« Egiaren bila | Sei lore »
Elgeta, sasiaren sustraiak / Koldo Izagirre / Euskal Herriko Trikitixa Elkartea, 2001
Hauspoa beteta Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2002-02-09
Elgeta eta Gelatxo entzunez ezagutu ditugu batez ere. Horrexegatik irakurri genuen bere garaian Joxean Agirreren Elgeta nobela saritua, horrexegatik irakurri ditugu hango eta hemengo omenaldien eta urteurrenen inguruko artikulu urriak. Etxeko sukaldean trikiti pieza bat entzun orduko geuk inoiz lortuko ez dugun bizitasunez oinak eta mingaina dantzarazten dituen ama baten umeak izateak ere, noski, izango zuen bere eragina. Eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoek Soinuaren Liburutegia izeneko bilduma jarri dute abian, Koldo Izagirreren Elgeta, sasiaren sustraiak eta Pako Aristiren Gelatxo, soinuaren bidaia luzea biografien bitartez. Eta ez da oroimin kontua bakarrik. Trikitiaren eta trikitilari gogoangarri biren oroimena da bilduma berri honetako lehen aleetan ikusi duguna. Eta musikak gaur egun ez bezalako presentzia eta rol baten oroimena dakarkigute bai Izagirrek eta bai Aristik halako miresmen ageriko batez idatzitako beren lanetan.
Soinu jotzaile iraultzailea
Izagirre Jazinto Rivas Sanz mitikoaz (1905-1964) mintzo zaigu, Elgeta edo Intxuzabal ezizenez ezagunago egin zen soinu jotzaile hartaz. Eta, hasteko, eskusoinuak gurean egin duen bidearen eta jaso dituen irainen eta harreraren historia labur bat egin digu liburuko lehen atalean. Kirikiño, R.M. Azkue, Toribio Etxebarria eta beste hainbat aurka izan zituen infernuko hauspoak. Hori ere gogoratu digu idazleak.
Jarraian, trikitilari mitiko baten (mitikoena, agian?) bizitza aletzen joan zaigu, mitoaren baitan bildutako garia lasto artean nabarmentze aldera. Donostiako bazterretan erdi eskean amaitu omen zuen hura obra bateko sutara berotzekotan hurbildu eta bertara erorita hil zela dio mitoak, adibidez, baina itxura batean horrelakorik ez zela izan dio Izagirrek. Bakardadean hil omen zela, hori egia omen da. Eta ulertu ditugu Izagirreren hitz hauek: “Joxean Agirrek esana du filme bat merezi lukeela Elgetak. Anartean, nobela bateko protagonista egin zuen. Iker Goenagak kantu bat eskaini zion. Elgeta nobela bat da. Elgeta kantu bat da. Bizitza konkretu bat ere bada Elgeta, bere musikarekin, bere isilaldiekin”. Horregatik agian, halako aurregidoi moduan irakurri dugu biografia hau. Eta trikiti doinuek gurean hartu duten airea ulertzeko Elgetaren ekarria ezagutzea ezinbestekoa dela berrikasi dugu. Baserriz baserri, etxez etxe ibili zelako inork ordu arte lortu ez zituen doinu haiek geroko maisuei irakasten. “Eibarko giro kosmopolitak sakon eragin zion musikari gazteari, eta esan genezake Eibarri zor diola trikitixak dantza loturako ere balio duen tresna izatea gaur egun. Jazinto Rivas izan baitzen, lekuko eta trikitilari guztien aburuz, trikitilarien errepertorio urria berritu eta aberastu zuena”. Elgeta sasikoa, jokalaria, txukuna, gudari boluntarioa, gerrako presoa, musika lan moduan bizi zuena ere ezagutarazi dizkigu Izagirrek, eta Elgetak berak Lajari bere elizarekiko urruntasuna eta bere izenen nahasmendua (sasikoa izaki) adierazteko behin esandakoarekin amaitzen du lana: “Zubi bat pasa behar zen eta erreka bazterreko sasietan trabatuta gelditu ninduan…”. Izagirrek dioen moduan, “ez zuen beste maisurik merezi parte gaiztoko soinuak”.
Gelatxoren hitzak
Pako Aristiren Gelatxo, soinuaren bidaia luzea, berriz, ahoz jasotako testigantzetan oinarritzen da batez ere. Eta protagonista bera ere, Pedro Sodupe Esnaola Gelatxo (1928), elkarrizketatzeko aukera izan du. Elgeta ez bezala, Gelatxo oraindik ere bizi baita, nahiz eta Aristik honako hau esan: “Gelatxo esatea garai bateko erromerien hotsa entzutea da. Gelatxo esatea existitzen ez den mundu bat berpiztea da. Gelatxo esatea bere aportazioa egin ondoren orain mundutik kanpo dagoen musiko bat edo musiko talde bat berpiztea da”. Eta horixe egin du, egia esan, Aristik, Gelatxoren biografiarekin batera trikitia bizitzeko modu eta erromeria giro orokor bat agertuz. Horrela, Gelatxoren emazte Maria Mendikute aurkeztu digu, gizona erromerian ibili bitartean “beti bakarrik” egoten zena.
Eta plazarik plaza ibili beharrak trikitilarien artean sortu zuen lehiaren berri jaso dugu. Lehia horren adibide argiena diskorik inoiz grabatu ez zuen Gelatxoren emanaldiak ezkutuan grabatzera joaten ziren trikitilarien kontakizunak dugu. Gelatxok beste inork ez bezainbeste pieza baitzekizkien. Batzuk ikasiak, besteak berak sortuak. Gaur egun edonon herri piezatzat dituzte horietako asko. Gelatxok inoiz ez du eskatu egile eskubiderik. Haren izaera ez da horrelakoa, Aristik ederki asko erakutsi digunez.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez