« Polemika umorez | Bikote harremanak »
Gazte idealistak / Gorka Torre / Gatuzain, 2001
Hamaika leiho idealismoari zabalik Ibon Egaña / Euskaldunon Egunkaria, 2002-01-19
Agian, gazte izateak idealista izatea zekarren berekin noizbait. Agian eta noizbait. Ez, ordea, gaur egun. Haatik, mundu hobe baten ametsaz kutsatutako liburua besapean hartuta datorkigu gazte idealista bat: Gorka Torre. Idealista izan behar baita liburu bat idazteko, zer esanik ez idazlea baionarra eta euskaldun berria izanez gero. Moda guztien gainetik idealismoaren gaurkotasuna eta baliagarritasuna azpimarratzera dator Torreren Gazte idealistak liburua, Gatuzain argitaletxearen eskutik.
Arixo donibandarraren bizitzaren berri ematen da liburuan, jaiotzen denetik helduarora iritsi arte. Deigarri egin zaigu eleberriaren hasiera, Arixoren jaiotza bera deskribatuz hasten baita, pausoz pauso: “Burua jada atera zen…” Haurtzaro zoriontsuak jarraitzen dio jaiotzari. Ur gardeneko erreka eta belardi berdeen eremua da haurtzaroa Arixorentzat, naturarekin, ikastolarekin eta familiarekin estuki lotua. Haurtzaroko oroitzapenen artean entresaka egin eta une goxoak soilik gordeko bagenitu bezala. Parke batean kabitzen den paradisu ttipi horrek gutxi iraungo du (haurtzaro baten luzera, ez gehiago), eta protagonistari, lizeoan eta geroago Montpelliereko unibertsitatean sartu ahala, galderak, barne-eztabaidak eta kezkak arrapaladan etorriko zaizkio gainera. Hirian, sorterritik urrun, bere burua kokatu beharko du eta bizitzari bere kabuz aurre egiten ikasi. Garai horretan Arixok izandako bizipenek osatzen dute nobelaren ardatz nagusia: maitasun-istorio frustratuak, unibertsitateko grebak, lan munduan sartzea…
Irakurleak ez du aurkituko, ordea, Arixoren biografia bat liburuan, are gutxiago Gorka Torreren autobiografia bat, egilearen eta protagonistaren artean loturak agerikoak izan arren. Bizipen batzuetatik abiatuz, protagonistaren pentsamolde idealistaren garapena eta kontzientzia-hartzea arakatu nahi ditu idazleak. Horregatik, Arixoren bizitza anekdota, aitzakia baino ez da, gogoeta eta eztabaidari bidea zabaltzeko.
Gogoetari leiho
Hogeita lau kapitulu laburretan banatuta dago liburua. Horietariko bakoitza gai baten inguruko gogoeta izanik, gazte baten talaiatik; idealismoari zabaltzen zaion leihoa. Gaiak askotarikoak dira: drogak, artea, sindikalismoa, globalizazioa eta beste. Hala, atal bakoitza gai baten inguruko saiakera laburtzat har dezakegu. Idazlea irakaspenak ematera datorrela irudituko zaio agian norbaiti, baina ez dut uste hori denik Gorka Torreren helburua. Bere iritzia ematen badu ere, bere asmoa ez da inor konbentzitzea. Irakurlea inarrosi nahi du baionarrak, sorgortasunetik atera eta jarrera aktiboa hartzera bultzatu. Bat egingo du batzuetan irakurleak Gorkaren ikuspegiarekin, guztiz aurkako iritzia hartuko du bestetan, baina nekez geratuko da ezaxola.
Hausnarketa horiek elkarrizketa eran egituratzen dira, eta dialektika sortzen da Arixoren eta bere inguruko pertsonaien artean. Elkarrizketaren bidez, erritmo arin eta irakurterraza hartzen dute kapitulu laburrek. Hainbat pertsonaia ditu Arixok solaskide elkarrizketa horietan, gaiaren arabera aldatzen direnak. Horregatik, pertsonaia asko behin baino ez dira agertzen nobela osoan, eta nortasuna falta dute zenbaitzuek, maiz estereotipoen menpe azaltzen baitira: filosofiaz jardutean filosofia-irakasle bat da Arixoren solaskidea; hezkuntzaren inguruan aritzeko autobusean topatzen duen irakaslea du mintzaide…
Gaien aniztasunaren gainetik, adabaki solteen batura baino gehiago da, ordea, nobela hau. Pieza txikiz osatutako mosaiko bat da Gazte idealistak, gazte euskaldun baten kezka, egonezin eta ilusioen geografia erakusten duen mosaikoa.
Bestalde, kantuak elkar josten ditu mosaikoaren piezak, eta liburuari batasuna ematen. Kapitulu bakoitzaren hasieran euskal kantu baten zati bat ematen baitu Gorka Torrek, kapituluaren muina aurreratuz eta kantagintzari omen eginez. Eta bere baitan ere kantu bat izan nahi du liburuak: idealismoari eta konpromisoari egindako kantua.
Iraganarekiko zordun, etorkizunerantz
Iraganera maiz begiratzen duen idazlea da Gorka Torre, miresmenez begiratu ere. Gaur egungoak ez ezik iraganeko borroka eta idealak ere bere egiten dituena. “Horregatik ere lotzen natzaie egungo borrokei / aurrekoekiko zorra kitatzeko” irakurri diogu Jon Benito poeta gazteari. Zordun agertzen da idazle lapurtarra ere iraganeko iraultza eta iraultzaileekiko. Horregatik, behin eta berriro adituko ditu irakurleak 68ko maiatzaren oihartzunak. Horregatik, hitza (duen tresna bakarra) emango die Torrek 36ko gerra zibileko antifrankistei.
Iragana ahantzi ez arren, etorkizuna du helburu Torrek hala ere. Eta gonbita egiten digu azken kapituluan, B. Sarasolaren kantu baten batez: “Lagun etor gurekin, denek elkarrekin badugu zer egin”. Bidea egin nahi duenak badu bidelaguna beraz. Pauso txikiak elkarri lotuz hurreratzen baita urrunekoa.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria