kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Bilbao-New York-Bilbao / Kirmen Uribe / Elkar, 2008

Idaztankerak, pentsakerak Iratxe Retolaza / Berria, 2009-11-01

Zutabeotan tradizioaren, kanonaren eta eredu literarioen inguruan ari ginela heldu zen Bilbao-New York-Bilbao nobelak jasotako sariaren albistea. Diotenez, kanon berri baten eredu. Ezustekoa hartu nuen. Ezusteko hori areagotu egin zen euskal literaturaren esparruko hainbat kideren ahotik antzeko adierazpenak entzundakoan: “Poztekoa da euskal nobela/idazle bat saritzea”. Ezustekoa kezka bihurtu zen. Poztekoa al da euskarazko liburu bat saritzea, edozein izanik haren ekarpena?

Kezkatzen nau euskal kritikagintzak diskurtso kritiko propioa sortzeko duen ahuleziak, eta kanpoko instituzio eta eragile literarioek euskal liburuen gaineko diskurtsoak sortzeko duten indarrak. Badakit kulturen arteko hartu-emana ezinbestekoa dela, baina euskal literaturan harreman hori desorekatua dela iruditzen zait, eta desoreka hori handituz doala.

Kezkatzen nau Bilbao-New York-Bilbao nobelan irudikatzen den pentsamoldeak eta mundu ikuskerak, haren ikuspegi onberak eta globalizatzaileak.

Batetik, zoriaren aldeko hautua egin da nobelan, eta pertsonaiek ez dute harturiko hautuen aurrean erantzukizunik agertzen. Badirudi testuinguruak bultzatu egiten dituela pertsonaiak, eta bihotza dela horretarako akuilu nagusi. Baina bihotza onberatasunari baino ez zaio lotzen, ez dago kontraesanik edota maleziarik, eta are gutxiago gorrotorik, inbidiarik edo halakorik. Onberatasuna da pertsonaia guztien ezaugarri nagusia, eta nobela osoa estaltzen duen onberatasun horretan zail egiten zait distantzia ironikorik antzematea. Autobiografiaren kutsua hartu diot, idazlearen ohar koadernoaren traza, edota euskaldun onaren tratatuaren itxura.

Bestetik, mundu ikuskera globalizatzaile eta tradizionala da nagusi: familiaren instituzio tradizionalari oso lotua (aitatasunez aitatasun kontatua), geografia politikoak berdintzen dituena (ez da hierarkiarik herri eta herritarren artean, ez botere-harremanik), nazioartean ezagun egin diren artista euskaldunen eskutik egiten du bidea pertsonaia idazleak (nolabait, kulturaren nazioartekotze horren aldarria eginez).

Kezkatzen nau, bide horretatik, Bilbao-New York-Bilbao nobelan irudikatzen den euskal kulturaren eta jendartearen irudiak: heldugabea, txikia, onbera eta xaloa. Ezbairik gabe, kanpo begirada batek egoki jasoko duena, kultura bitxi eta berexi bezala irudikatua den neurrian, exotiko. Susmoa dut irudi horren mesederako idatzi ohi direla hainbat lan literario (oharkabean bada ere), eta ez kulturak bizi gaitzan, edo kulturak egin gaitzan.

Kezkatzen nau Bilbao-New York-Bilbao kultur eredu bihurtzeak.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak