kritiken hemeroteka

8.630 kritika

« | »

Arimen maisua / Irene Nemirovski (Mikel Garmendia) / Alberdania, 2009

Gordin-gordin Leire Zubeldia / Gara, 2010-02-26

Interes handiz irakurri dut Arimen maisua eleberriko gibel solasa. Olivier Philipponnat eta Patrick Lienhardt Irene Nemirovskiren biografoek esku artean dugun eleberri hau egilearen literaturan kokatzen laguntzen dute. Arimen maisua liburuan agertzen diren ezaugarriak jatorri ukrainarreko idazlearen obraren ezaugarriak dira.

Eleberri gatazkatsua da hau: gatazkak hasieratik amaierara arte irauten du. Gordina da istorioa eta gordinak dira bertako pertsonaiak ere, beraien ezaugarri on eta txarrekin. Batez ere protagonista: Dario Asfar. Jatorri italiar eta greziarreko judua da. 1920. urtean Frantziako Niza hirira iristen da. Lanbidez mediku izatea baliatuko du Dariok gizarte frantziarrean integratzeko eta emazte zein seme jaioberriaren gosea asetzeko. Ez zaio erraza suertatuko garaiko gizarte klasistan gora egitea. Baina edozertarako prest egongo da. Frantses burges baten maitaleari abortatzen lagundu ondoren, goi mailako jendartearekin lehenengo harremanak izango ditu. Bere atzerritartasuna, ordea, oztopo izango da burgesen konfiantza eskuratzeko garaian. Azkenean, Nizatik Parisera aldatuko du bizilekua, Wardes gizon aberatsaren arrastoaren atzetik. Psikoanalisia puri-purian zegoen garaian, orduko medikuek kritikatuko duten sasi-metodo bat asmatuko du Dariok. Insomnioak jota eta eromenaren ertzean aurkitzen den Wardes jaunarekin jarriko du praktikan. Tratamenduaren emaitza bikainek bezero burgesak erakarriko ditu Asfar doktorearen bulegora.

Lortu du: Frantziako klase burgesean integratu eta pertsona aberatsen pare biziko dira asfartarrak. Atzerritar mediku bat izatetik “arimen maisua” izatera iritsiko da. Helmuga horretara iristeko bere burua saltzen du, ordea, bai pertsona, bai mediku bezala. Baina horrek zoriona bermatuko al dio Dariori? Goi mailara igotzeko erabili dituen baliabideak zilegi al dira? Estatus sozioekonomikoa aldatzea badago, baina odola eta jatorria ez. Mamu horiek etengabe jarraituko diote Asfar doktoreari, eta bere arrakasta baldintzatuta egongo da une oro. Hortik istorioak sorrarazten duen sentsazio gatazkatsua.

Dario Asfar da eleberri honetako protagonista. Wardes jauna, berriz, antagonista. Biak mutur banatan daude, baina elkar-elikatzen dira: Asfar doktorea bezeroaren arimaren jabea da, eta honen eskuetan dago gizon akituaren buruko osasuna; aldi berean, Wardes jaunak emango dizkio Asfarri burges bizitzari eusteko beharrezko sostengu ekonomikoa eta prestigioa.

Baina bai batak, bai besteak gabeziak dituzte. Oreka falta zaie biei; eta gatazka, berriz, soberan dute. Pertsonaia sinesgarriak dira, bakoitzak biografia osatu bat darama atzean, eta irakurlea jabetzen da horretaz. Joko psikologikoz betetako nobela da.

Nemirovskiren beraren kasuan ere, Frantzian jaioa izan arren eta klase burgeseko familia batean hazi bazen ere, gurasoak atzerrikoak eta juduak ziren. Gertutik ezagutu zituen Asfar eta Wardes pertsonaien errepresentazio errealak.

Nobela ederra da zinez. Irakurlea tentsioan mantentzen duen horietakoa, orriak azkar pasaraziz, nobelaren gordintasuna azalean sentituz. Niri iruditu zait, “Arimen maisua” Irene Nemirovski bera dela.

Azken kritikak

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak