kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Gizajendearen ahitzea / Pablo Sastre / Elkar, 2010

Gonbita, irakurtzera Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-01-02

Ezin konta ahala iturrik bihurtzen du ibai erreka. Halaxe Pablo Sastreren saiakera-liburuak, bai aurreko Gauzen presentzia, bai gaurko Gizajendearen ahitzea hau. Bere narraziogintzan ere, gustukoa du agerian uztea bere iturriak, eta ez erudizio-ariketa gisa, baizik eta, 2003an berak erran zuen bezala Eguzkipekoak-eko aitzin solasean, “azken batean, nire bizitza, hein handi batean, besteen bizitza baita”; bertze era batean ere irakur dezakeguna: alegia, bertzeek ere egin bainaute neu naizena.

159 fitxa bibliografiko —erran nahi baita, hitzez hitzezko edo zeharkako aipu zehatz— du 140 orrialdetako saiakera honek. Oker ez banabil neure kalkuluetan, 121 idazleren 128 liburu edo artikuluren berri ematen digu Pablo Sastrek. Eta berri ematen digula diot, nahita, zeren eta, liburua leitu ahala, ongi ere ongi konturatuko baita irakurlea zein gutxi duen pedantekeria sasi-akademikotik edo erudizio-erakuskeriatik horrelako janzkera intelektualak, eta zenbat duen, ordea, gonbitetik, irakurleari, iturrietara joatera, egilearen pentsamendu-ibaiari sakonera eman dioten urbegietara.

Gizajendearen ahitzea tituluak berak adierazten digu liburuaren filosofia, eta azpitituluak —Gizon-emakumeen sentimenduez hirugarren industria-iraultzaren garaian— zehazten du non ikustarazi nahi digun geure “ahitzea”. Gai anitz jorratu ditu Pablo Sastrek: gure gaurko munduko hiriak “lehen landa-aldea zena ere” irentsi du eta “ez du mugarik onartzen”, gure “sentimenduen espazioa” berrantolatuz; emakumeen arazoak betiko “gizonen eskualdea” bereganatzeko; haurrak haurtzarotik erbesteratu beharra, derrigorturiko eskola dela medio, non “haur asko, edo ez dira iristen, edo mortal aspertzen” diren, baina otso batzuk behiala zakurtu egin ziren bezala, horrelaxe bezatu behar euren burua gaur haurrek ere, nahiz eta nork bere burua, eta bada paradoxa, “jan-hondar batzuen truke” “betiko umezarora eta dependentziara kondenatu”, hots, haurtzarotik erbesteratu betiko umezaroan hersteko; lan egitea edo lana izatearen arteko talka; gaurko “ontsa hiltzeko bidea”, gorputzari dagokion baina gaixoaren kontzientziatik at gertatzea nahi duguna, halako moldez non azkenean “heriotza klandestinoki sartuko da(n) gelan” eta “kasu gehienetan pazienteak, azkenerako, ez du(en) jakiten bizirik edo hilik ote dagoen”; irudien nagusitasuna, errealitatearen mundua berrantolatzen diguna, noraino eta “begi modernoak ez du gehiago ikusten errealitatea besarkatuz, Begi modernoak errealitatea eskaneatu egiten du”, horraino; gaurko laguntza-sistemen ifrentzua, interes ekonomikoa alegia… Gai paradoxikoak, errotik aldatu direnak iraganeko historia osotik gaurko egoera berrirako bidean, gizajendea ahitzen eta haren sentimenduak berreratzen doan bide globalizatu honetan, zorion bila aitzakia betiere, baina norabide jakinean: denon “ezinegon eta noraez horiek guztiak, jendeen adimena eta bizi-ahalak oro, produkzioaren legeetara plegarazi, etekinaren arrazoietara erakarri nahi dira”.

Idazleak bere irakurketak gidari, baina pertsonaia batengan, Pedrorengan, haragiztatzen ditu tarteka-marteka hausnarketak, berauek esperientzia pertsonalekin lotzen dituela adierazi nahian. Izan ere, ongi barneratu eta digerituriko irakurketak dira eskaintzen dizkigunak, bere bizipenei buruzko gogoetekin kontrastaturikoak. Eta ohi duen idazkera atseginak —ezkorra izan arren— gonbit eskergarria egiten digu guk geuk ere igo gaitezen, geure esperientzia bizkar-zorroan, bere Nilo ibaiaren iturrietara, bere idazle gidariengana.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak