« Ezin ezer esan | Iniziazioa eta abentura »
Souvenir / Castillo Suarez / Elkar, 2008
Oparitzeko Aritz Galarraga / Gara, 2008-06-21
Honekin badira dagoeneko lau Castillo Suarez idazleak (poeta esan beharko genuke, beharbada) argitara eman dituen poema bildumak: Mugarri estaliak (Susa, 2000) izan zen lehenengoa, sorpresa atsegina, halako aire fresko bat ekarri baitzuen; Spam poemak (Elkar, 2004) etorri zen gero, lehenengoaren kutsu gozoa berrestera; eta Bala hutsak (Elkar, 2006) argitaratu zuen hirugarrenik, poetika eta ibilbide baten egonkortzea izan zena. Orain, eta bi hitzeko izenak erdira laburtuz, Souvenir liburua aurkeztu berri du Suarezek, Joseba Jaka bekaren laguntzaz amaitutako proiektua. Aurretik eraikitakoan harri berri bat jarri duela esatea litzateke zuzenena, halaxe baita: aurreko lanekiko koherentziari eutsi dio, leial zaio poetari ezagutzen diogun poemagintzari. Baina ekarri badakartza hainbat elementu berri ere, aurreko lanekiko distantzia pixka bat, erraldoia ez bada ere, jartzen dutenak. Beraz, betiko Castillo bilatzen duenak hemen aurkituko du, baina kasu xehetasun txikiei ere.
Lau atal desberdin dauzka Souvenir bilduma honek. Izenik gabe, aipu banak irekitzen du atal bakoitza, maitaleak, poesia, maitasuna eta idaztea bera protagonista. Alde horretatik, esango genuke ohikoan lantzen dituen gaiak landu dituela oraingoan ere Suarezek, hau da, giza harremanez mintzo dela, maitasuna deitzen dioten horretaz, gu eta gure lakoen artean gertatzen direnez eta, arrastoren bat geratzen den arren, poema, nola esan, sozialagoak murriztu egin direla. Deigarriak egin zaizkit niri haur garaiari egindako erreferentzia ugariak, nahiz eta poema batean ondorengoa esaten den: “haurtzaroa lurperatu dut, baina ez dakit seguru non”. “Haurrak ginenean egia txikietan egiten genuen hegan”, “ni nintzen eskulanak hondatzen zizkizuna haur garaian”, eta antzekoek nabarmentzen dute beste hark esan zuena: haurtzaroa dela geure aberria (literaturarako lehengai usatua izateaz gainera).
Hizkerak jarraitzen du izaten argia, zangalatraurik gabea, baina salto bat eman du aurrera eta esan beharrekoak ez ditu argiro adierazi, iradokitzen baizik. Gainera, eta poemen egoera formalaz hitz eginez, galdu egin dira bertso lerroak, poema narratiboak izatetik narrazio poetikoak izatera pasatu dira, postalak poetaren hitzetan, izenbururik gabe, zenbakituak, tamaina eta egitura bertsukoak denak. Azken ataleko poemak dira, apika, esanahi aldetik lauenak, argienak, adierazkorrenak: “Maite dugu, eta maitatzera kondenaturik gaude. Maite gaituzte, eta maite gaituztela esan diezaguten bizi gara. Ezinak, damuak eta ikarak gordetzen ditugu patriketan, hala ere. Hatzekin ukitzen ditugu hurbil daudenean. Txakurkume beldurtiak gara etxe berri eta arrotzean”. Ez dute, hala ere, indar eta espresibotasun amiñirik galdu, bistan denez.
“Beste mundu bat oparitu nahi dizut”, hala hasten da 43. poema, hala jarraitzeko: “Ausazko aberria nahi dut, eta adiskideei bisitan joan lanegunetan ere. Haragi bizian eduki gorputza, eta beste jantzirik behar ez. Bakarrik egon amarrurik gabe”. Gisa honetako poema ederrak, gisa honetako souvenirrak bildu ditu, astiro eta amorruz, Castillo Suarez idazleak (“idazle nafarrak” adjektiboa gehitzeko tentazioa handia da, asko dira tentazioan erortzen direnak, gainera; baina inork idatziko ote luke, testuinguru honetan, “Harkaitz Cano idazle gipuzkoarrak” edota “Gotzon Barandiaran idazle bizkaitarrak”? Nafarrak, zuberotarrak, lesbianak, beltzak, altuak, ordea, beste kontu bat dira. Ai, periferiak?). Eta halako opariak, nork ez ditu gustura hartzen?
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro