kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Ipuinak. Antologia bat / Iban Zaldua / Erein, 2010

Aukera aparta Iban Balerdi / Gara, 2010-08-27

Badira hogei urtetik gora idazle donostiarraren lanak argitaratzen hasi zirenetik. Geroztik hainbat liburu kaleratu ditu alor desberdinak landuz, hala nola ipuinak, eleberriak, saiakerak eta haur literatura. Halere, ipuingintza da urte hauetan guztietan gehien jorratu duena, esparru honetan euskal letren erreferenteetako bat bihurtzeraino, hainbat sari ere eskuratuz.

Ipuinak. Antologia bat azken hogei urteetako bere ipuinen hautaketa bat da. Bertan hogeita hamabost ale bildu ditu, horietatik lau gaztelaniatik lehen aldiz itzuliak. Gainera, antologia ixteko bi ale berri ere gehitu ditu, ipuingintzaren dodekalogo bat, eta atzeko azalean agertzen den azken tanta.

Autoreak berak sarrerakoan honakoa argitzen du: “Ipuinei ezarri diedan ordena ez da kronologikoa, baina ezta ausazkoa ere. […] Saltoka edo beste edozein ordenatan leitu daitezke ipuinok, beraz, nik neuk irakurri ditudan antologia gehienetan egin izan dudan bezalaxe”. Zalduak emandakoari jarraitu diot nik eta hastapeneko istorioetatik egiten du laburtasunaren eta zehaztasunaren defentsa, alegia, ipuinaren aldeko aldarria.

Hortik aurrera, eta batzuetan elkarren artean nahasten direlarik, esango nuke bizpahiru gai handiren inguruan dabilela gehienetan. Alde batetik, pertsonen arteko loturak egongo lirateke. Hemen sar daitezke familiak, jatorriak edota iraganak markatutako kontakizunak, esate baterako, Sofarena ironikoa, non ikusten baita gaztarora-edo lotzen gaituzten berezitasunak ezin ditugula aldendu. Kexatzen gara zerbaitez, baina aldi berean beharrezkoa dugu aurrera egiteko. Itzalak izenburuko ipuinean ere guztiak gaudela nolabait lotuta ikusi ahal da, eta arrazoi politiko edo ekonomikoen gainetik, giza harremanak direla lotura horien faktore nagusiak.

Beste aldetik, errealitatearen eta fikzioaren arteko eremu nahasgarrian kokatzen diren ipuinak topa ditzakegu. Aldatzen den gauza bakarra ederrean errealitatea fikzioari gailentzen zaio, eta Duvrescurena deiturikoan asmatzen dugun orok baduela bere benetako gertaera, beraz, ez dugula benetan ezer asmatzen, guk hala uste arren.

Azkenik, linealtasuna, monotonia edo egunerokotasuna dira ukitzen dituen beste kontzeptu batzuk, eta horiekin hausteko nahia edota beharra. Entropiarenan horrelakoetan haustura tarteen egokitasunaz dihardu, nahiz eta jakin gizakia ohiturei lotutakoa dela eta beharrezkoa duela linealtasun hori. Zen izenekoan, egunerokotasunean murgiltzean denboraren pertzepzioak nola egiten digun ihes kontatzen du, baita errealitatearenak ere.

Bukatze aldera, ezin aipatu gabe utzi Ipuin osoak irakurtzean sortzen den irribarrea. Antologia bat osatzeak, bizitzaren amaiera gertu dagoela pentsaraz dezake, zahartzaroarekin lotzen dugun kontzeptu bat bezala ikusten baita. Kasu honetan, ironiaz beteriko kontakizunean barre egiten dio ideia horri. Gainera, berak esana da baduela beste bi liburu sortzeko adina material. Ez da, beraz, ezeren bukaera, garaiz datorren atzera begirakoa baizik.

Oraingoz bere obra ezagutzen ez duenak bertara hurbiltzeko aukera bikaina du liburu honen bidez. Oso prezio duinean gainera, berau argitaratzeko erabilitako poltsiko-formatuari esker. Ez dago aitzakiarik.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak