kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Sua falta zaigu / Katixa Agirre / Elkar, 2007

Garagardoa, elurra, hutsuneak, oihartzunak… Gema Lasarte / Sareinak, 2009-01-19

Agirrek, lehenengo ipuinarekin, liburuan etorriko denaren ildo nagusia edota gai orokorra parafraseatzen du: falta zaiguna. Bizitza honetan, eta mendebaldeaz ari naiz, dena izanda ere beti dugu zerbait faltan, eta horri sua deitu dio Agirrek. Parabola hori erditzeko, Katixak bi neska eraman ditu ibilgailu-hilerri batera, eremu ezin abandonatuago eta zatarragora, debeku guztien gainetik estreinakoz zigarro bat erretzeko. Bizitzaren edo gurasoen debeku txikiei gailendu eta askatasun-une bat bere osotasunean gozatu behar, eta orduan ere zerbait falta; plazerari, erretzeari, askatasunari… osotasuna emango diona: metxeroa, kandela, sua, indarra, konbentzioak hausteko sorburua. Nahi duzuena. Eta hortik aurrera, hutsuneena konstante bat da liburuan zehar. Bikote-harremanetako hutsuneak batez ere, konbentzioetatik eraikitako harremanez ari baitzaigu Agirre liburuan. Bestela ezin, gainera, harremanak eta sortzen ditugun familia-eredu guztiak ere konbentziozkoak baitira. Denetan, inplizituki bada ere, behin-behineko hitzarmena sinatzen dugu eta, zoritxarrez, kontratu hori ez da urteetan berritzen, bere horretan jarraitzen du, eta amaitu egiten da. Eta kontratu inplizitu horietan maiz testuinguruak agintzen du. Mila gauza egiten ditugu testuinguruak ondo edo gaizki ikusten duelako: gizarteak, gurasoek, lagunek… Eta testuinguruaz ari naizenean, oihartzunak, entzundakoak, ikasitakoak, ikusitakoak aipatu nahi ditut. Azken hori ondo islatzen da “Festa gonbidatuak” ipuinean. Horrekin esan nahi dudana da, Agirrek, edozein bikote edo familia gune dela ere, konbentzioen araudi zorrotza markatzen duela. Esango nuke, ipuin-bilduma honetan dagoen ipuinik lortuenetakoa dela “Festa gonbidatuak”. Batetik, hutsuneez, gaizki-ulertuez, belaunaldi-arazoez, gai lesbiko berri bezain ukiezinaz idaztera ausartu delako. Hutsuneak muturrera eramateak ere baditu bere arriskuak, ordea, eta “Hirugarrenez Asier” ipuinean, horrekin jokatuz jauzi handiegia egin eta protagonista homosexuala heterosexual bihurtzen digu, azken kolpea lortzeko. Bukaerak badu indarra, baina sinesgarritasuna erabat galtzen du.

Hala ere, esango nuke adinean aurrera joanak garenok bizitu izan ditugula Agirreren ipuinak. Une bati erantzunez egin ditugula bikoteak, gure bikotekidea ia ezagutu ere ez dugula, eta hautsi beharrean aurkitu izan garela. Baita Asierren kasuan ere, itsumustuan, maite zenuen zure betiko lagun-mina —apaiza zena— sotanak utzi eta beste batekin ezkontzen zenean.

Hotza, elurra. Agirrek ez ditu bere istorioak Karibera eraman, leku hotzetara baizik. Esan beharrekoa, gozoa ez baizik, askotan paradoxikoa eta azalekoa baita. Esaldi motzak, ironia, hitzen erabilera zehatza eta sormen-gaitasun handia erakutsi digu liburuan Agirrek, baita irakurleoi genero-aurreiritzien testa egin ere. Emakumeok gauza gehienetarako test hori pasatu behar izaten baitugu, egiten duguna egiten dugula ere. Eta garagardoa, vodka, ginebra, kafea eta alkoholak, oro har. Motzean, leku hotzetan, bihotzean elurra, inguruan konbentzioak eta elkar maite duen jendea. Nahi eta ezin, jendarte honek noraino mugatzen, antzutzen eta kamusten dituen gure hartu-emanak. Bikotekide, ama-alaba, neska-lagunak. Oso modu ironikoan, errazean eta batzuetan absurdoan jarri du mahai gainean esan beharrekoa. Puntu honetara iritsita, esango nuke egindako harremanen diagnosia ondo egina dagoela. Ez da gutxi gure harremanen amaraunean. Eta ditugun hutsuneak, paradoxak eta konbentzio faltsu guztiak ikustarazi dituela. Azkenean, denok hor barruan baikaude. Sartu egiten gara, baina nekez atera. Oso femeninoa da harremanen inguruan patxadaz aritzea; baita harreman sendoagoak, egonkorragoak lantzea ere. Haria, jostorratza, pazientzia eta denbora hartu behar taxuzko sareak gauzatzeko, eta, horretarako, denbora falta emakumeoi. Sua ez ezik, denbora.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak