« Euskal Herria epaitzen: Josafat | Lehenak »
Gu, nafarrok / Xabier Zabaltza / Alberdania, 2007
Tiroarra Troian, troiarra Tiron Bixente Serrano Izko / Berria, 2007-12-30
Tirokoa Troian, Troiakoa Tiron: badirudi horrela agertzeko dei genetikoa jaso dutela zenbait jendek. Xabier Zabaltza saiogilea kasu.
“Liburuxka hau ikuspegi euskaldun eta euskaltzale batetik dago idatzirik. Ikuspegi abertzale batetik ere bai? Hori irakurleak erabaki beharko du”. Hitz horiekin hasi da Xabier Zabaltza. Eta bereziki euskaldunoi zuzendurik dauden orrialde hauetan, geure artean darabiltzagun hainbat zurkaitz intelektual inarrosteari ekin dio. Irakurle askok aise erabakiko dute liburuaren ikuspegia ez dela abertzale. Eta ez gutxik nekez ulertuko dute haren euskaltzaletasuna. Hemen nauzuen honen aburuz, guztiz euskaltzale eta abertzalea (abertzale kontzeptua zentzu etimologikoan ulerturik, nik lehenesten dudan zentzuan) da liburua, betiere aitortuz ez direla bi ezaugarri horiek liburuari balioa ematen dioten bakarrak: izan ere, sarri, anti-ek, etsaiek, ematen dizkigute arrazoi franko, geure ikuspuntuak aldatu edo zorroztera eraman beharko gintuzkeenak.
Zorionez edo tamalez, ongi ala gaizki —gaizki seguruenik—, geure biziaren urte trinkoak euskal nazionalismoaren baitan nafarrarena egitera emanda pasatu ditugunok, ezin dugu ez ikusiarena egin Gu, nafarrok izenburua duen liburu baten aurrean, are gutxiago Xabier Zabaltzarena baldin bada. Saiakera polemikoa berariaz, eusko-nafarrongan eztabaidaren sua pizteko asmoz, erdo-nafarrei buruzko geure pertzepzioen inguru. Deseroso eta dudakor sentiarazi nahi gaitu landu ditugun altzari teoriko eta ideologikoekin, egunen baterako amesten dugun egongela patxadatsua hornitzeko xedez landu horiekin.
Auskalo zer egiten gaituen nafar, administrazio baten menpe jaio izanaz edo bazka lortu duguneko soroaz aparte. Nafartasunaren osagaiak azare eta materialismo horiek baino zerbait sakonago, sendoago, errotuagoa dira, bai eusko bai erdo-nafarren aburuz. Foruak omen dira horren osagai bat, bakarra erdo-nafarrentzat, euskararekin batera baina bigarren mailakoa eusko-nafarrentzat; ondorio ezberdinekin, zein aldean: foruek bereizten gaituzte Euskal Herritik, Espainiarekin batzeko (erdo-nafarren ideietan); eta euskarak eta foruen erranahi historikoak batzen gaituzte Euskal Herri gisa, Espainiatik aldentzeko (eusko-nafarrenetan). Bada, bi osagai nagusi eta ustez objektibo horien kontingentzia historikoa eta erlatibismoa ikustaraztera doaz Zabaltzaren argumentuak: foruen iraupenaren kontingentzia historiko hutsa azpimarratzera, eta euskararen estatusa, lingua navarrorum gisakoa, erlatibizatzera historian zehar. Sakrilegio hutsa, Zabaltzarena! Tiroarra eta troiarra aldi berean, jarrera bakoitza non eta egokia ez den tokian.
Kitzikagarriak dira argumentu franko, hausnartu beharrekoak, pentsalari honek ohi dituen bezala, betiere garapen luzeagoak eskatzen dituzten arren. Hala nola dioenean “talde-kontzientzia bat ez dela oinarritzen osagai objektiboetan bakarrik, eliteek osagai horiek onarrarazteko duten gaitasunean baizik”; ikertu beharko litzateke nola baliatu diren elite horiek kazikismoaz ia mende eta erdiko urte luzeetan, baina tira. Bertze argumentu batzuk, aldiz, arinegiak iruditu zaizkio irakurle honi, baina horietan ere, tira!
Dena dela, Xabier Zabaltzaren gogoetek, eta zorionez plazaratzen joaten diren bertze batzuek, gehiago edo gutxiago asmatuko ote —noren ustean—, baina frogatu ongi frogatzen dute euskaltzaleon munduan eskertzeko nekeak hartzen ari direla autokritika ildoetan planteamendu berriak ereite aldera. Zoritxarrez, ez da ezer horrelakorik ikusten, oraingoz, erdo-nafarren munduan.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez