kritiken hemeroteka

8.733 kritika

« | »

1984 / George Orwell (Oskar Arana) / Txalaparta, 2007

Alegoria politikoen interpretazioak Beñat Sarasola / Berria, 2007-11-04

Institutu garaian Filosofia ikasgairako irakurri behar izan nuen estreinakoz George Orwell-en 1984 liburua. Nire ingeles eskasa kontuan izanik, gazteleraz irakurri nuen nahiz eta geroko eginbeharrak (laburpenak, komentarioak eta abarrekoak) euskaraz idatzi nituen. Ikasketak euskaraz burutu dituen inori ez zaio arraroa irudituko halakorik, are gehiago unibertsitatean ere euskaraz ibili baldin bada. Euskaraz mintzatzen gara eskolan, euskarazko ikasliburuak erabiltzen ditugu, euskaraz lan eta azterketak, baina ikasmaterial oinarrizkoa ikasliburu eta apunteak izateari uzten diotenean… Horregatik, ezer baino lehen, poz handia hartu dut hemendik aurrera, Oskar Aranari esker, liburu hau euskaraz irakurri ahal izango dutelako, nik ez bezala, batxilergoko ikasleek.

1984 liburua aski irakurria da, akaso irakurterraza izateaz gain, alegoria politiko bat —zehazki distopia bat— delako. Baina ezin uka asko harritzen nauela nobela hau nola sozializatu den gure artean. Gauza aski kuriosoa baita, nola diskurtso ezkertiar tradizional ugarik jasotzen duten begi onez, funtsean Stalin eta SESB-en kritika den nobela hau. Badirudi irakurleen artean onartua dagoela liburuak ukitu politiko aurrerakoia duena, esan nahi baita, AHTren kontrako manifestazio batean liburua besapean emanez gero inork ez dizula kargu hartuko (arren, ez ondorioztatu liburu bat besapean eramateagatik inori kargu hartu behar zaiola esaten ari naizenik). Literatur kritikaren barruan 1984 liburuak sortu duen eztabaida, ordea, guztiz diferentea da, eta ondorioz, irakurketa estandarraren eta irakurketa kritikoaren artean halako distantzia bat dagoela dirudi. Interesgarria da distantzia hau zertan den ikustea.

Liburu hau ikuspuntu ezkertiar batetik zorrozki kritikatu duten idazle nagusiak Raymond Williams eta Edward Said dira. Williamsen aburuz, Orwellek errepresio eta jazarpen autoritarioaren forma moderno guztiak aukera politiko bakarrari, komunismoari, leporatzen dizkio liburu honetan. Gainera, sistemaren kontrako edozein elementu neutralizatu egiten du, masa (proleak) erridikulizaturik azaltzen da eta benetako borroka politikoa elite baten barruan gauzatzen da soilik. Egia da nobelako une batean Winstonek “Itxaropenik bada, proletarioen baitan da” idazten duela bere koadernoan, baina Williamsen arabera, esaldi horrek burges-txikiaren humanitarismoa ordezkatzen du, erretorika hutsa, sakonean ez duelako proletarioetan sinisten. Orobat, Orwell sarritan hartu izan da komunismo sobietarraren kontra azaldu ziren lehenengotako intelektual marxistatzat. Saidek salatzen duenaren arabera, ostera, Orwellek ez zuen inoiz tradizio marxista ezagutu eta ezin izan zuen komunismoa “barnetik” kritikatu, izatez, liburu hau idatzi zuenerako bizitza burgesean ondo asko ostatu hartua zegoen eta ez zituen sekula bertako balioak auzitan ipini. Bestetik, Saidek Orwellen estilo aratz eta erraza aztertzen du. Mendebaldeko lekukotasunezko kazetaritzaren aitapontetakotzat du estilo hori; hots, kazetariaren iritzia nahiz idazketak boterearekin duen erlazioa ezkutatzen duen estiloaren aurrekaritzat.

Nolanahi dela, egia da, halaber, denborarekin liburuei interpretazio berriak gaineratu ahal zizkietela. 1984 liburuaren kasuan ere, egungo gizarte ultrateknologiko eta ultrakontrolatuaren adibide lez erabil daiteke agian, Txalapartak argitaratu duen itzulpeneko azalak iradokitzen digun bezala. Baina ezin da ahantzi liburuaren historia zein izan den eta, jatorriz, Gerra Hotzaren testuinguruan bi blokeetako bat —estatubatuarra— indartzeko erabili zela.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak