kritiken hemeroteka

8.747 kritika

« | »

Habitat / Katixa Agirre / Elkar, 2009

Bizilekua gatazka eremu Mikel Ayerbe / Berria, 2009-04-12

Idazle gazteentzako X. Igartza bekaren irabazle izan ostean, Katixa Agirrek Habitat bigarren ipuin-liburua atera du. Proiektu beretik sortutako sei ipuin luzek osatzen dute bilduma eta izenburuak aurreratu bezala, bizilekuaren gaiak lotzen ditu ipuinak euren artean. Etxebizitzarena egungo gure gizarteko arazoetako bat izanik, esan daiteke aukeratutako gaiak baduela halako kutsu oportunista, baina egilearen asmoetako bat egungo garaiei lotutako literatur lana eskaintzea izan den neurrian, ezin bestela izan. Gaurkotasuna helburu izanik, gaurkotasunetik abiatu behar.

Esan bezala, sei narrazioetan etxeak berebiziko garrantzia du. Liburua zabaltzen duen ipuinean bi lagun min aspaldiko partez bietako baten etxean berriro elkartu eta hala-moduzko “Pijama festa” bateko protagonista izango dira. “Guy Fawkes-en traizioa” bigarren narrazioan Terry txikiak amaren etxea utzi eta aita eta bere maitalearen etxe txikiegian pasa beharko du arratsaldea, aitaren maitalearekin, noski. Aldiz, “Jaun eta jabe” narrazio luzeenean Goio eta Garazik hiria utzi eta herritxo bateko etxearen jabetzari egin beharko diote aurre, eta bereziki, bertako bizilagunei. “Bere loa arina da” ipuineko Agate protagonistaren etxean lapurretan egin dute bera lo zegoen bitartean eta orain ezin du gaua bakarrik pasa, amonaren etxean babesa bilatuz. “Hosting” narrazioan, Josuk bi lagunekin konpartitzen duen etxean bakarrik gelditu behar du Gabonetan, lana dela medio. Ezustean garai bateko etxekidearen bisita izango du, eta gaztetako mamuak ere berriro bueltan agertuko zaizkio. “Feng Shui-aren errua” azken ipuinean, Ana etxe saltzaileak marketing taktika bitxi bat eratuko du urbanizazio bateko etxe atxikiak saltzeko, baina gehienetan bezala, gauzak ez dira batek uste bezala aterako.

Liburua irekitzean aipu (tranpa) batekin egingo dugu topo, J. B. Elizanbururen Ikusten duzu goizean olerkiarekin. Baina irudipen antzu bat besterik ez da. Izan ere, Habitat liburuko protagonistak nekez babestuko dira Home, sweet, home! esapide lasaigarriaren atzean, eta era guztietako arazoak ere ongi etorriak izango dira beren etxeetako errepublika independenteetara. Gainera, nahigabeak ez dira etxe barruko lau pareten artean geldituko.

Etxearen gaiaz gain, ordea, autonomoki funtzionatzen duten ipuin horien artean ere bada bestelako azpi-loturarik. Adibidez, ipuin batean zeharka aipatzen diren pertsonaiak protagonista izango dira ondorengo narrazioetan (Josu, Goio eta Garazi pertsonaiak, esaterako). Irakurlearen esku dago azpi-lotura horiek identifikatzea, Agirrek ez baititu narrazioen arteko loturak gehiegi nabarmentzen. Egia da loturak bilatzeak irakurleari jolas egiteko aukera eman liezaiokeela, baina gehienetan jolas bat besterik ez dela deritzot, zenbait azpi-lotura narrazioen garapenaren baitan garrantzi gutxi duten anekdotak direlako. Horrez gain, narrazioek badute bestelako antzekotasunik ere: behin eta berriz protagonista eta antagonistaren aurkaritzan oinarritzen dira gertaera nagusiak (bi lagun minak; umea eta aitaren maitalea; Josu eta Txaber, Agate eta amona…).

Habitat ipuin-bildumako sei gelak bisitatu ondoren, epeletik hotzera bitarteko sentipena izan dudala aitortu behar dut. “Pijama festa” narrazioa iruditu zait biribilena, eta beste ipuinetan, ni neu, pasarte edo zati jakin batzuekin geldituko nintzateke. Ipuinen hasierekin bereziki, nolabaiteko jakin-gosea pizten baitute esaldi labur eta erritmo biziko hasierek. Baina narrazioen bukaeretara iristerako nire irakurraldia jada gainbehera joan da, eta ez dut uste, ipuinen luzera kontuan izanik, arnas gehiago behar dutelako bakarrik izan denik.

Azken kritikak

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak