kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Deception Island / Xabier Artola / Alberdania, 2010

Bukatu eta hasi Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2010-06-27

Aurten Alberdania argitaletxeak plazaratu ditu Kutxa Fundazioak antolatzen dituen Donostia Hiria sariak irabazi dituzten lanak, hau da, Xabier Artolaren Deception Island ipuina eta Mattin Irigoienen Jendeen jende antzezlana. Zail egiten zait ulertzea nolako argitalpen eta zabalpena izaten duten Euskal Herrian antolatzen diren literatura sariak irabazi dituzten lanek. Bi aukera daude (gutxienez) lan horiek horrela tratatzeko. Edo ez dira nahikoa onak, eta, hortaz, ez dute ezer hoberik merezi, edo onak dira, baina lehiaketak antolatzen dituztenei ez zaie gehiegi axola haiekin gertatzen dena. Gaizto jarrita, aukera biak betetzea ere izan daiteke, baina gu ez gara bereziki gaiztoak, eta lan bat saritzeko diru publikoa gastatu bada, gutxieneko batzuk betetzen dituelako dela sinetsi nahi dugu. Dena dela, kasu batean zein bestean, ez da erraza sariak antolatzen dituzten erakundeen jarrera justifikatzea. Egoera hori izanik, poztekoa da Artolaren ipuinak argitalpen eta banaketa egokia eduki izana. Ea beste lan batzuek ere bide bera hartzen duten; bestela, baliozko zenbait lan misterio bihur daitezke haien atzetik ez dabiltzan irakurleentzat, Joxean Agirreren Elgeta jarri dezakegu horren adibide bezala. Xabier Artola bera Julene Azpeitia, Augustin Zubikarai, Gabriel Aresti eta Tene Mujika lehiaketetan saritu dute.

Gatozen liburura, baina, zorionez ez baitu zailtasun handirik izan liburu-dendetarako bidea egiteko. “Deus ez omen da amaitzen, nork bere barruan hala sentitzen duen arte”. Esaldi horrekin hasten da liburua, eta irakurriko dugunari buruzko pista nahiko ematen dizkigu; izan ere, azkenera iristen ari den harreman baten istorioa kontatzen du Deception Island ipuinak, azkenera iristen ari da bikotekideetako batek hala sentitzen duelako, baina egoeragatik ere, bietako bat, Asier, K-2 mendian baitago hilzorian. Ane neska-lagunaren ikuspegitik kontatuta dago ipuina, eta lan egiten duen ospitaletik haren osasun-laguntzaz arduratzen den bitartean, bien arteko harremanari buruz egiten dituen gogoetak irakurriko ditugu. Hirugarren pertsonaia nagusi bat ere badu liburuak, Karlos, Aneren mutil-lagun ohia, liburuaren lehen esaldiari buelta eman eta “edozeren amaierak beste zerbaiten hasiera dakar beti” esateko aukera emango diona. Istorio nagusiarekin batera, umetan telebistan ikusitako irudi dramatiko batek berarengan izandako eraginaren kontakizuna ere irakurriko dugu.

Ipuinean ondo lotuta daude gertatzen ari denaren kontakizuna eta Aneren gogoetak, baita unean bizi duenaren eta txikia zenean heriotzarekin izandako lehen enkontru telebisatuaren kontakizuna ere; modu naturalean txandakatzen dira egoera bati eta besteari buruzko pentsamenduak. Bigarren pertsona erabili du egileak Aneren burutik pasatzen dena kontatzeko, eta horrek laguntzen du istoriotik urruntasun apur bat sortzen, dramatikotasun negartian ez erortzen. Ez horrek bakarrik, Aneren eta Asierren arteko distantzia fisikoa baino psikologikoagoa baita dagoeneko. Dena dela, iruditu zait heriotzaren eta harremanen inguruan idatzitakoak topikoegiak direla kasu batzuetan, esate baterako, esaldi honetan: “Heriotza besteri gertatzen zaion zerbait izatetik norberari suerta dakiokeen aukera, arrisku bihurtzen denean, bizitza bera beste modu batez ikusten hasten gara”.

Dirudienez, ipuinen bilduma bat prestatzen ari da Artola. Gustura irakurriko dugu, kontatzen behintzat badakiela erakusten du-eta ipuin honetan.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak