kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Postkronikak / Alberto Barandiaran / Elkar, 2009

Oroimena biziaraztea ahanzturako aringarria ote Mikel Asurmendi / Irunero, 2009-08

Ibilitako bideak berribiltzeko asmoz ekin zion orain parte bat urte Postkronikak liburua idazteari Alberto Barandiaran kazetariak. Historia hauetako batzuk Euskaldunon Egunkariako garaikoak dira, eta bestetzuk Berrian agertuak. Bost erreportajeek eman zuten gertakari haien berri, baina ez osotoro. Izan ere, testu bat —artikulu bat, liburu bat…— ez da inoiz bukatzen guztiz. Beti dago zer berritua, zer hobetua. Areago idatzitakoa gertakari errealetan idatzia bada. Idatzitakoa hobetzeko ordea, ibilitako bideak berribili eta gertatu zirenak berbizi behar ditu testu egileak.

Halaxe egin du kazetari honek. Dokumentazioz eta argazkiz betetako karpeta zaharrak ireki, berrikusi, berrirakurri, eta gertakari haiez galdezka hasi da berriz ere. Galdera asko geratu zitzaion erantzun gabe. Orain, ekinaren poderioz, temaz eta ausardiaz jokatuz, galdera batzuek argibide berriak jaso dituzte. Beste batzuek ez dute sekula ezer berririk jasoko. Halere, bila eta bila aritu da kazetaria, horixe du halabeharra eta zoria. Liburua ahalegin obsesiboaren emaitza da —halaxe gaztigatu digu egileak sarreran—, gertatua osatu ezin izanaren kronika da.

Horiek horrela lerroz lerro segitu dugu bere periploa. Hasi baina, hurbilenetik hasi ere, Jesus Ulaiarren garaia delakotik. Nork bere obsesioak ditu, eta iruzkingile honek bereak. 1979ko urtarrileko gertakaria da, 2004ko urtarrilean “berbizitua”. ETAk hil zuen Jesus Ulaiarri —Etxarri-Aranazen hil eta hogeitabost urteetara— egindako omenaldiaren karietara. Euskal gatazkaren hogeitabost urteko bilakabidearen kronika zolia da. Kronika zoliak Sakana haraneko —gertakariaren inguruko— isiltasunarekin kontrastatzen du.

Madrilgo kazetaria delakoaren bidez, haran sakonagoetan egin dugu aurrera. Euskal gatazkaren bide ozenagoetan, zeharka bada ere. Gatazkak dimentsio unibertsala hartu du, globala. Bortizkeriaren izaria handiagoa da, baita kazetariaren ausardia eta grina ere. Madril berunezkoa deskribatu digu kazetariak.

Lutxen argazkia zuri-beltzezko kronika da arras. 60 urte atzera egin dugu. Ziraukiko pentze gorrietatik —Parisko karriketan barna— Auschiwitzeko landetako zurira: beltza zuriaren gainean nagusitu da. Latza da —gure— historia. Eta berau ezagutarazi ez izanak are lazgarriagoa bihurtu du, hutsuneak eta izuak sorrarazi ditu gure memorian. Kronikak gertakariko protagonista Higinia Luz Goñi Aiestarani merezitako argi errainuak eskaini dizkio.

Nicolasaren gurutzea kronikak Agirrezabalaga Amutxastegiren bizitza laburra apur bat gehiago argitu du. Ahalkea sorrarazten duen gertakari latza, 1937tik 1942ra bitartekoa. Latza da. Hunkigarria. Lazgarria. Ahalkegarria… Elkartasunaren kronika da. Gurmensindo Lizarrakoa kaputxinoak solidaritatearen medaila merezi du, Nicolasaren medaila, hots. Nicolasa ondorengoengan bizirik dago Gurmensindoari eskerrak, eta Barandiaran kazetariari esker neurri batean.

Cordobako senidea kronikak kontinente zaharretik berrira eraman gaitu. Argentinan dabil berriz ere kazetaria, Buenos Airesen nahiz Cordoban. Hamarkada luzea pasa da han ibili zenetik. Ez zaigu ahaztu liburuaren xendetan eraman gaitu berriz ere kronika egileak.

Liburuaren lehen hiru kroniketan kazetariak egindako bidaia labirintikoa da. Oroimena beruna bezalakoa da, grisa, astuna, sorgorra. Gertakarien inguruko pertsonekin harremanetan sartu, komunikazioa landu, eta isilean geratu ziren pasadizoen eta ikuspuntuen lerro berriak trazatu ditu kazetariak. Batzuetan etsi behar izan du, bestetan, argi errainu berriak zabaldu izanak sosegatu du. Eguneroko mintzamoldea eta idazkuntza landuz, kronika idazlea bilakatu da Alberto Barandiaran kazetaria. Kazetariak ez zuen gertatua ahaztu, ezta gertakarien ingurukoek ere ez. Gertakariak ez dira sekula ahanzten. Haatik hobeto ezagutzeak eztitzen du oroimena. Komunikazioaren nolakotasunak determinatu(ko) du gertakariaren ahanzturarako data. Oroimena biziaraztea ahanzturako aringarria ote.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak