kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Giltzurrun-harriak / Milena Agus (Fernando Rey) / Denonartean, 2010

Maitasun-harriak Iker Zaldua / Gara, 2011-03-04

Hondakin pilaketa batek sortzen du harria, gorputzak hura desegiteko behar dituen substantziak izan ez eta giltzurrunetan hartzen du ostatu. Mugimenduen errepika batek, zonaldean hartutako kolpe batek edo, bestetik gabe, denboraren joanak mugiarazi egiten du harria. Orduan hasten da oinazea, ureterrean behera egiten duen bidaian zehar zauriak sorrarazten ditu barruan, odola ere askatzen da gernuarekin zenbaitetan eta ez du bakerik emango harik eta maskurira iristen den arte. Orduan, mina joan ez baina arindu egiten da eta askatzean paradisua zabaltzen da, mina desagertu eta harria kanpoan da.

Gaixotasun bilaka daiteke gaixoarengan joera bilakatzen bada prozesu hori. Horixe da eleberri honetako protagonistak duen gaitza, gainera, zeharkako ondorio modura, seme-alabak izatea mugatzen diona. Dena den, Milena Agusek metafora modura erabili zuen aipatu gaitza, izan ere, kontakizunean agertzen diren guztiek dute orbain bat, harri bat, barruan, askatzeko zerbait barruan, kolpe batek edo denboraren joanak eraginda bizimoduak sortutako korapiloa deslotzeko premia.

Liburu laburra da, trantze-une bizkorrik gabea, irakurlearen imaginarioan dirdira berezirik gabe sartuko dena, etxeko liburutegian isilik mantenduko dena, bere apalean jasota, xume. Finean, amaiera onik ez duten maitasun istorioak jaisten dira ureterrean behera eta mugimendu horretan protagonistaren mina, samina eta etsipena islatzen da.

XX. mendeko erdialdean kokatzen da eleberria, Sardinian eta Italian. Gerra tarteko, gizonak armak hartuta joan dira eta emakumeak zain daude senargaiak noiz itzuliko, bisitaren irrikaz, gero eta gehiago luzatzen diren bisiten zain. Bitartean amona bainuetxera bidaltzen dute giltzurrunetako gaixotasun hori sendatzeko eta han ezagutuko du maitasuna, sekula santan askatuko ez duen harri hori.

Protagonistek ez dute izenik, amona, birramona, koinata, amonaren senarra, aitaren ama eta amaren amona aipatzen ditu narratzaileak. Hirugarren pertsonan ari da, amonaren istorioa kontatuz eta oso nahasgarri egiten da zenbaitetan pertsonak izendatzeko halako jokoen zale ez garenontzat.

Lerro artean beste gai bat mugitzen da erretenean behera, hain zuzen, artista eta ero bitasuna, izan ere, auzi hori mahai gainean jartzen du idazleak, hots, bizimodu artistikoa hautatzea erokeria den edo eroen eldarnio baten ondorio den. Musikariak eta poesia zaleak erotzat joko dituzte auzoek baina, badirudi, Milena Agusek auzia alde batera eraman nahi duela berariaz, izan ere, auzokoen epai horietan artisten erokeria baino auzokoen ezjakintasuna interpretatzen da aise.

Hori da finean Giltzurrun-harriak, kontrazalean irakur daitekeenez, milioi bat irakurletik gora txoratu duen liburua eta 26 hizkuntzetara itzuli dena. Egia esatera, irakurle hau gehiago txoratu da familia-loturak egiten liburuaren lilurak harrapatuta baino. Itzulpenari dagokionez, iruditzen zait lan txukuna egin duela Fernando Reyk, gainera hainbat espresio jatorrizko bertsioan utzi ditu, azpian azalpena emanez. Hautu hori, irakurketa traba badezake ere, egokia dela iruditzen zait, zenbaitetan errealismoa ematen baitio kontakizunari eta hartan sartzen laguntzen du.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak