kritiken hemeroteka

8.588 kritika

« | »

Tatuaia bat ene begietan / Txili Lauzirika / Susa, 2008

Laranja urdinak Ion Olano / Gara, 2009-04-10

Badu Paul Eluard poetak izugarria eta geniala den esaldi bat: “La terre est bleue comme une orange” (Lurra urdina da, laranja bat bezala). Agian, lehen kolpean, zentzugabekeria txepela dirudi Eluarden esaldiak. Alabaina, zentzuz beteta dago, eta ene irudiko, egia galanta da. Txili Lauzirikaren (Lekeitio, 1975) azken poema liburua eskuetan hartuz gero, azalaren urdina ikusiko dugu aurrena. Liburuko poemetan barneratu ahala, ohartuko gara bi kolore nagusitzen direla beste guztien gainetik: izan ere, herdoila laranja da, eta lizuna urdina. Nabaria da, esate baterako, “Hurbiltasunaren berezko eremuetan” poeman ageri den esaldi honetan: “Sugarraren urdin / laranja eta ilunak / ezagunak gertatzen zaizkit / ene gogoaren tolesturetan”.

Bost atalek osatzen dute liburua, eta aipu banak zabaltzen du atal bakoitza: Eugene V. Debs politikariaren esaldi bat, Shakespeareren Hamlet laneko beste bat, W. B. Yeats irlandarraren sententzia eder bat, baita Casablanca filmean Samek pianoarekin jotzen duen As time goes by kantuaren zati bat ere. Liburua zabaltzen duen aipua, berriz, Joseph Joubert letragizonarena da, eta memoriaz mintzo da, oroimenaz. Hain zuzen ere, oroimena da Lauzirikaren liburuko hari nagusietariko bat. “Gogoratzea bezain komenigarria da ahaztea”, gogorarazten digu “Komenigarria” izeneko poeman. Liburuan badira hainbat elementu errepikari, eta errekurrentzia horiekin osatzen da poemen arteko batasuna: isiltasuna, mututasuna, adierazi ezina; oroimena, distantziako gutunak eta telefono deiak; zapiak edo musuzapiak, malkoak edo anpuluak; ateak eta leihoak, arrakalak eta zirrikituak; katu maiteminduak gauean, zakur uniformeen uluak, sagutxo ikaratuak, herensugeak; utopia, eztandak, kristalak eta haizea; patrikak eta behe lainoa, bataila galduak (ametsak). Gainera, badira zenbait erreferentzia interesgarri: Alostorrea, Ulrike Meinhoffi Andreas Baaderrek idatziriko gutuna, Maracaiboko portua, eta abar.

Ematen du gure literaturan badirela hitz batzuk halo poetikoa-edo dutenak: “xuxurlatu”, “behe laino”, “izkiriaturiko”, “zure izena”… Bada, horietako mordoa baliatzen du Lauzirikak bere lanean, eta poesia zalea den irakurle honi gogaikarriak egin zaizkio errepikapen horiek. “Tatuaia” bera, minez hartzen den marka iraunkorra, dagoeneko higatu samarra dagoela iruditzen zait. Horrez gain, antzeman ditut zenbait elementu erromantiko: kandela argia, kanpaiak, iretargia… eta ez dut haiengan antzaldatzerik sumatu. Ziur aski ez zen Lauzirikaren asmoa berrikuntza formal nabarmenik egitea, ezta mezuarekin harridura sortzea ere. Nolanahi ere, zenbait unetan, nahikoa koadro zuri-beltzekoak iruditu zaizkit poemak, manikeo samarrak. Ale konkretuei dagokienez, gustura irakurri ditut honakoak: “Itxaropena zainetik”, “Agurra” eta “Interrogatorioak”. Horiez gain, “Sugeak dantzan” izeneko poeman bigarren orria soilik gustatu zait, eta “Izenaren izana” deiturikoan, bigarren orria soberan geratu zait.

Egia esateko, Susa argitaletxeko liburua izaki, espero nuen distira gehiago, akaso zirika gehiago. Irudipena daukat, oro har, ez direla poema erabat onduak Lauzirikaren hauek, oraindik falta dutela lanketa gehiago, beldurrik gabe sartzea goldea, artaziak edo dena delakoa. Izan ere, uste baitut urdinak eta laranjak askoz gehiago eman zezaketela.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Amaia Alvarez Uria

Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain

Jon Jimenez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Paloma Rodriguez-Miñambres

Lakioa
Josu Goikoetxea

Mikel Asurmendi

Lur mortuak
Nuria Bendicho

Irati Majuelo

Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"

Paul Beitia Ariznabarreta

Akabo
Laura Mintegi

Joxe Aldasoro

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Nork gudura haroa?
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak