kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Erretzaileen eremua / Jon Alonso / Susa, 2006

Erretzaileen eremua Patxi Iturregi / Beterriko Liburua, 2007-04

Ni bezalako berrogei urtetik gorako erretzaileak zein erretzaile ohiak bazarete, gozagarria irudituko zaizue Jon Alonsoren azkeneko liburua. Azaleko argazki zuri-beltzekotik hasita —Soyer anaiak zigarreta bana eskuan—, iragan denborako aire-bafada epel ustela baitakar erre-usain mikatzarekin nahastua. Izan ere, tabakoarekin batera zenbat amets, zenbat itxaropen eta zenbat asmo on ez ote zaizkigu erre azken berrogei urteotan?

Gaztaroan gogoko genituen utopiaren txinparta eta dirdira, erraza irizten genion mundua aldatzeko langintzari. Ducados bat piztu eta, atxiki sakona kendu bitartean, Humphrey Bogart bezain limurtzaileak izan ahal ginela uste genuen, edo “Che” Gevara bezain iraultzaileak, edo Julio Cortazar bezain idazle engaiatu eta aurrerakoiak. Orain, ordea, zer geratzen zaigu kiribil urdinen arteko ameskeria haietatik guztietatik? Onenean, atzamar horiak eta zikinez beteriko irribarre itsusia ezpainez ezpain; txarrenean, tumoreak, bronkiopatiak, gaixotasun koronarioren bat… Gainera, garai batean askatasun ezaugarria zena orain bizio gaitzesgarri bilakatu zaigu, eta lehengo ameslariok baztertu eta jazarriak bizi gara, gero eta eremu estuago eta itxiagoetan pipatzera kondenatuak.

Konparazioekin jarraituz, Alonsoren liburuak dakartzan hamahiru ipuin laburrek ere —dozena bat orrialde asko jota— gaizki aireztatutako ostatu-gela ziztrinen antza osoa dute. Behintzat, zoko usain ikaragarria sumatzen da haien barruan, eulitzar gogaikarriak han-hemenka, eta litografia ilunak hormetako paper urratuaren gainean. Eskegita ageri diren irudi hits horietako batzuk alegorikoak dira: “Etxe erosia”, “Liderra”, “Zamaria”, “Errealitate aldakorraren ezpalak”, “Le bon sauvage”… eta beste batzuk, berriz, ohiko bizitza arruntaren barneko patiora ematen duten leihaxka meharrak: “Izeba Matilde”, “Eulia azaroan”, “Hasperen lumadunak”…

Gaiak askotarikoak iruditu arren, badaude motibo batzuk orririk orri errepikatu egiten direnak: militantzia, konpromisoa, koherentzia, hipokresia, traizioa, iruzurra… dena ederki kontatua, esperientziaz dakienaren ironia, eszeptizismo eta etsipen puntuarekin. Nabarmena da ipuin gehienek eskaintzen diguten ikuskera etikoa.

Egileak jende xehearen eguneroko ahalegina erakutsi nahi izan digu, heroi txikien ausardia eta militante grisen duintasunezko bizitza, hitz batean: gure artean etengabe gertatu izan diren mikrohistoria ezkutu eta triste horietako batzuk. Niri, ezinbestez, Smoke filmeko Auggie Wren (Harvey Keitel) erretzaile porrokatu hura ekarri dit gogora eta Brooklyngo kale-kantoi hari behin eta berriz ateratako argazkiaren kontu obsesiboa, pelikula hartan ere era guztietako zokoratu eta galtzaileak ageri baitziren, baita txokor-saltzaile azkar ustekoak ere. Baina hau ez da Brooklyn, eta gurean jazotakoak, bere gordinean, ez du zerikusirik itsasoz bestaldeko gorabehera ezin samurragoekin.

Utopien gau luzearen ondoren, gainezka ditugu hautsontzi guztiak eta gaizki itzalitako zigarrokinen usaina nonahi. Baina liburuko pertsonaia batek dioen bezala, “aleak merezi izan du hainbeste lasto”, eta ez nadin gehiago luzatu, zeren inoiz erretzailea izan denak badaki zertaz ari naizen.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak