kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Izan bainintzen Nafarroako errege / Aingeru Epaltza / Elkar, 2009

Borboikoen Nafarroa Beherea Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-01-17

Bi urte eta erdi falta duela Nafarroa Garaiko konkistaren borzgarren mendeurrena gogoan bereziki errotzeko, lan batzuk atera dira dagoeneko nik gehien ezagutzen ditudan arloetan, historiografian eta eleberrigintzan alegia. Horien artean, bi nabarmenduko nituzke indar handiz oraingoz. Bata, Pedro Esarteren historia-liburu mardula (2001), erdaraz, eta bertzea Aingeru Epaltzaren eleberri-trilogia, Erresuma eta Fedea. Elkarrekin pareka ezinak, ez bada bakoitzak bere generoan lorturiko mailan.

Burutu gabe du oraindik Epaltzak berea, esku artean dudan nobela, eta Izan bainintzen Nafarroako errege, bigarren alea da. Berripaper honetan ez —artean oraindik ez nengoen kritiko literarioarena egiten honetan—, baina bai Berria.info-ko bloguneko nire txokoan, iruzkin bat egin nion lehen aleari, Mailuaren odola izenekoari. Guztiz positiboa, hura. Bigarren ale honek jarraitzen du gordetzen harako hartan aipatu nituen meritu literarioak: sakon azterturiko giro, gertaera eta pertsonaia historikoak oinarritzat hartu, bai, baina eraikuntza narratibo sortzailea, azpigenero historikotik haratagoko benetako sormen-lana, autore-narrazio bat lortu duelakoan nago berriro ere.

Bigarren honetan, XVI. mendeko hirugarren laurdenean kokatzen gaitu egileak: Joana III.aren azken urteetan eta haren eta Borboiko Antonioren seme Enrike III.aren garaietan; Enrike III.a Frantziako liskar erlijioso-politikoetan guztiz murgildurik. Ia eleberri osoa Parisen gertatzen da, Nafarroako Enrike hara ezkondurik Frantziako Karlos IX.aren arreba Margaritarekin: San Bartolome Gaueko kalbinisten triskantza, katolikoek eginda ezkontzaren aste berean, higanoten matxinada saioak eta Hiru Enrikeen Gerra erlijioso-dinastikoaren hasieran. Nafarroako Enrike, eztei egunetik urrezko kaiolan bahitu baten antzera biziko da Parisen, hango katolikoei saltsa loditzera beharturik kalbinisten kontra, eta Nafarroaz praktikan guztiz ahantzirik.

Honaino, den-dena maisuki kontaturik Joannes Mailu narratzailearen ahotik, nobela historiko bikain baten gisara; baina hara non, une batetik aurrera eleberri sortzailearen fikzio-ahalmena pizten da, narrazioaren interesa eta suspensea bizkortuz alde batetik, eta bertzetik errekurtso guztiz egokia izanen zaiona egileari, irakurleari aukera emate aldera Nafarroako Enrikeren joko bikoitzaren eta garaiko mentalitatean sartzeko: Enrikeren balizko barne kontraerranetan sartzeko, orobat Nafarroako errege kalbinista eta Frantzia katolikoko erregegai den aldetik. Erran nahi dut, gaurtik Nafarroarekiko traidore gisa ikus badezakegu ere Borboiko Enrike, Frantziarekiko interesak nagusitu zitzaizkion heinean, halarik ere sinesgarria dela, guztiz, bere kontzientziaren txoko batean Nafarroari zor zion leialtasun hondarren bat gordetzea; areago, konturaturik ere erreinu txikiarekiko loturak gero eta gehiago ahultzen zitzaizkiola realpolitik hartan, sinesgarria da justifikatu nahi izatea nolabait bere joko frantses hura Nafarroaren onuraren izenean. Bada, ustekabeko baina arras emankor den izkinatxo literario bat egin du Epaltzak, Enrikeren balizko nafar kontzientzia-hondar haren isla bihurtzeko Joannes Mailu: pertsonaia historikoaren baitan ez, baina fikziozko pertsonaiaren barnean galanki saia daiteke idazlea kontraerran haietaz hausnartzen, traizio/leialtasun dialektika hutsean erori gabe, historia zuzenki faltsutu behar gabe.

Kriptiko samarra, ote, ene azken ohar hori? Agian, baina gonbidapena da, aldi berean, irakurleak bere kabuz ikus dezan zer lortu duen Epaltzak izkinatxo horrekin.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak