kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Jaiotze markak / Nancy Huston (Iñigo Errasti) / Alberdania, 2009

Historiaren zama Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2009-12-20

Nancy Huston (Kanada, 1953) literatur-teoria zein soziologiaren inguruko hainbat saiakeraren egilea da, eta idazle bezala kontsakratu duten hamabi eleberrik —frantsesez eta ingelesez idatziak—, osatzen dute bere ibilbide literarioaren lekukotasuna. Horien artean, Birth marks (2006) jatorrizko izenburuaz ezagutzen den eleberria dugu, Femina Saria jaso zuena, eta gaur egun euskaraz irakurtzeko aukera duguna, Alberdaniak argitaratu duen Iñigo Errastiren itzulpenari esker.

Jaiotze markak izenburuaz euskaratu den eleberri honetan, azken urteotan literaturari batere arrotza ez zaion memoria historikoari loturiko aztarnak agerikoak dira. Horren froga, liburuaren amaieran eskaintzen den egile beraren oharra eta zenbait informazio iturriren aipamena dugu. Beraz, ene ustez, fikzioa garatzeko gertakari historiko bat eszenatoki gisa aukeratu izanak bilakatzen du eleberri hau xamurra bezain latza.

Idazlearen beste eleberri batzuetan bezalaxe —The mark of the angel (2009)— umeak dira istorioaren kontalari, eta horrek gaineratzen dio gerra garaiko mundu baten tratamenduari nolabaiteko xamurtasuna. Izan ere, gertatzen dena ulertu nahian dabiltzala, haurren pentsamenduak eta sentimenduak imitatzen saiatzen den erregistroaz baliatuz, haien begiradatik abiatuz, inguratzen dituen mundua —etxe barrukoa zein kanpokoa— eta orduko gizartearen egoera transmititzen zaigu. Lau narraziotan banatua, horietako bakoitza ume baten ahotsaz kontatutako diskurtsoak osatzen du; Sol, Randall, Sadie eta Kristina familia bereko lau belaunaldi, jaiotzetiko orban batek lotzen dituena. Solekin 2004ko Kalifornian hasi, eta 1944ko Kristinaren haurtzaroko Alemaniara eramaten gaitu beraz, orainetik lehenera, historiak orainean duen pisuaz jabetzeko, atzera jotzearen beharra azpimarratu nahi duen teknika gisa erabilia.

Baina esan bezala, umeen mundua da protagonista, gerraren testuinguruari inozentzia kutsua txertatu nahiko balio bezala baina, sinetsi daiteke haur baten inozentzian, errudunez mintzatzeko gaitasuna bereganatu duenean? Hemen biltzen da eleberriaren izenburuaren funtsa. Jaiotze markak, historiaren balio eta botere determinatzailea azpimarratzen du; haurtzaroan bizi izandako iritzi zein testuinguru politikoen inpaktuak gure etorkizuneko jarrera politikoa baldintzatzen du. Hemen, Bigarren Mundu Gerraz dihardu baina, ez al da herrialde honetan ere jaiotze markak delakoaz mintzatzerik? Badakizue zertaz ari naizen.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak