« Gerraz eta oroimenaz | Mundu erori hau »
Lubakia / Andrei Platonov (Iker Sancho) / Alberdania-Elkar, 2009
Iraultza, bai, eta gero zer? Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-07-26
Bi kritika frontetan dihardu Andrei Platonovek Lubakia eleberri honetan. Bata, mintzo arrunten erranahi arloan: hitz guztiek, elkarri ulertuko badiogu, kontzeptuen fosilizazio halako bat ekartzen dute, dela kontzeptu abstraktuena (zeinetan, dinamikagoak, labainkorragoak direnez, nabarmenagoa den fosilizazio hori), dela kontzeptu konkretuena (objektuen izenetan, adibidez). Bigarren frontea, Platonovek bizi zuen munduaren arloan: sobietar iraultzaren lehen hamarkadetako urrats sigi-sagatsuetan, utopia iraultzailearen agindu eta promesak politika ildo zehatzetan gauzatuz joan zirenean, fosilduz ere nola edo hala. Hala, bere estilo literarioa bihurritzera jo zuen, ogiari ogi eta ardoari ardo bertzerik gabe deitzeari uko eginez, etengabeko itzulinguruetan mugituz, baita objektu arruntenen izenen atzetik ere zer dagoen bila. Eta, iraultzari dagokionez, bere ikuspegi kritikoa ez da izanen iraultzaren etsai batena, bizitzari berari zentzua aurkitu nahiko liokeen batena baizik, iraultzarekiko fededunen barne-barneko erraietatik sortua.
Platonov 18 urtetako gazte zela gertatu zen 1917ko iraultza, langileen familia bateko kume, eta bera ere langile 15 urte bete zuenetik. Ikasketak iraultzak berrantolatu/inprobisaturiko instituzio akademikoetan egin zituen, eta erregimen berriko teknikari gisa ibili zen gero, nekazaritza arloko proiektuetan. Barne-barnetik ezagutu zuen zer distantzia dagoen utopia iraultzaile eta iraultzaren gauzapenen artean. Eta horretan datza bere kritika: ez iraultzaren promesen aurka, iraultzaren errealitatearen aurka baizik; erran daiteke iraultzarekin sinetsi nahi zuela, baina ezin, eta horrek eraman zuela bere literatura berezira, absurdoaren literaturara, giza izaerarekin berarekin federik gabeko fikzioak eraikitzera, umore surrealista falta ez duten giro onirikoetan mugiaraziz bere pertsonaiak. Protagonista anitz ditu nobela honek, baina Vostxov da Platonoven kezka sakonak haragiztatzen dituena, eta honela dio fede iraultzaileaz pasarte batean: “Jada ez zekien [Voltxovek] komunismoa mundu honetan non ager zitekeen, aurretik haurtzaroaren sentimenduan eta itsu-itsu sinesten duenaren zirraran ez badago”. Alta, Voltxovek, langile brigada batekoa, lanean dihardu, arduradunen erranetara bertze guztiak bezala, harreman onetan guztiekin, nahiz eta, hori bai, bere barnean biltzeko joerari behin eta berriz men eginez, bere gogoetetan, bizitzaren erranahiaz hausnartuz.
Kolkhozen kolektibizazioak eta kulaken aurkako sarraskiak ditugu narrazioaren eguratsa. Horretan, pertsonaia asko, egoera anitz, naturaren, herriaren, eguraldiaren deskripzio ugari, elkarrizketa eta bakarrizketak, errealismo sozialistaren parametroetatik guztiz urrun bere baliabideetan, beti ere fedea eta ezintasuna pare-parean eta aurrez aurre jartzen, fedea eta asmoak suertatuz, noski, galtzaile, giza izaeraren ondorioz. Stalinen debekua jasan zuen laster Platonovek SESBn argitaratzeko, baina obra batzuk munduratzea eta arrakasta lortu zuen mendebaldean. Behin baino gehiagotan irakurri beharrekoa dugu Lubakia, eta benetan merezi duela ikusiko du literatura onaren zaleak.
Iker Sancho eslaviar filologian adituak eskaini digu neke handiak eskatu dizkion euskarapen hau, harritzekoa ez delarik pasarte batzuetan bertze orrazkera bat behar izatea euskarazko testuak. Errusieratik itzulitako bigarren lana da Sanchoren hau, eta biziro eskertzekoa da bere lehenean (2008) agindu ziguna: “Aurrerantzean […], beste errusiar egile batzuen lanak itzultzen saiatzeko asmoa daukagula”.
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi