kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Kale gorrian / Robert Swindells (Iñaki Mendiguren) / Elkar, 2005

Kalez kale, gorriak ikusten Inma Errea / Diario de Noticias, 2006-04-11

Charles Dickensek bere nobelen jokaleku hartutako Londres bera da Robert Swindellsen eleberri honen kokagunea, izen bereko hiriburua, alegia, baina, iraultza industrialaren lehen garaietan beharrean, mende bat pasa eta gero gaur egungo Londres hiriburu erraldoia dugu honako hau.

Haien distira guztiarekin agertzen zaizkigu Londreseraino joan ohi den edozein turistak ongi gogoan dituen kale eta etorbideak, merkatu, plaza eta geltokiak. Baina, toki horietan guztietan Swindellsek nabarmentzen dizkigutenak ez dira bizimodu eroso samarreko turistak, ezta londrestar arruntak ere —aberats-aberatsak izan gabe diru poxi bat, lanpostu bat, etxe bat eta, ausaz, familia bat dituztenak— baizik eta ia ikusgaitz izanda ere herritar arrunten artean enbarazu egiten dabiltzan gazte homelessak, etxegabeak, arloteak, pobreak. Dickensen garaian bezala, kasik. Edo, apika, okerrago.

Kale gorrian sortu duen idazleak, Roberts Swindellsek, ongi ezagutzen baitu deskribatzen digun giroa, erakusten digun errealitatea. Idazle baino lehen, 15 urterekin eskola utzi eta ogibide frankotan jardun zuen. Liburua idatzi aurretik hiru aste eman zituen kale gorrian, eta denbora horretan hartutako eskarmentua hartu zuen oinarri Link protagonistaren eta bere lagunen ibiliak irudikatzeko.

Nobelak irakurketa bat baino gehiago ditu, norabide anitz eta kontrajarrietakoak. Haien etxeetan bizimodu hagitz erosoa daramaten gazteei zuzendua denez, hots, haien kezka nagusien artean asperdurari aurre egitea edo joko elektroniko berriena eskuratzea dituzten neska-mutikoei, idazleak beldurrezko nobela eskaintzen du, istorio beltza, gaztetxoek maite duten abentura puntuari ederki heltzen diona.

Baina izu taupada klasikoak pizteko gauza den kontakizunean zangalatrau kritika sozial zorrotz eta mikatza dakarkigu egileak: intrigarekin txirikordaturik iristen baitzaizkigu liberalismo ekonomikoak ekarritako desegituraketa sozialaren edo arrazismoa bidaide daraman militarismoaren oihartzunak, ongizate estatuaren porrotaren isla, gizarte honetako miseria, non luxua eta pobrezia kale beretik baitoaz, elkarren ondoan, baina elkarri ukitu gabe.

Bukaera ere gaur-gaurkoa da, hau da, gezamina. Intriga argituta ere, irakurlea ez baita erabat lasai geldituko. Gaitza ez baita, soilik, gaizkilearengan. Gaitza gure artean baitago, gure baitan, gizarte honen indibidualismo zoroan. Badirudi idazleak ohar egiten diela irakurle gazteei, edozein adinetako irakurleei; badirudi kasu emateko ohartaraztea duela xede, kasu, gizarte ero honetan gutako edonor pasa baitaiteke goizetik gauera kale gorrira. Hortik aldentzen da Dickensengandik, horretan da nabari mende bat pasa dela, eta batek daki zenbat iraultza, eta horiek guztiak ikusita esperantza ez da jada pobreenen bizkar-zorroetan.

Trebetasun handiz harilkatutako nobela honek intrigazko korapiloan murgilduko ditu irakurleak, eta aldi berean zer pentsatu emanen die. Ez da gutxi, garai hauetan, eta are aukera hobea da Harry Potterren itzultzailearen eskutik euskara eroso ederrean badatorkigu.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak