« Oparitzeko | Barruranzko bilakaera »
Altxor uhartea / Robert Louis Stevenson (Maria Garikano) / Elkar, 2008
Iniziazioa eta abentura Mikel Ayerbe / Berria, 2008-06-22
Gutxi izango dira egun R.L. Stevenson idazle ospetsuaren Altxor uhartea klasikoari buruz inoiz ezer entzun ez duenik. Obra bat klasiko izateak hori baitakar berekin, denok dakigula zerbait haiei buruz. Baina txanpon batek bi alde ditu eta sarritan, horretantxe datza obra klasikoen arriskua ere, azaleko ezagutzarekin soilik konforma gaitezkeela. Edo besterik ezean, klasikoen adaptazio, moldaketa eta berrirakurketekin
Elkar argitaletxeak Maria Garikanok itzuli duen Stevensonen Altxor uhartea klasikoa kaleratu berri du. Hain zuzen, berrargitalpen bat dela argitu behar da, 1991n Ibaizabal argitaletxeak kaleratu baitzuen Literatura Unibertsala deituriko sailean, orduan ere Maria Garikanoren itzulpenarekin. Edizio honetako aldaketa nagusia hizkuntza aldetik eginiko egokitzapen linguistikoa da. Itzulpen irizpide hertsietan sartzeko asmorik gabe, agerikoa da itzulpen duin eta egoki baten aurrean gaudela, orain hamazazpi urteko jatorrizko itzulpenari moldaketa eta eguneraketa linguistikoak soilik erantsi zaizkion neurrian. Dena den, bestelako aldaketak ere baditu eta horren erakusle dira berrargitalpenean erantsi diren ilustrazioak (nahiz eta hauen inguruko berririk ez den liburuan). Bitxikeria hauek kontuan hartuta, asko harritu nau hitzaurre berririk ez gehitzea edizio honetan; egilea eta bere obraren gaineko informazioa biltzen du duela hamazazpi urteko hitzaurreak, eta bere horretan mantendu arren, ez baitzaio bestelako azalpenik ematen irakurleari.
Altxor uhartea-ri buruz, berriz, zer esan, jadanik “bikaina edo altxor bat dela” esateak ez badu zentzurik. Bada irakurketaren bidez berrestea argumentu aldetik zein kontakizun mailari dagokionez, liburuak hasieratik bukaerara eusten diola irakurlearen tentsio eta jakin-min aseezinari. Altxor bat izango da pertsonaien helmuga, baina laster jabetuko gara altxorra bestelako abenturak bizitzeko aitzakia dela, estrategiek eta azpijokoek zer esan handia duten istorio honetan. Pertsonaia nagusien karakterizazioa bera ere anbiguoa da hasieratik, zintzoen eta gaiztoen arteko itxurazko manikeismoa azalekoa baita. John Silver Luxea (pirata zikoitza baina zuzena) eta Jim Hawkin (leiala eta ausarta) pertsonaien arteko harreman gorabeheratsuak ni neu irakurketara are gehiago lotu naute, narratzailearen ikuspuntuarekin eginiko jokoek bezala.
Nobelen artean, abentura eta iniziazio nobelen azpigeneroko mugarritzat jo dute Altxor uhartea. Batetik, inozentzia galdu eta burujabe eginaz, umezarotik gaztaro-helduarora igarotzen den Jim Hawkins protagonista dugu. Eta bestetik, bide honetan saihestu beharreko oztopoak nola konponduko dituen irrikaz irakurriko dugu (aitaren heriotza, piratei aurre egitea, bakardadea). Gai hau abiapuntu hartuta azterketa sakon bat ere egin zuten Amaia Bikandik eta Itziar Menak Piratak eta altxorrak artikuluan, 1984an Jon Kortazarrek zuzendutako Altxorrak eta Bidaiak liburuan, liburua bera osoki euskaratu aurretik.
Izan ere, besteak beste piraten imaginarioaren eta sinbolismoaren oinarri dugu Stevensonen lana. Eta hori horrela izanik, liburu hau irakurri ezean ezin berdin ulertu Disneyren Pirates of the Caribean saila (adibide erraz bat jartzearren) edo beste muturrean kokatuko litzatekeen Alex de la Iglesiaren La comunidad. Baina guztietan daude klasiko honen oihartzunak: mapak, altxorrak, azpijokoak eta nola ez, Fint kapitainak behin eta berriz abesten zuen zorigaiztoko abesti hori.
Bakea, bakea
Xabier Montoia
Asier Urkiza
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Nagore Fernandez
Martxoak 3
Jon Martinez Larrea
Maialen Sobrino Lopez
Silueta
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez
Irati Majuelo
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Paloma Rodriguez-Miñambres
Diesel
Bertol Arrieta
Joxe Aldasoro
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Mikel Asurmendi
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza
Ni, laiko
Markos Zapiain
Nagore Fernandez
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Maialen Sobrino Lopez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Jon Agirre
Emognosia
Mitxelko Uranga
Mikel Asurmendi