« Galtzaileen ilusioak | Musika »
Gizaki bakartiak / Beatrice Urruspil / Elkar, 2010
Bakardadeari buruz ahul Leire Lopez Lizuriaga / Berria, 2010-09-12
Gazteluma beka 2000. urtean jarri zuen abian Baionako Mattin megadendak, Elkar argitaletxearen eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin, Ipar Euskal Herriko idazle gazteek euskaraz idaztea sustatzeko. Hain zuzen ere, libururik argitaratuta ez zuten 30 urte baino gutxiagoko gazteei zuzenduta zegoen saria hasieran, eta 40 urte baino gutxiagoko ez hain gazteei orain. Diru laguntzaz gainera, Elkarren Gazteluma sailean liburua argitaratzea da bekaren saria. Orain arte lau liburu izan dira sarituak eta sail horretan argitaratuak; azkena, Beatrice Urruspilen Gizaki bakartiak. 2008ko deialdira aurkeztutako liburu proiektuarekin jaso zuen beka, eta aurtengo Sarako azokarako argitaratu diote ipuin bilduma.
Liburuaren izenburuak adierazten duen bezala, gizakien bakardadeari buruzko ipuinak idatzi ditu donapaleutarrak. Hamahiru ipuinotan, hainbat ikuspegitatik aztertu du bakardadea. Esate baterako, bilatua izan arren, arazoak sortzen dituen bakardadea, norbait ondoan ez izateak sortutakoa, handinahikeriak eragindakoa, gizarteak gaizki ikusitako gaixotasunak sortutakoa.
Horrenbestez, izenburuak berak erakusten digu liburuak zertaz jardungo duen, bigarren irakurketetarako aukerarik gabe. Antzeko zerbait gertatu zait ipuinekin. Bakardadearen ikuspegi topikoegiak azaleratzen dituela iruditu zait. Bakarrik egotea tristea da ia ipuin guztietan, bilatua denean ere. Tristezia hori ez da iradokitzen, adierazi egiten da, behin eta berriro. Beraz, idazleak muturreko egoerak sortu nahi dituen arren, irakurle honek ez du itolarririk sentitu liburua irakurtzerakoan, esatearen esateaz, tristeziak eta bakardadeak balio iradokitzailea galtzen baitute. Idazkera bera ere klixez beteta dagoela begitandu zait; liburuaren hasierako esaldi hau kasu: “Haren kurba liluragarriak miresten zituenean bere begiek dir-dir egiten zuten”.
Bakardadearen azterketa egiterakoan, nire ustez, gizarteak duen eragina ez da nahikoa ageri. Ipuinetako batean, badirudi hiesa izateagatik bere kideak baztertzen dituen gizartearen kritika egin nahi duela, baina hiesa duela dakien orok protagonista baztertzen duenez, irakurleak atera dezakeen ondorioa da horixe dela gauzarik normalena, eta, hortaz, kritika posiblea baliogabetzen da.
Oro har, pertsonaiak eta egoerak ez zaizkit sinesgarriak egin. Adibidez, Osinare ipuinean, bat-batean, pertsonaia bat oso zakarra izaten hasten da protagonistarekin, horretarako arrazoi argirik gabe. Ipuinaren amaieran, Lars von Trier-en film bateko egoera ia sinestezin horietako batean jartzen du, baina zuzendariak (batzuetan hobeto, besteetan eskasago) film osoa amaiera hori sinesgarri egitera bideratzen badu, ipuinean une horren aurretik gertatzen denak ez du egoera sinesten laguntzen. Gainera, amaieran, aita agertzen da, Deus ex Machina, neska salbatzera. Ipuin batzuetan, badirudi pertsonaiek ez dutela lanik egiten, esaterako, Katu beltzek ere amets egiten dute ipuinean. Gauez, katu beraren inguruan, egunak etxe barruan pertsianak jaitsita ematen dituzten bi pertsonak topo egitea ere ez zait oso sinesgarria egin ipuinean.
Elkarrizketak ere behartuegiak egin zaizkit. Errealitatean gutxitan entzungo ditugu horrelako elkarrizketak. Batzuetan, azalpen gehiegi ematen dituzte, informazioa beste era batera komunikatu beharrean.
Liburua ahula iruditu zait. Ez da erraza bakardadeari buruz idaztea; hainbeste aldiz idatzi da hari buruz, gaia nahiko topikoa da berez, eta iruditzen zait Urruspilek ez duela asmatu topikotasun horrekin hausten.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi