« Erlazio afektiboez | Literatur fosilak »
Musu truk / Galo Martinez de la Pera / Alberdania, 2009
Tesia gorabehera Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-05-17
Irakurle honen perbertsioetako bat, saiakera kontuetan, egilearen tesiak berak baino gehiago, ideien garapenaren edertasunak, eraikuntzak, sen estetiko eta literarioak, artifizioak hitz batean, eragiten diola da. Zer erranik ez, tesiarekin batere ados ez egonik ere, tesiaren zailtasunek, haren sinesgarritasunaren inguruko zalantzek, tesiak sor dezakeen harridurak berak, eramaten dutenean eraikuntzaren artifizio ederrera, berau apaindura hutsa izan gabe. Musu truk saiakera honen kasua, hain zuzen, ene ustez.
Xalo-xaloa, tesia. Eta ez preseski ETAri eskatzen dionarengatik, armak musu truk eta negoziaziorik gabe uztea alegia. Horren atzetik teorizazio oso bat dago, Euskal Herriari buruz, gizarte osoari buruz, estatuari buruz, politikari buruz, ideologiei buruz, nazionalismoari buruz, euskarari buruz, mintzo-komunitateari buruz… Ez dakit ETAri eskainitako irtenbidea aitzakia hutsa izan den tesia azaltzeko, edo ETAren kalezuloak berak bultzatu duen egilea hura eraikitzera. Nolanahi ere, teorizazioari deritzot xaloegia, ez “musu truk” eskaerari berari. Akrazia eta mistizismo profetiko batez oratu du tesiaren zimentarri intelektuala. Estatua, politika bera, ideologiak guztiak, nazionalismoa… errotik arbuiatzen ditu. Eskema eta diagrama zehatzak aurkezten ditu ohiko kontzeptu horien kateadurak azalduz, eta bertze kateadura alternatiboak, oso paraleloak, proposatuz. Kontua da estatu gabeko, politikaren kontrako, ideologiaren aurkako eta nazionalismoa bertan behera utzi nahi duen alternatiba horrek bertze estatu bat (Errepublika federala), bertze politika bat (herri-hitzarmena), bertze ideologia bat (herrimina) eta bertze nazionalismo mota bat (hizkuntzazkoa) suposatzen duela azken finean.
Lanaren estimagarritasuna alde formaletan datza bereziki. Narraturiko elkarrizketa bat da liburua. Bi pertsonaia: Ibiltari, Gorbeia aldera ihes egina, Zarathustra baten antzekoa, tesiaren predikaria; eta Blas Aginako, elkarrizketaren narratzailea, Ibiltariren lagun leiala baina eszeptikoa, profetari arrazoizko oztopoak eta zailtasunak aurkezten dizkiona, zirikatu ere maiz, eta solasa aurrera joan ahala maisuaren aldarte gora-beherak irakurleari komunikatzen dizkiona. Liburuaren egilea bera dugu, bistan dena, bi pertsonaiengan zatikaturik: Ibiltari utopiko eta irudimentsua batetik, arrazionalistago baina bere arrazoiarekin ere eszeptikoa den kazetaria bertzetik.
Nietzscheri oso irakurketa bihurriak (bidenabar erranen dut) egiten dizkion Zarathustra honek argi du mezua, baina profeten artean Jeremias agonikoa du gogokoena: hitz ezberdinetan, sarri errepikatzen du “iraungi-data bekokietan idatzita daramagu euskaldunok” bezalako ideia; beti ere agoniaren aldarrikapenak bultzatuko duelakoan “hitzarmenaren jaia”, salbatzailea, egitera, pailazoak eta euren istorioak (“barkamenaren bozkarioa” islatzen duten mito berriak, ideologien ordezkoak) gidari, monitore; hitzarmenaren sinbolo sakratua guztiz biblikoa da, ikusten denez: euskal hiritarren kutxaren gainean mendikoen kriseilua (presoen kriseilua) jarri behar, bata bertzeari itsatsi behar, ETA eta mintzo-komunitate arteko itunaren sinbolo salbatzaile gisa… Horrelako adibideekin, bistan dena, irudimentsua den heinean da kitzikagarria liburua.
Tesiak sortzen duen harridurari egokitua, baiki, lanaren eraikuntza: Ibiltarirekin sinetsi nahi du Galo Martinez de la Perak, baina Blas Aginakoren bidez sinestezintasunaren aitorpena eskaintzen dio irakurleari. Gogoko utopiaren aurrez aurre, arrazoiez beteriko eszeptizismoa.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi