kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Jainkoa harrapatzeko tranpa / Jon Gerediaga / Pamiela, 2007

Bizi poza Aritz Galarraga / Gara, 2008-04-19

Jon Gerediagaren bigarren poema liburua, Jainkoa harrapatzeko tranpa, irakurtzen ari nintzen bitartean jaso genuen berria: Espainiako Kritikaren Saria eman berri diote bilbotarraren azken lanari. To! Ez dirudi gauza makala gero! Espainiako Kritikaren Saria! Baina, hasierako bozkarioa joanda, hainbat galdera etorri zitzaizkidan gogora: nork, noiz eta nola ematen du Espainiako Kritikaren Saria? Zer ote da zehazki? Nor ote da? Bai, badakit ni bezalako kritiko-uste batek izan beharko lukeela horren guztiaren berri, baina zer nahi duzue lagunok, dena ez da izango neure errua. Ez dakit, bestelako sari batzuetan izaten dira epaimahaikide batzuk, gutxieneko prozedura batzuk, guztion bistan dauden gauza batzuk. Sari horren inguruan aurkitu dudan informazio urria “Bazka” aldizkari elektronikoan izan da (gehiago irakurri nahi duenarentzat, http://www.bazka.info/?p=154). Halaxe hasten da bertako artikulutxoa: “Zaila da jakiten Espainiako Kritika Sariak benetakoak diren edo ez”. Gainontzekoak ere merezi du irakurtzea, tartean saria banatzen duen Espainiako Literatur Kritikarien Elkartean euskaraz dakien bazkide bakarraren, hots, Jon Kortazarren hitzak: “Legearen arabera, zilegi litzateke nik erabakitzea urtero zeintzuk diren liburu sarituak. Baina ez da horrela egiten. Bazkide ez diren baina prentsan literaturaz idazten duten adituen iritziak biltzen ditut, botazio bat egiten da, eta emaitza eramaten da elkartera”. Ez ditut, bistan da, prentsan literaturaz idazten duten aditu guztiak ezagutzen, baina eskertuko nuke, irakurle gisa besterik ez bada ere, argitasun apur bat.

Barkatuko dit Jon Gerediagak aurreko paragrafoa, baina hilabeteroko lansariak ez dit ematen psikoanalista ordaintzeko lain, eta beste nonbait askatu behar dut testosterona. Baina poetak Juramentua udaberriaren ateetan poeman ongi baino hobeto dioskun legez, ez dagokigu “atseden hartzea / ez eta munduari mundua gailentzen zaion / udaberriaren esnatze honetan ere” eta goazen beraz Jainkoa harrapatzeko tranpa honek irakurle honengan eragin duen zirrara azaltzen saiatzera. Hasteko, atsegin ditu, ezohiko izateagatik eta begi bistako arrazoiengatik, bizitzari kantatzen dioten poetak. “Entzun nire deiaren oihartzun abisala: bizirik nago, zabaldu / zabaldu nire hobitik zure sehaskara doan atea” esaten digu Gerediagak Ozeanoaren hondotik poeman, edota “mundua bizirik da”, “hil arte / hil arte bizi haiz”, “Hau Mundua da / eta Hau Bizitza / eta beste ofiziorik ez daukat”, bilduma osatzen duten hainbat poematan.

Irakurle honek atsegin ditu, halaber, bila dabiltzan poetak, erantzun itxirik ez, baina galderak ematen dituztenak, testuan bertan nahiz hortik kanpo bila aritzeko gonbita egiten dutenak. “Xerkatzen ari naiz zentzuaren zantzua” edota “noraezean norabidea xerkatzen” irakurri ahal izango ditugu eta irakurleak etengabe ibili beharko du poema hauek osatzen, poetarekin batera bilatzen. Eta atsegin ditu, jakina, hiztegietara makurtzen ez diren poetak, bizitza denik eta fidelen harrapatzen saiatzen direnak, “ez naute hiztegiek hondoratuko / zure sabelean entzun dezadan zure sabela” gisako bertso lerroak idazteko gauza direnak.

Azkenaldian poema bilduma gutxitxo argitaratzen direnaren inpresioa izan dut Jon Gerediagaren liburua itxi ondorenean. Eta hauxe, justu, atsegin izan dut, goian esandakoengatik. Arrazoi gutxi batzuk baino ez dira, baina akaso nahikoak edonork, edonon eta edonoiz Jainkoa harrapatzeko tranpa honi berau irakurtzearen saria emateko.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak