kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Far Westeko Euskal Herria / Asun Garikano / Pamiela, 2009

Bertze Euskal Herriak Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-04-11

Jakina da Euskal Herriak jasandako emigrazioaren odolustea XVI. mendetik aitzina. Bereziki gordina XIX. mendekoa eta XX.eko lehen erdialdekoa. Are gordinago eta luzeagoa landa giroan gehien iraun zuten eskualdeetakoa: Iparraldekoa, Arabakoa eta Nafarroa Garaikoa. Mereziko luke ikerketa sakon eta orokorra, soziologiko, ekonomiko, politiko eta kulturala. Asun Garikanoren hasierako asmoa hainbertzerainokoa izan gabe, liburu honetan eman diguna baino zabalagoa zen: “Euskal emigrazioak utzitako ondare idatzia izan zen lan honen lehenengo asmoa […] Mexikoko idazkietatik Patagoniako edo Australiakoetara pasatuz”. Gehiegi, inondik ere, ikerle bakarrarentzat, eta murriztu egin zuen helburua: Far Westeko Euskal Herria eman digu, AEBetako Urre Zoramenaren garaietatik XX. mende erdialdera arte.

Izpiritu dibulgatzaileaz idatzi du, kazetari on batek esku arteko materialei eman diezaiekeen giza kutsuarekin, eta iturri anitz erabiliz: “Gehienak bertsoak edo prentsako artikuluak ziren. Azken hauek California’ko Eskual Herria-tik edota Eskualduna-tik hartuak batik bat […]. Bestalde, ingelesezkoen artean batzuk egile ezagunenak ziren, baina beste batzuk bitxi bakanagoak: CBSko [Renoko unibertsitateko Center for Basque Studies] artxiboetan topatutako gutunak, egunkari-zatiak, txartelak, narrazio pertsonalak… Gogoan izan behar da […] ohitura bilakatu dela AEBetan […] ondorengoentzako narrazio autobiografikoak idaztea eta testigantzaren kopia bat […] unibertsitatearen baitan uztea”. Lekukotzak estatistikoki testuinguratze aldera, ez die muzin egin AEBetako etorkinen erregistroetatik lorgarri eta interpretagarri izan dituen datuei.

Narrazio biribila lortu du Asun Garikanok, testigantza ugariak bizipen ardatzaren inguruan sailkatuz. Lehen atalean, bidaiak eta helmugan topaturiko ilusio eta zailtasunak kontatzen dizkigu. Bigarrenean, emigrazioaren arrazoien testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturalak; Europako Euskal Herriko ikuspegi moral eta sentimentalei buruzko sarrera polita egiten du, elizgizon, jauntxo eta euskaltzaleen kezkei buruzkoa, horiek guztiek deus ere egiten ez zuten bitartean odolustearen iturriak ixteko: arrazoi ekonomikoak jotzen ditu emigrazioaren eragile nagusitzat, maiorazkoaren zama barne; ez ditu ahazten hain familiarrak diren bertze eragile batzuk: hala nola aurretik hara joandako senide edo auzoen deia, soldaduska eta gerretatik ihesi nahia, “inadaptatuak, zitalak, abenturazaleak” ere kontuan hartuz, edo “kapelaz jantzitako amerikanoaren bisita”. Mundu Berriko bizimoduak, gizonezkoen zein emakumezkoenak, meatzeetan hasieran, artzaintzan gehien bat, euskal ostalaritzan, XIX. mendeko Far West hartako bortxazko giroan, muturreko ezaugarri klimatikoetako naturak eskaintzen dituen lehorte, izozte, fauna eta bakardadearen aurrean aurkezten dizkigu atalik luzeena den hirugarrenean. Euskal Herri zaharrera itzuli zirenen sentimenduak, pozezko eta frustraziokoak, laugarren atalean ikertu ostean, zergatik gelditu ote ziren AEBetan gelditu zirenak, eta nola joan ziren bertakotzen, berauek eta seme-alabak, baita hirugarren belaunaldiko hainbatengana helduriko euskal kulturaren oihartzuna ere aurkezten digu azken atalean.

Iturri zuzenak hain giro familiartekoak direnez, eta “Mundu Berriko” bizimoduen kontu gogorrei muzin egin ez dien arren, ezin dugu ahaztu askoz gehiago direla deus ere inoiz kontatu ez nahi edo ezin zutenak. Samurtxoa, agian, koadroa? Edonola ere, lan biziki interesgarria, gure diasporarenganako zorraz ohartzeko.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak