kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Picassoren zaldia / Asier Serrano / Elkar, 2007

Ttakunak eta herrenak Ion Olano / Gara, 2007-11-24

Erritmoak egiten du zaldiaren trosta dotore. Ttakunen eta herrenen segida egokiak. Pausoa ez baita pauso lurrean bakarrik, airean ere pauso da pausoa. Asier Serranok (Eibar, 1975) izenburu iradokitzailea jarri dio bere ni poetikoaren azken lanari: Picassoren zaldia. Poema liburua da, lau gelatako: “Picassoren zaldiak Troia izena izan zezakeen”, “Zaldiaren irrintzia”, “Zaldiaren sabelean gelditu zirenak” eta “Zaldiaren hondakinak”. Bistan denez, hipodromoan adina zaldi topa daiteke liburuan. Baita poemen izenburuetan ere: “Zaldi ajea”, “Pottoka kondenatuak”, “Zaldia zelatan genuenekoa”, “Zaldiaren sabeleko biztanleak”, “Zaldia izutu zuen sugearen testigantza”, “Zaldiaren egarria”, “Zaldiaren adoratzaileak”, “Zaldiari eraso ziotenekoa”… tira, nahikoa da.

Picassoren zaldia izenburuak zaldiaren irudi konkretu bat eman dit. Liburuan aurrera egin ahala, ordea, irudi hori beste askorekin nahasten joan zait, hainbeste zaldi, ezen azkenerako “zaldi” irakurtzean ez bainekien zer irudikatu. Argi dago askotan aberri sentimenduari egin diola keinu “zaldi” esan duenean. Eta bai, konparazio egokia iruditu zait aberria eta maitalearen artean Serranok egin duena. Izan ere, haienganako maitasunari ezin zaio “zergatik?” galdetu. Izatekotan, “nola?”. Poeta hark esan zuen bezala: “horratx poesia: azal ezinaren azala”.

Liburuan gehien ageri diren hitzek liburuaz hitz egiten digutelakoan nago: “zaldi” hitza hogeita bost aldiz irakur daiteke; ondoren datoz “suge” (zortzi), “aberri” (zortzi), “iraultza” (zazpi), “borroka” (sei), “ikurrina” (bost), “maitasun” (bost), “su-etena” (lau), “independentzia” (lau) eta “aizkora” (hiru). Argi dago, beraz, zeintzuk diren gaiak. Ikuspuntua, berriz, abertzaletasunetik erdi-aldendutako militantearena hautatu du Serranok. Interesgarria da zenbait unetan jende askoren buruetan diren pentsamenduak paperean ikustea. Dena den, zenbait mezu esateko bide ez hain tragikoak badirela uste dut. Esate baterako, honakoa esateko: “berdin gertatzen zen lehen / ikurrinak euriaz babesteko balio zuenean / orain ez da ikurrinik inor odoletik babestuko duenik”.

Arestian esan bezala, egoki elkartu ditu aberriarekiko eta maitalearekiko sentimenduak Serranok: “Edo berba abertzaleetan mozorrotu gintuztelako / Denak maiuskulaz maite zaitudala minuskulaz esateko”. Nabaria da maitale militantearen nekea: “Onartu dezadan iraultzak / mesfidantzara irauli nauela / ez dela maitatzerik militantziarik barik / biktima eta martirienganako errespetua galdu dudala”.

Baina irakurleak behar ditu heldulekuak irakurketari eusteko, behar ditu konplizitate keinu ezkutu batzuk. Halako gutxi topatu ditut, nire ahalmenentzat ezkutuegi zeudelako akaso. Hortaz, nekoso egin zait irakurketa, arnasaren erritmoa ezin eraman ibili naiz hainbat ahapalditan. Puntuazio zeinuen arnasa behar nuen, edo haien faltan, trosta erritmo jarraiagoa. Belardi konplexua hautatu baitu Serranok bere zaldia trostan uzteko. Izan ere, puntuazio zeinurik gabe idatzi du, bakar bat ere gabe. Halako aukera estilistiko ausart eta arriskatuak neurri bereko ardura eta ahalegina eskatzen ditu. Irakurlea dagoelako bestaldean, ez dezagun ahantz. Eta nago, Serrano ez dela bere buruari ezarritako langaren mailan aritu.

Asier Serranoren ni poetikoa galdu samar sumatu dut dena ohitura, dena errua, dena barkamena den mundu honetan, eta ni neu ere halaxe ibili naiz liburuaren irakurketan. Ez dut, egiari zor, zaldiaren trostaz gehiegi gozatu. Ttakunak entzuten nituelako herrenen tokian, eta alderantziz. Zaldiaren trosta bera herren gelditu zaidalako, airean pausoa. Ez dezagun ahantz: irakurlea dago bestaldean.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak