kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Iratzeen esporak / Igor Estankona / Susa, 2009

Lauza berriak bide zaharretan Beñat Sarasola / Berria, 2010-01-03

Igor Estankona (Artea, 1977), nire irudiko, bere belaunaldiko poeta aipagarrienen artean kokatzen da, eta orain arteko ibilbidean Tundra poema liburuarekin joa zuen goia. Harrezkero zazpi urte pasata, eta tartean sariketa baterako aurkeztutako (eta irabazitako) Ehiza eta nekea-ren ostean, liburu berria atera du, eta, horrenbestez, urteko gertaldi poetiko garrantzitsuenetakoa gauzatu.

Estankonaren poesia moldea oinarrian aski lirikoa da; amodiozkoak dira poema ugari, eta bigarren pertsonan edo zu bati idatzitakoak. Poesia mota honen ezaugarriak izan ohi dira bat-batekotasuna eta berehalakotasuna, baina hain zuzen ere horretatik aldentzen da Estankona, idazkera aski pertsonal eta berezia sortuz. Helduleku gutxi uzten dizkio irakurleari poema zehazki interpretatzeko, eta gehiago sortzen du halako giro poetiko lauso samar bat. Cesar Vallejo-k Trilce liburuan egin zuen legez, badirudi erreferentzia pertsonaletatik abiatzen dela sarritan, baina irakurleari erreferentziok ezkutatzen zaizkionez ezinezkoa suertatzen da berehalakoan poema hitzez hitz eta arazki jarraitzea. Estankonaren balizko kriptikotasunak, hala, ez du zerikusirik hizkuntzaren erabilera aldrebesarekin edo baliabide abangoardistekin. Unibertso pertsonal horren agerpen eta desagerpenean, adierazte eta ezkutatzean, datza haren poesiaren konplexutasuna. Gainera, azpimarratzekoa da lerro bakoitza ondo lantzeko eta irudi poetiko ederrak sortzeko beti erakutsi izan duen abilezia, liburu berrian ere falta ez dena: “Arbola altuek azken izarrak eman dituzte”.

Ezaugarri horiek bere ibilbide orokorrari badagozkio ere, Iratzeen esporak berritasunak dakartza. Narratibotasun markatuagoa dute poemek, eta horietako zenbaitek espazio edo gertakari bat —eta haren garapena— deskribatzen dute. Horrekin loturik, erreferentzia konkretuak azaltzen dira maiz, aurreko liburuetan nekez topatzen ahal zirenak, eta poema ulertzea errazagoa delako ilusioa eragiten dute. Esan beharra dago, ostera, aipamen horiek azaltzen direnetan ere, idazlearen bereizgarri den esanahi lausotasun hori mantentzen dela (Ahotsa galdu zuten mendian, esaterako) sarri askotan.

Liburuan molde askotako poemak aurkituko ditu irakurleak. Aurreko poemategietan lasai asko egon zitezkeen aleetatik (Basa ahatea, Madamoiselle) Tortura Espainiako erreinuan bezalako poema bereziraino. Hori guztia poetaren bide berriak jorratzeko borondatearekin lot daiteke seguruenik, eta azken emaitzari, arestian esan bezala, aberastasuna eta konplexutasuna atxikitzen dio. Niri bereziki atentzioa eman didate poema-uholde gisa idatziak daudenak (Azulak gauean eta Giharren bitseraino, bi aipatzearren). Puntuazio gutxirekin, errepikapenak baliatuz eta energia biziz osatzen dira poema hauek, eta liburuak eskaintzen dituen berritasunen artean hauxe iruditzen zait azpimarragarriena. Ahots goran irakurrita joko handia ematen duten aleak dira, halaber, eta Estankonak errezitaldiak egin izan dituela kontuan izanik, ikusi beharko da poema berri hauekin ere halakoak antolatzeko intentziorik duen, hala izanez gero agendan apuntatu beharko dute-eta poesia zaleek.

Poetaren barne emaria gorde eta aldi berean eraldatzen duen liburua dugu honako hau, beraz. Lehenagotik ezagun zitzaiguna hemen ere antzemango dugu. Poema hauek Igor Estankonak idatziak direla ohartzeko ez dira ale asko irakurri behar. Era berean, ordea, liburuari aire freskoa sumatzen zaio, energia berri bat, azken emaitza aberasteaz gain etorkizunerako bide berriak iradokitzen dituena.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak