kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Amorruaren ume / Jim Thompson (Miel Anjel Elustondo) / Igela, 2009

Amorru gosez Mikel Ayerbe / Berria, 2010-02-21

Eleberri deritzon literatur generoaren barruan, nobela beltza izango da agian nortasun handiena duen azpigeneroa. Hastapenetan, AEB-ko Black Mask pulp aldizkarian eta Frantziako Serie Noire (Sail beltza) bilduman kaleratzen ziren lanak bigarren mailako literaturatzat jotzen baziren ere, Raymond Chandlerren The Simple Art of Murder (1950) saiakerak ederki islatu zuen nobela beltza literatura egiteko modu zehatz bat zela, bere lege eta arauekin. Horrela, azpigenero honetako goi-mailako idazle aitzindarien artean, hiru izen gailentzen dira: Dashiell Hammet, Raymond Chandler eta Jim Thompson. Nahiz eta Amorruaren ume liburuaren hitzaurrean egileaz esaten den bezala, “askorentzat Hammet eta Chandlerren parean jartzeko modukoa den idazle honek ez zuen izan haiek bezalako suerterik”.

Amorruaren ume liburua, ordea, ez da nobela beltza ezagun egin duten polizia edo hilketa-eleberri bat. Izatekotan, nobela beltzak izan duen garapenaren adibide litzateke. Thompsonen hogeita bederatzi nobelako ibilbideko azken nobelatzat jotzen den lan honek nobela beltzaren generoko ezaugarriak izan arren, haiengandik ere bereizi egiten baita. Hain zuzen, Allen Smith nobelako protagonista, detektibe izan gabe, badelako bai kriminal, bai biktima eta baita bere inguru hurbileneko epaile eta diktadore ere. Lehen pertsonan emango du kontakizuna eta, ohi bezala, protagonista muturreko antiheroi bat da: ama zuriaren seme beltz umezurtza, bere ingurua mespretxatu eta mendeku gosez bizi den animalia, besteen zoritxarra eragin eta horrekin zoriona lortzen duen gizatxarra. Allen Smithen hitzak dira: “putasemeetan putasemeena nintzen” eta “nahiago nukeen biztanleria guztiak ipurtzulo bat bakarra edukiko balu, hura behin izorratu eta nire lana bukatu, jendea banaka-banaka izorratzen ibili ordez”.

Mary eta Allen Smith ama-semeak apartamentu berri batera mudatzen direnean eta Allenek institutuan izena ematen duenean hasten da kontakizuna. Hortik aurrera, arazoak bata bestearen atzetik: amarekin betidanik, Velie zuzendariarekin eta ikaskide beltzekin institutu berrian, Blair sarjentuarekin, eta finean, arazoak parean egokitzen zaion edonorekin. Eta arazoak ez dira nolanahikoak: arrazakeria, intzestu kasuak, sexu-abusuak, nahigabeko hilketa bat, xantaiak eta iruzurrak, gehiegikeriak…

Irakurleari tu egiten dion liburua baita Amorruaren ume. Gogorra da, gordina eta garratza: sexu eszena perbertsoak, biolentzia, protagonistaren erabateko zinismoz eta umore eskatologikodun irainez gainezka egiten duena… Baina, era berean, biribila ere bada: ekintza guztiek baitute hala nolako arrazoibidea, umetako traumak daudelako gertaera askoren atzean, adibidez, eta egileak gertaerak ulertzeko arrastoak liburuan bertan barreiatzen dituelako.

Dena den, horrelakoetan gertatzen den bezala, muturreko egoerek distantzia markatzen dute sarritan liburuaren eta irakurlearen artean. Bortitza da, bortitzegia beharbada, eta bortitzegi izate horrek irakurlearen inplikazioari kalte egin diezaioke. Edo justu kontrakoa, ia guztia politikoki zuzena den garaiotan, inon kontatzen ez direnak kontatzen direlako, irakurleak erakarpena senti dezake.

Azkenik, aipagarria da Igelako Sail Beltzak duen itzulpen irizpideen koherentzia, besteak beste, jada Jim Thompsonen bost liburu daudelako euskarara itzulita, tartean 1280 arima lan ezaguna. Bestalde, Miel Anjel Elustondo itzultzailearen lana ere nabarmentzekoa da. Thompsonen Hiltzailea nire baitan itzuli ondoren, orain Amorruaren ume itzuli du, eta ahalegin horren erakusle besterik ez da liburuko hizkera mota bereziak itzultzeko eginiko aukera.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak