« Ispiluaren kalteak | Literatura meta »
Eros eta Zibilizazioa / Herbert Marcuse (Julen Kaltzada) / Gaiak, 2009
Errepresioa baino haratago Ion Olano / Gara, 2009-02-13
Irakurle gutxiren arreta erakartzen dute egun, a priori, pentsamenduaren inguruko liburuek. Gaiak argitaldariak Pentsamendu Garaikidea bildumara ekarri duen 50. aleak ere, Eros eta Zibilizazioa izenekoak, lehen begiratuan ez du aparteko interesik pizten, ez bederen irakurle gazteon artean. Liburuaren azalak eta formatuak ez dute gehiegi laguntzen, izan ere, itxura zaharkitua du, erakargarria izateko borondate argirik ez du erakusten. Baina, kontuak kontu, saiakera arrunt interesgarria eta sakona da Herbert Marcusek (Berlin, 1898-1979) duela berrogeita hamar urte baino gehiago idatzi, eta iaz euskaraz argitara atera zen hau. Julen Kaltzadak itzuli duen testu trinkoaz gain, lehenengo edizioko hitzaurrea eta 1966ko hitzaurre politikoa ere bildu dituzte edizio honetan. Bi zatitan banaturik dago Marcusen saiakera: lehenengoak “Errealitate printzipioaren mendean” du izena, eta hor hasten da azaltzen, Freuden ideietan oinarrituta, zibilizazioaren funtsa errepresioan datzala, eta gizakia errealitate-printzipioaren mendean dagoela; bigarren atalak “Errealitate printzipioa baino haratago?” du izena, eta bertan bizitzaren aldeko borrokaren orientazio berria proposatzen du Marcusek, desoreka berri horrekin Eros eta Tanatosen arteko berradiskidetzea emango delakoan.
“Gure zibilizazioa, orokorrean hitz eginda, instintuen ezabapenean oinarrituta dago”, zioen Freudek. Psikoanalisiaren fundatzailearen ideiak jarraitzen ditu Marcusek Eros eta Zibilizazioa saiakeran, helburu filosofikoekin betiere. Egileak berak sarreran ohartarazten duenez, “saiakera honen asmoa psikoanalisiaren filosofiari laguntzea da, eta ez psikoanalisiari berari”. Izan ere, jaiotzez diziplina kritikoa izan zela nabarmentzen du, eta horregatik gogor kritikatzen ditu errebisionista neofreudiarrak, psikoanalisiaren teoria kritikoa alboratu eta errealitate-printzipioaren ezaugarri negatiboak mantentzeagatik. Hala, Marcusek Mendebaldeko filosofiaren korronte nagusien bilakaeran kokatzen du Freud; baita Platon, Aristoteles, Hegel eta Nietzcheren ideiekin harremanetan jarri ere. Mitoen indar sinboliko eta adierazleaz ere baliatzen da egilea, gehienbat Orfeo eta Nartzisoren arketipoez, hain zuzen, adierazteko badagoela egon Eros bizitzeko modurik jokabide-printzipioaren gainetik. Bere argudiaketarako makulu gisa baliatzen ditu halaber Baudelaire eta Novalis, baita beste literato batzuk ere. Testuan ageri ez den arren, “kapitalismoa” da Marcuseren kritiken jopuntua, eta testuan aipatzen ez duen arren, Marxen oinarrian aplikatzen du Freuden pentsamendua.
Prisma berriaz, lanaren eta jolasaren artean dagoen amildegia leuntzea bilatzen du Marcusek. Fantasiaren indarra aldarrikatzen du, errealitate-printzipioaren aurrean askatasun maila bat mantentzen duen buru-jarduera bakarra den heinean. Kontzeptu hori artearen izaera kritikoarekin lotzen du, eta bidenabar, errepresioaren kontrako arbuio handiarekin. Breton eta surrealistak aipatzen ditu, Freuden ekarpenak artearen bitartez politikan aplikatu zituztenak. Sexualitatea askatzearen bidez, Eros eta Tanatos berradiskitzea proposatzen du, eta azken helburu gisa, denboraren konkista. Hitzaurre politikoan Marcusek dioenez: “Gazteak ‘izaeraz’ daude borrokatzen dutenen lehen lerroan (…) Gaur egun, biziaren aldeko borroka, Erosen aldeko borroka, borroka ‘politikoa’ da”.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi