kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Erlojugilea / Asier Serrano / Txalaparta, 2009

Zapata, oinaren neurriko Ion Olano / Gara, 2009-08-14

Ondo gogoan dut Anjel Lertxundiri entzun niola lehen aldiz esaldi hori, behin baino gehiagotan entzun edo irakurri izan diodala, eta esaldia gero eta funtsezkoagoa iruditzen zaidala: “zapata, oinaren neurriko”. Gogoan dut, halaber, idazketari aplikatzen ziola esaldi hori Lertxundik, edozein esparrutarako balio badu ere. Nik ere literaturaz hitz egiteko baliatu nahi dut esaldia, izan ere, Asier Serranori (Eibar, 1975) irakurtzen diodan bigarren liburua da Erlojugilea, argitara ekarri duen azkena, eta esango nuke oraingoan neurriko zapataz jantzi duela idazleak kontakizuna. Mugalariko orriotan iruzkindu nuen Serranoren beste lanean, Picassoren zaldia (Elkar, 2007) poema liburuan, inpresioa izan nuen idazleak ez zuela asmatu idazlanari tamaina egokia ematen, eta hala, arrastaka joan nintzen irakurketan. Azken eleberri honekin, ordea, arreta piztu eta ziztu bizian joan naiz kontakizunari segika, hasi eta buka.

Erlojugilea, eleberriari izenburua ematen dion pertsonaia, izenik ezagutzen ez diogun langile begibakarra da. Bizitzak eta bizimoduak erabat akituta daukate, baina bereziki iraganak, galdutako arrasto mataza horrek. Estatu kolpea eman zuenez geroztik, lehen jenerala zen gobernadoreak gobernatzen du garun itxurako Estatua. Erlojugilearen egunerokoa lanaren, zurrutaren, eta prostituta baten laztanen gainean doa irristaka, harik eta, halako batean, goizean esnatu eta jendea erabat geldirik eta zurrun gelditu dela ikusten duen arte. Denbora gelditu da gizaki guztientzat, beretzat izan ezik. Zakurrak alderrai doaz kaletik, eguzkia sartu eta irten egiten da, euria axolagabe erortzen da gizaki manikien gainean, protagonistak “X segundoa” izenez bataiatu duen egoeran. Orduan hasiko da erlojugilea iraganaren mataza nahasian hariak ukitzen, galdera zaharrei hautsa kentzen, eta berriei erantzuna bilatzen.

Protagonistaren deskribapena apenas egiten badu ere, bera da hobekien marraztuta dagoena. Langile begibakar bakarti eta mozkortia pixkanaka ezagutzen goaz, eta ematen du aspaldiko ezaguna dela, betidanik liburuak habitatu izan dituzten pertsonaia horietako bat. Eleberria hirugarren pertsonan eta iraganean kontatua dago, eta erlojugileak idatzitako eguneroko baten pasarteak ere irakurtzen ditugu, “X segundoa” gertatu ondorengo ibilerak kontatzen dituena. Hala, abenturazko eleberriaren osagaiak ditu Serranoren kontakizunak, eta niri behintzat, aspaldi egindako ameskeriak berriz gogora ekartzeko balio izan dit. Izan ere, nork ez du fantasiarik egin inoiz ikusezina izatearekin, edo denbora gelditzearekin?

Gorago esan dudanez, aurrekoan nahastuta utzi ninduen zalditik jaitsi, eta zapata egokiz jantzita darama Serranok kontakizuna, itxura denez berritzailea edo birtuosoa izateko asmorik gabe, prosa zaindua eta hizkera txukuna erabiliz. Egia da tarteka harri txintxarren bat sartu zaidala zapatan, izan ere, adjektibo gehiegi pilatzen zaizkidanean gogaitzen naiz. Baina dena den, txintxar txikiak izan dira eta irakurketan zehar gutxitan okertu dut muturra. “Hire bidea ez baduk hik aukeratu duana, beti ibiliko haiz nora ezean” esaldia gogoratzen du erlojugileak pasarte batean. Puntu horretara iritsita, esango nuke “nola egin aurrera?” dela interesa zaigun galdera, hain zuzen ere, eleberriak lantzen duena. Nik argi daukat erantzuna: Lertxundiri entzundako esaldia lepoan hartu, eta segi aurrera.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak