« Euskararen naufragoak | Ilusioak eta etsipenak »
3 Mariak / Arantxa Urretabizkaia / Erein, 2010
Ez dok/n hiru Ainara Maia / Gara, 2011-01-21
Zer egin du bizitzak gurekin? Hori galdetuz batera itxi dut liburua, desilusio pittin batekin, nire oroitzapenak buruan eta urte berri honetako nire amets zahar berrituak eta asmo berriak buru-bihotzean. Zer egin du bizitzak nirekin? Zer egin iraganak harrapa ez nazan gutunak ireki ere egiten ez eta maitasunezko eskutitzek inor hunkitzen ez duten garaiotan?
Milurteko berrian bizitza berriari ekin diote gaztetako hiru lagunek, iraganeko promesari uko eginez, eta horregatik espero ez nuen amaiera aurkitu dut eleberriaren amaiera aldera. Izan ere, liburuaren azaleko izenburuari kasu eginez beste bukaera bat espero bainuen, eta halako sentikizun gazi-gozo bat utzi dit bihotzean. Liburuan itsasoa eta maitasuna sentitu ditut, biek erosionatzen dute gure arima triste itxaropentsua, tristuratik alaitasunera bide luzea baitago.
2000. urte berria atzoko etorkizuna bilakatuz jadanik gazte ez diren laurogei urteko gazteek bizitza berri bati ekiteko eskubidea aldarrikatzen dute: txikitako Txuri, Gorri eta Handi dira oraindik, eta bakoitzak bere bizitza egin duen arren, iraganeko oroitzapenen gainean aurrera segitu nahi dute orainean, atzoko etorkizunean. Ez dok hiru, baina ez da malefizio. Bi gabe ez dago hiru, baina bi badira behintzat, eta bizitzak bigarren aukerarik gutxitan ematen duelako, ematen duenean bi eskuekin fuerte kontu behar zaio, adinari erreparatu gabe, bizitza berri bati ekiteko erreparorik gabe.
Hendaia aldetik Hondarribian irudikatu dut liburuaren istorio xamur hunkigarri irakurterraza. Han garai batean denek ezagutzen zuten elkar ezizenarengatik, eta Hegaluxearen alargunak bizimodua aldatzen du bere txikitako lagun Gorri agertu ondoren. Elkarrekin bizitzen jartzen dira, eta hirugarren txikitako lagunaren bila hasten, Handiren bila, txikitan elkarrengandik banandu aurretik elkarri agindu ziotena gogoan: handitzean elkarrekin bizitzea.
Txikitan denok izaten baitugu, nik uste, desio hori handi izango garenerako: elkar maite dugunok elkarrekin segitzea. Ametsak beti amets, baina bizitza etengabeko galtzea, kentzea, erosionatzea, banantzea delako, bihotza hausten zaigu aita eta ama hiltzean, maitasunean nahiz adiskidetasunean ezetza jasotzean, esate baterako. Maitasunak ez baitu ezetzik onartzen.
Gezurtia da memoria, eta bihotz hauts egina alaitzeko pittin bat, oroitzapenak biltzen ditugu, lore lehorrak bailiran gure arima hornitzen. Hori esaten digu behintzat Txurik, hiru emakumeetako batek, narratzaile eta protagonistak, eta horregatik Gorrik oroitzapenak asmo berriengatik aldatu nahi ditu, atzokoa etorkizun bilakatu. Eta Handik beharbada Madrilgo zaharren egoitza dotore batetik gutun itxietan bidaltzen dizkie milurte berri honetako bere desioak txikitako bere bi lagunei. Zein desio ote dira? Urte berriko desioak ez omen dira inori kontatu behar betetzea nahi bada, eta horregatik Arantxa Urretabizkaiak eleberri bikain eta biribil honetako adiskideen istorio hau irekirik uzten du. Urte berriko desio eta amets horiek bete daitezen.
Urte berriko nire ametsak eta asmoak bete daitezen. Bizitza osoa aurrean dugula esan dit eleberriko protagonistak, eta orduan nire bihotzeko pertsona guztiez oroitu naiz, nahiz eta hitzez ez adierazi maite ditudala, nahiz eta lagun mina niri begietara begiratzearen beldur izan, nahiz eta bizitzak ni mututu. Ni beti ibili naiz lagunei ezinegonak aurrezten, askotan alferrikakoa baita emozioei hitzak jartzea, maitasunak sortzen dituen minak kontatzea. Niri ere erantzun aproposak gerora bururatzen zaizkit, beranduegi denean, baina pozten naiz besteen pozaz. Esan ohi da ezkontza eguna dela emakume baten egunik zoriontsuena, baina ez omen da egia. Egunik zoriontsuena etortzeko dago, gaurko eguna beti da atzoko etorkizuna, eta beraz, gu etorkizunean bizi gara, beti asmo berriak buruan oroitzapenak biltzen eskuetan.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro