, literaturara eroaten zuen eta. Hesteetako minbizi batek ekarri zion heriotza, eta azken ospitale aldi hartan, morfina lagun, gaixo eredugarri, heziera oneko, atsegin, estoiko eta zindoa izan ei zen. Eta idazlea hiltzeaz batera, “Lovecraften obra” munduratu zen: bizirik zela espero zuen neurriko arrakastarik batu ez bazuen ere; urtea joan urtea etorri, estimua irabaziz joan den idazlan sorta sendo bat utzi zuen. Ainara Ruiz Benitoren euskal itzulpen honek ‚Ä”orraztu beharrekoren bat edo beste gorabehera‚Ä”, egitura dramatiko aberats eta zirraragarri jabe den testu handi baten aurrean jartzen gaitu. Grina ‚Ä”maitasun nahiz gorroto‚Ä” handi guztiek, azkenean, benetako artelanak sortu ohi dituzte: honako honetan, esaterako, garai hartan guztiz berritzaile izan ziren narrazio baliabide trebe eta ausartak baliagarri gertatu ziren idazlearen barruko irakinaldiaren albiste emateko.

Biziari zion nazka etsaigo aktiboa bihurtua: horra hor lan honi ere darion mamia. Idazlana Howard Phillips Lovecraftek Poeren lan batetik hartutako berba batzuekin amaitzen da. Poerenean eleok albatros “zuri eta puru batek” —arrazismoaren lorratza?— esaten zituen, Lovecraften honako honetan, Antzinako Izakien edo Shoggoth-en berbetaren oihartzuna dakarkigute. “Tekeli-li!“. Batzuen arabera, “Jainkoa haserre da” esan gura dute. Baina nork jakin? Esakunearen ingurukoak argitzeko ditugu oraindik ere. Beharbada, hizkuntzaren beste aldea, beste bazterra hor dagoela gogora erakartzeko baino ez daude jarrita. Gizakirik gabeko mintzaira, ezer komunikatzen ez duena, dei egiten diolako denok barruan daroagun aspaldi-aspaldiko egia ahaztu bati. Edo, besterik gabe, hitzik gabeko oinazea, hegorik eta soinurik bako hegaztiak, hitz egiten ez duenaz berba dagiena: “Tekeli-li!“, “Tekeli-li!“.

Azken kritikak

Aingeruaren pribilegioak
Dolores Redondo

Aiora Sampedro

Herri hura
Maialen Diaz Urriza

Nagore Fernandez

Zeruak eta infernuak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Gogoan dut
Aritz Galarraga

Jon Martin-Etxebeste

Algara mutilatuak
Ane Labaka Mayoz

Irati Majuelo

Poesia kaiera
Christopher Okigbo

Igor Estankona

Iturria
Unai Elorriaga

Iban Zaldua

Sotoan gordeak
Miren Gorrotxategi

Arrate Beristain Uriarte

Etxeko urak
Leire Bilbao

Jose Luis Padron

Arkanbele kantak
Mikel Taberna

Aiora Sampedro

Mizia min
Jon Ander Urkiaga

Nagore Fernandez

Algara mutilatuak
Ane Labaka Mayoz

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Poesia kaiera
Edna St. Vincent Millay

Igor Estankona

…eta infernuko demonioa adiskide
I√Īaki Irisarri

Paloma Rodriguez-Mi√Īambres

Artxiboa

Maiatza 2021

Apirila 2021

Martxoa 2021

Otsaila 2021

Urtarrila 2021

Abendua 2020

Azaroa 2020

Urria 2020

Iraila 2020

Abuztua 2020

Uztaila 2020

Ekaina 2020

Hedabideak