« Literatura duinaren bilaketan | Familiaren ohorea »
Haragizko amoreak / Omar Nabarro / Susa, 2010
Haragiaren deia etsia Ainara Maia / Gara, 2010-08-06
“Esaiezu erleei bizitza erlea bezalakoa dela; maitasuna lorea bezalakoa. Zenbat lore, hainbat maitasun”. Itsasoaren aurrean hori iradoki dit poema-liburuaren amaieran Omar Nabarro poetak, eta esan dit testamentu bizi gisa erleei esateko Omar Nabarro hil dela.
Kabroi galanta Omar hori! Edorta Jimenez irakaslearen anaia bikia dirudi argazkian, eta puta laztana goxoki bota didalarik, arima mindu dit ene haragi minbera urratuz. Poema-liburuaren hasieran haragialde eta lurralde miragarria hitzeman dit, bideak eta mapak erakutsiz, haragizko geografia irakatsiz, eta sagarraren debekuaz gaindi jauzi egitera gonbidatuz.
Min hartu dut, sasietan erori bainaiz, eta, poetaren hitzak irakurri ahala den-denak ikusi ditut sagarrez gain: gereziak, okaranak… eta azken irria maite galduaren ezpainetan, agurraren besarkada oiartzun belarrietan, malko gaziak irrist ene begietan, eztia eta bizia zainetan barna.
Kabroi galanta Omar hori! Zikin kuttuna irakurri dut, eta oroitu naiz gaur goizean berean odol arrastoak zeudela izara zurietan. Haragizko amoreak irakurri dut liburuaren azalean, eta amore eman dut, etsi dut jada amodiozko bideetan. Niri ere min eman baitzidan Lancre edo abade inkisidore hark lamien eta sorginen lurraldean, sorgindu/ maitemindu eta gero eta maitasun inkondizionala hitzeman ondoren duela ia bost urte; galdu nintzen. Duela lau mende Graziana eta bertze aunitz debekuaz gaindi, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik ibiltzeagatik, sagarrak janez, galdu ziren bezala, ni ere maitemintzeagatik kondenatu nintzela oroitarazi dit poetak.
Duyuspik? Edo vulevu? Kontuz eskuak! Wonderbrarik ez darabilt, baina behin elkarrekin egin genuen lo, eta larrua jo eta gero elkar besarkaturik je t’aime, behar zaitut, maitea esan nion lehenengoz. Nik ez baitut sexua maitasunik gabe ulertzen, eta oraindik nire bakardadean kili-kiliak sentitzen ditut. Oroimenak niri ere huts egiten ez badit, larre zabaleko sabai batean izan zen, udazkenez, eta mundua gelditzea besterik ez nuen nahi une hartan harekin besarkaturik betiko gelditzeko.
Baina munduak biraka segitu zuen. Biraka segitzen du, eta igarotakoa soseguz begiratzeko eskatu dit Omar Nabarro kabroi jatorrak. Ikas dezagun bizitza nola badoan eta ez gauden elkarri esku hartuta.
Eta azkenean mintza gaitezen, eta teknologia berrien errepasoa egin. Oraindik nire telefono-agendan daukat haren telefonoa, baina ez dit deitzen. Deituko al diot?
Miraria gertatu da liburuaren amaiera aldean: ipuinetako Marierrauskinen gisa berean, baina kristalezko zapatarik gabe, oinak zauriturik nago. Ez dago printze azulik neure ondoan, ez eta begi azulik ere, baina niri hotzak eta faltsuak iruditu izan zaizkit beti begi azulak, eta begi marroi horiez oroitu naiz. Iraila zen, udaren azkena, duela ia urtebete. Eta bion haragia hain zen geurea! “Ez zaitut maite” “maite zaitut” lehenengoz esatea baino askoz ere zailagoa da; baina beharbada maite dut eta nire arima bikia da.
Kabroi maitagarria Omar Nabarro! Usainak ekarri dizkit berriro eta gomuten bidea ireki. Horrela nola ahaztu eta bizitzen segi? Poetaren hiria setiaturik dago, zainetako murailetan burdinazko gerlariek setiatu baitute, eta hiria uzteko aholkatu dio poetari medikuak, amore emateko, haragizko grinetan betiko ez galtzearren.
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza