kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Zelebrezko tropa / Askoren artean (Miren Arratibel) / Alberdania, 2009

Zaharra zinen Donostia Beñat Sarasola / Berria, 2010-01-31

Alberdania argitaletxeak badauka sail xume bat, Bertako izenekoa, liburu aski bereziak publikatzen dituena. Sail honetan, tokian tokiko bitxikeriak, bazterreko lanak eta enparauak aurkitzen ahal ditugu, eta agian horregatik jaramon gutxi egiten zaio medioetan. Orain arteko ale gehienak Donostiarekin loturikoak izan dira, bai eta azkenekoa ere, gaur iruzkintzen dudan Zelebrezko tropa. Donostia zaharreko donostiar xelebreak, Gipuzkoako hiriburuko kontuak ditu oinarri; duela urtetakoak, hori bai.

Lau idazle donostiarren —Calei-Cale, Siro Alkain, Dunixi eta J.M Arozamena— idazkien antologia da liburua, eta azpitituluan irakurri dezakegun moduan, Donostia zaharreko —XIX. mendetik XX. mende erdialdera arte— istorio eta pertsonaia xelebreei buruzko testuak biltzen ditu. Donostiaren historia handian topatuko ez ditugun gauzak dira, honenbestez, eta hedaduraz edo, idazleok ere euskal literaturaren historia handian nekez aurkituko ditugunak dira. Haatik, honek ez du esan nahi txikikeria eta kaskarkeriaz ondutako liburua dela; kontrara, interes biziz irakurtzen den liburua da, oro har kontu ezezagunak diren ugari aurkezten dituelako, eta garaiko kale eta herri giroa ezin hobeki deskribatzen dituelako. Horri guztiari Miren Arratibelen itzulpen lan bikaina gehitzen badiogu —testu gehienak euskaratuak baitira—, eta irakurlearen Donostiaren historiarekiko balizko interesa, bere xumetasunean liburu ederra dela baieztatuko dugu.

Zati handiena hartzen dutenak Calei-Cale eta Dunixiren idazkiak dira, eta horiek dira halaber, nire irudiko, testu kitzikagarrienak. Calei-Calek eskaintzen dizkigu tropa xelebreko kide gehienak: Brokolo, Caracas, Martzial Zikin, Brakaman eta abar. Bilintx ere hor azaltzen zaigu. Edozein momentutan Mikel Peruarenaren Ez obeditu inori nobelako Sotero Mujika protagonista irten zitekeela iruditu zait, hain zuzen ere nobela horretan agertzen den testuinguru bera azaltzen zaigulako: bertsolariak, sagardotegiak, toreatzaileak, arrantzaleak, parrandazaleak eta alprojak oro har. Dunixik, ostera, Donostiak urteekin jasandako aldaketen inguruko pentsakizun orokorragoak egiten ditu, zeinak, Ales Bengoetxea hitzaurregileak dioen gisan, herriminez jositakoak baitira. Bere liburuaren izenburua ere halakoxea da: Mi pueblo ayer. Txikitan ikusi eta entzundakoak berreskuratzen saiatzen da autorea, Donostia zaharra azaleratzeko intentzioz. XX. mendeko 30. hamarkadan idatzitakoak direla kontuan izanik, grazia egiten du orainetik begiratuta ordurako nola zegoen barreiatua gaur egun donostiar askoren buruan hain zabaldua dagoen iritzi hori; alegia, modernitatearen izenean Donostia zaharreko nortasuna-edo galtzen ari delakoa. Dunixik esaten dituen gauza asko ere premonitoriotzat har litezke gainera: “Baina asmoak badabiltza, denok dakigunez, Urgull mendia behar baino gehiago ukitzeko; badabiltza bertan eskua ezarri nahirik, agian gehiegitxo, bere zailtasunak leuntzeko, igobideak zabaldu eta kamio egiteko, hitz batean, mendia kale bihurtzeko”.

Ez da ariketa txarra, izatez, testu hauetatik abiatuta egun dugun Donostiaren eta munduaren gainean hausnartzekoa. Izan ere, garai batean sokamuturra baldin bazen debekatu zena (ondorengo matxinada sonatua eraginez), gaur egun zezenketak dira debekatu nahi direnak. Duela ehun urte Xomorrostro eta konpainia baldin baziren begi ertzaz begiratuak, egun Parte Zaharreko magrebtarrak dira berdin so egiten ditugunak. Denboraren igarotzeak egin du Xomorrostro pertsonaia sinpatiko gisa azaltzea orain gure begietara.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak