« Beti eder ez dena | Esporen biluztasuna »
Konpromisoa / Sergei Dovlatov (Iker Sancho) / Hiria, 2008
Konpromisoa Iban Zaldua / El País, 2010-05-03
Horixe da Sergei Dovlatoven liburuaren izenburua; joan den urtean argitaratu zen euskaraz, baina ez du inolako iruzkinik izan gure prentsan, nik dakidala (Kritiken Hemerotekak ez du halakoren berririk ematen behintzat). Auskalo zerekin duen horrek zer ikusia: euskaldunok itzulpenei diegun balizko alergiarekin, edo Hiria argitaletxearen ikusezintasunarekin (zeina, dena aitortu behar bada, gogoz irabazi baitu: liburuen itxura itsusia da, garestiak dira, eta dendetan lortzeko zailak). Edonola ere, lan hori ahazmenetik berreskuratzeko nire aletxoa jarri nahi nuke zutabe honekin.
Dovlatov (Ufa, 1941-New York 1990) idazle errusiarrak erbestean garatu behar izan zuen bere obra, nagusiki: haren ipuin batzuk han-hemenka agertu baziren ere (gehienetan samizdat moduan, hots, autoedizio klandestinoetan), zentsura sobietarrak ez zion libururik argitaratzen utzi, eta moldiztegitik ateratzen ikusi zituen hamaika liburuak AEBtan kaleratu behar izan zituen (hara emigratu zuen 1979an; lan hau 1981ean argitaratu zuen lehenengoz).
Konpromisoa da nik irakurri diodan onena; gaztelaniaz beste lau kaleratu dira. Liburuaren egitura sinplea da: hamabi atal, hots, hamabi konpromiso, eta bakoitzaren hasieran Dovlatovek berak erredaktatutako albiste bat, Estoniako errepublika sobietarrean kazetari lanean ibili zen garaietakoak (1973-76), eta, halako bakoitzaren ostean, atzean dagoen “benetako” istorioa, “konpromiso” izendapenaren ironia salatzen duena. Tallinn-eko laurehun milagarren biztanle jaio berri “egokia” aurkitzeko kazetariak egin behar dituen komeriak. Behi bat jezten errekorra lortu duen kolkhoztarrak Brejnev burkideari idatzitako telegrama (faltsua), eta buruzagiaren erantzuna (faltsua ere, jakina). Nazien kontzentrazio eremuetan preso egondako beteranoen bilkuraren inguruko albiste hunkigarria, zeinean, zer esanik ez, ez baita aipatzen guztiak gulagetik ere pasatuak direla. Eta abar.
Hori guztia estilo zuzen eta (itxuraz) sinple batekin kontatzen digu Dovlatovek, esaldi laburrekin, elkarrizketa pasarte biziak txertatuz, eta aforismora hurbiltzen diren hausnarketak tartekatuz; Iker Sancho itzultzailearen lana, alde horretatik, bikaina iruditu zait (lastima argitaletxearen utzikeriak tipografia akats dezente eragin izana).
Zaila da zein generotan kokatzen den ebaztea: ipuin liburu bat dirudi, baina pertsonaien eta episodio zenbaiten errepikapenek nobelaren alorrera hurbiltzen dute areago. Bestalde, albisteak benetan argitaratu baziren ere, eta narratzailea, egilea bezala, Dovlatov deitzen den arren, ezin da oroitzapen liburu soiltzat hartu, errekreazio literariotzat baizik, fikziotik ere baduena: itzultzaileak “autobiografia faltsua” izendatzen du, hots, “autofikzioa”, egungo egile batek edo bestek horren gauza “berritzaile” gisa saldu nahi digun horixe hain zuzen ere…
Edonola ere, darion umorea da liburuaren ezaugarri nagusia: ironiaren erabilera etengabea da, behin baino gehiagotan sarkasmoaren mugetan, eta absurdoaren literaturara hurbilduz beste batzuetan. Umore inteligente eta pikaresko horrek, dena dela, ez digu aurrezten tristuraren labankada, liburua alde guztietatik blaitzen duena, vodkarekin batera: sermoirik eta moralkeriarik gabe, erregimen autoritario baten peko bizitzaren grisa ozen salatzen du Konpromisoak.
Eta, bide batez, laguntzen digu ulertzen nola izan zen posible “sozialismo errealaren” bat-bateko erorketa hura, laurogeiko hamarkadaren amaieran: ez zegoen sistemaren gezurra sinesterik jada. Dovlatovek, bere “konpromisoen” bitartez, ederki erakusten digu hori, soilik idazle handiek lortu ahal duten moduan.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro