kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Galerna / Iratxe Esnaola / Elkar, 2010

Maitasun galerna Gema Lasarte / Argia, 2010-09-05

Egun batez, abuztuaren azken egunez, oporrak amaitzen diren eta berriro ere lanera bueltatzeko eguna heltzen den mugako egunean kokatu du bere lehen eleberria Esnaolak. Denbora mugakidea bada, espazioa ere halaxe da eleberri motz honetan, izan ere, espazio hertsian eta txikian garatzen baita eleberria: hotel bateko gelan maleta artean, ez leku batean, non hiriak ere izenik ez duen, SS. Kostaldeko hiri txikian. Gela horretan, batez ere, bi emakume kokatzen dira, bat leihotik kanpora itsasoari begira, bizitzari so eta bestea, ateari begira ateratzeko edo sartzeko prest.

Itsasoak, leihoak, maletak eta ateak eszenifikatzen dute Esnaolaren istorioa. Nora leiho ondoan, itsasoari begira dago; hoteleko zuzendariaren alaba, berriz, atearen ondoan, Sebastianen (Noraren senarra) zain, ihes egiteko prest. Bata bizitzari, heriotzari begira dago harremanen ezintasunean sinetsia. Senarra ustez maite du, baina senarra umezalea da, umeak maite ditu. Nora ederra da eta erakargarritasun sexual horretaz baliatzen da gauero gizon diferente batekin oheratzeko. Maitasun zurrunbilo horretan hoteleko zuzendaria itsuki maitemindu zaio eta harekin betirako geratzeko eskatzen dio. Harreman hauen guztien metafora eleberriari tentsio narratiboa ematen dion galerna da. Eta Norak leihotik begira dena ikusten du, galernaren etorrera, sentimenduen gezurra eta lehertzea.

Hoteleko zuzendariaren alaba nerabea, Lolita gisara aurkezten zaigu, ate ondoan, ezkonduta dagoen Sebastianekin ihes egiteko zain, eta sekulan bizi ez dituen bekatuzko harremanak izateko prest, baina eleberriaren bukaeran aitaren maitasun ezera makurtzen du bere diskurtso guztia. Bi emakumeek gidatzen dute sentimenduen baratze nahasia: botere rolak, generoa, fideltasun eza, ezkutuko edo zilegi ez diren harremanak ardatz tematiko dituztelarik. Eta eurekin dituzte existitzen ez diren senarrak, existitzen ez diren aitak eta emakumeen elkarren arteko betiko lehia.

Galernaren zain, leku ezin hertsiagoan, harreman sargoritsuen artean bi emakumeek elkarrekin hitz egiten dute ordea. Eta hortxe legoke eleberriaren inflexio gunea; horrek ematen dio bukaera eleberriari, maitasun erromantikotik atera eta familia tradizionala erabat kuestionatuz. Norak senarrarekin konpartitu behar zuen trenerako billetea hausten du eta bakarrik doa. Zuzendariaren alabak maletak desegiten ditu eta inoiz eduki ez duen aitarekin geratzea lehenesten du.

Gustura irakurtzen den nobela da Esnaolarena, baina nire irudirako elementu gehitxo daude hain motz tratatu ahal izateko. Izan ere, berekin dituen elementu eta gai interesgarriak gehixeago garatzeak ez ziokeen batere kalterik egingo maitasun galerna honi.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak