« Zinea eta literatura | Pertsonon bitasunaren mirail naturala »
Ekialdetik iritsi zen Enara / Xabier Etxaniz Rojo / Alberdania, 2008
Gaur bai Paristik datozela Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-03-08
“Gure sabeletik” ez, “gure bihotzetik” sortzen diren seme-alabak dira adopzioaren bidez lorturikoak, egileak berak dioen bezala. Anbizio berezirik gabeko kontakizuna, apala zentzu horretan eta autobiografikoa, eskaini digu Xabier Etxanizek. Mikrohistoria bat, gertaera xume baina anbizio handiko baten inguruan: bere ibilbideak kontatzen dizkigu, berak eta bikotekideak familia planifikatzea erabaki zutenetik Enara alaba berria ekialdetik (Txinatik) ekarri arte, tartean sabeleko lehen alaba, Garazi, izan dutelarik. Argi eta garbi (eta eskertzeko eran) erraten digu idazleak bere asmoa ez dela izan ez “nazioarteko adopzio bat burutzeko gida bat”, ez “adopzioaren aldeko panfleto bat” egitea. Kontakizun soila da, singularreko lehen pertsonan idatzia, eta bertan harilkatzen diren bizipenak ezin arruntagoak dira: adopzio bila hasten den edozein bikoteren galderak eta gorabeherak. Zergatik nahi ote duten, horretaz ezer ez dakitela nondik hasi zerbait jakiten, Garaziren adina buruan adin egokiko haurra emanen ote dieten, non, mundu zabaleko zein Parisen bilatuko, zergatik Txina hautatu azken finean eta ez hasieran amesturiko bertze herrialde batzuk, zailtasunak, hurbilekoen, lagunen, familiakoen jarrerak, beraien itxaropenak, irrikak, pozak eta aldarteak, noiz lortuko ote berantetsiak, adituen irakaspenak eta aholkuak, esleituriko haurraren lehen argazkia jasotzean izandako emozioak, Txinako bidaiaren antolakuntza, bidaia eta haurrarekiko lehen harreman zuzena… Elefante baten haurdunaldia edo Begi urratu horiek bezalako izenburuak dituzten ataltxo anitzetan aletzen doaz sentipen eta esperientzia horiek.
Osagaiak ezin arruntagoak direla diot, seme-alabak zikoinek ekartzea gero eta sinesgarriagoa den gure mundu honetan, jakina. Narrazioaren onerako arruntasuna. Panfletoarena eta gidarena (beharrik!) baztertuz gero, oso gai aproposa izan zitekeen sentimentalismoetan, belaxkakerietan edo arrosa koloreko kazetagintzan erortzeko. Baina Etxaniz Rojorengan ezagutzen dugun estilo soilak bide onetik eraman du narrazioa, ene irudirako. Irakurterraza, atsegina, eta badaki irakurlearen arreta eramaten gertaeren, gogoeten eta sentipenen segidan zehar, nahiz eta ez ezustekorik, ez suspenserik, ez egon narrazioaren garapenean. Abenturatik zerbait baldin badu gaiak, adopzioaren erabakia da berez, eta hori ere, errana doan bezala eta horrela adierazten du egileak, gero eta arruntagoa da. Irakurle honen gusturako, Txinako egonaldian bertako instituzioek gurasoentzako antolaturiko bisitaldi turistiko-kulturalen kontaketak du interes gutxien narrazioan. Baina gustu pertsonaleko kontua baizik ez da iritzi hau, bidai literaturaren zaleegia ez den batena.
Elefante baten haurdunaldi luzean idazleak Berriako zutabegile lanean jarraitu zuenez, aurretik zenbait hausnarketa irakurri ahal izan genion liburuko aitortzan oinarriturik; Txinan bertan idatziriko lau zutabe txertatu du hitzez hitz narrazioan, egoki txertatu ere.
Ez sabeleko ez bihotzeko seme-alabekin inoiz amets egin ez dudan irakurle honentzat (horratx, aitorpenetan hasita, nire bertze aitortza pertsonal hau!) plazer estimagarria izan bada Nazioarteko adopzio baten istorioa honetan murgiltzea, seguru nago askoz kitzikagarriagoa izan dakiekeela kontu horietan esperientziak bizi izan edota bizi nahi dituzten ama eta aitei, mendebaldeko gure mundu oparo honetan gero eta gehiago diren guraso mota horiei. Nik behintzat gustura gomendatuko diet neure inguruan haurrak edonolako Paristik ekarri dituzten aita-amei.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi