« Bagdad larrutua | Fabriceren abenturak eta desbenturak »
Zeruak eta ifrentzuak / Jon Arano / Elkar, 2007
Mundu honetakoa Iratxe Esnaola / Gara, 2008-03-08
Poetak mundu honetakoak dira, dudarik ez. Poeman mintzo den ahotsa, hala ere, poetarena berarena izan beharrean ni poetiko fikziozko batena izan daiteke. Jon Aranok osatu duen bilduman inori ez zaio otuko poeta eta ni poetikoa bereizten hastea. Urte luzez libururik argitaratu gabe egon ostean, euskal munduaz eta euskal mundutik idatzi du bere-berea den ahotsez. Gehiago; jarrera bat dira poemok, apeua, jarrera hartzea.
Zerua da mintzagai, zeru kristaua aurrena eta bere ifrentzu sakratu gabea gero. Hasieran, lurreko hondamenditik burua jaso eta aitagurea errezatu du poetak: “Gure aita lurpean hobeto zarena / doilorra izan bedi zure izena”. Jainko ezaxola itaundu du, iraindu du. Zeruko sinesmenek besterentzen dute pertsona, baina lurrean ere bada zeri erreparatua. Ezen behin ingurura begira jarri eta egiak —bere egiak— harriak bezala jaurtitzeko beldurrik ez zaio antzeman Aranori: “Egia guztiak batera esateak / aspertu egiten ei ditu euskaldunak; / bada, ni euskotarren mesfidantzak / lukurreriak eta gezurra esateko / joerak izorratzen nau…”. Poetaren asmoa itxurakeria eta zurikeria salatzea izanik, ezinikusiak izen-abizenez paratu ditu: “ehiztari jeltzaleek “ehiza on” asko hiltzea opa dizuete”. Telebistarekin argi dauka: “Euskal nahiz Goierri tedespista”. Argi denez, hitz joko zein asmatutako hitzekin ironia maneatzen abila da Arano, bestelako nahasketek ere erakartzen duten arren. Jendearen ahotan dabiltzan osseak, auzokalte edo horrezpaleo hitz jatorrekin nahasian datoz eta euskal balada zahar, amaren ateraldi edo umeen jolas kantak rithm and blues-en ondoan.
Parodia da zutarrietako bat eta ideien adierazpiderako baliabide. Esate batera, bere poemak erreproduzitzeko debekuaz eta jabetza eskubideez ari denean bere poetika asmatu uste da: “Galarazita dago poema honen kopia egitea (…) artile edo olio iragarkietarako”. Alegia, koipeztatzeko poesiarik edo pagotxetan leitzekorik ez dela batere. Zuzenean ez eta zeharka emango ditu aditzera poetika hori hezurmamitzen joan diren eraginak: “Irudika dezakezu poeta bat / (edo eragile bat) / Irudika poeta guztiak. / Sarri, sarri, sarri, sarri / triste antza nabil”. Eskertzen diogun gauza da Jon Aranori esan nahi dituenak zeharbideka ez ekartzea. Eta miresten diogu bidegabekeriei adi egotea bere ideiak partekatzea gorabehera. Hain justu berari ere aldatu baitzaizkio gazte denboratik hona. Ez du iragan garaia mitifikatzeko asmorik eta liburu honen irakurle zenbaitek, belaunaldi berriagokook esaterako, horregatik bat egin dezakegu gure garai-garaikoak ez diren kontuekin. Sineste itsu-itsurik ere ez delako, kristautasuna maiseatu ondoren hurrengo pasarteak erakuts dezakeenez: “Gure ama zena ere / elizaratzen zenean / zegokeen lasaien: / inork ez zion ezer agintzen / etxeko neskameari kulpitutik”. Zeruaren ifrentzua bestaldeko zerua edo beste zerua naturako elementu soil bezala hartzean hasten da. Aurren-aurreneko poeman aipatutako “iraultza” dakar gogora jarrera berri honek: “Zertarako mundua aldatu, / zergatik ez ezagutu?”. Gaztetako ideia muturrekoek eta liburuetako jakinduriak ez dute balio horretarako. Orain poetaren eginbeharra zeruaren edertasuna besteei erakustea da.
Pena zeruaren alderdi honetan gehiago sakondu ez izana, lirismoan orduan irabazten baitute poemek, halakorik atsegin duenarentzat. Aldi berean, orduan da jartzen pertsona bizitzako miseriez gaindi gogoetan: nondik arraio, nora bada, zer dela eta. Ez baita galdetze lana begien aurrean direnekin bakarrik egitekoa, lurtar diren kontuekin. Begiak zerura bidaltzean kontenplazio horri eustea botatzen da faltan. Nolanahi ere, duin bizitzeko modua bada lurtarrez galdezka aritzea. Poeta mundu honetan baitago, honetaz galde egin du.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro