kritiken hemeroteka

8.791 kritika

« | »

Antologia apetatsua / Julio Cortazar (Jon Alonso) / Txalaparta, 2005

Maitasunak ez du barkatzen Inma Errea / Diario de Noticias, 2005-06-17

Ez dut nik asmatu izenburuaren lehen partea: Pedro Berrondok esan omen zituen hitz horiek, Quixote zergatik euskaratu zuen galdetu ziotenean. Otu zait maitasunak ez duelako barkatzen itzuli dituela Jon Alonsok Julio Cortazarren ipuin hauek, modu arrazional huts batez disekzionatzea onartzen ez duen grinak bultzatuta.

Ipuinen idazleak jada ezer esan ezin duenez, haren itzultzaileek esan behar dute zerbait, idazlearen obraz zein haiek egindako lanaz. Eta Jon Alonsok esan du: modu apetatsuan aukeratu dituela ipuinak, ez zehatz ez oro hartzaile izateko inongo asmorik gabe.

Agian hori da asmatzeko gakoa, subjektibotasuna objektibotasunaren helmugara iristeko bide seguruena da, akaso, inpresioa baitut asmatu duela hautuan: nahi barik ere Julio Cortazarren lagin esanguratsua euskaratu baitu, kontziente naizen arren beste batzuk aukeratuta ere berdin-berdin asmatu ahal zukeela. Denetik pixka bat, aniztasuna maite duen edonorendako aproposa. Hor daude, Julio Cortazarren ipuin horietan, idazle argentinarrak munduari oparitu zizkion harribitxietako anitz: irudimenaren joko artegagarriak (Etxe hartua), kontakizun tartekatzeak —trebeak bezain aztoragarriak— (Gaua ahoz gora, Suak oro sua), atsekaberantz ezinbestean garamatzaten ahots txandakatze trebeak (Cora andereñoa), ikuspegi trukaketa harrigarri bezain zailak (Deabruaren lerdea), giro antsiatuak —abantzu esan gabe iradokiak— (Amatxoren gutunak), aitzina egin ahala irakurlea laborri betean murgiltzen dituzten ipuinak (Klikades irletako idoloa), absurdoaren amildegiari begira paratzen gaituzten tramak (Jarraibideak Jon Howellentzat, Zinez maite dugu Glenda), kontakizun politiko errealistak (Bilera)… Eta, guztietan, hitzekin aritzeko Cortazarren abilezi ikaragarri hura, garaiak, tokiak zein narratzaileak maisuki nahasteko joera, idatzi bitartean lagun omen zuen jazzari ostutako swinga kontakizunaren erritmoa bilakatuta… Hori guztia, euskara on eta erosoan paratua, Cortazarrek hitzak jostean hartzen zituen lizentziak ere errepikatzeko itzultzaileak hartutako lana barne.

Honako hau ez dugu Julio Cortazar euskaraz leitzeko lehen aukera. Orain baino lehen ere, 1992an, Gerardo Markuletak Oktaedroa ipuin sorta itzuli baitzuen euskarara. Oraingoan, ordea, Jon Alonsok hasiera batean literatur tailerretan zein Idazle Eskolan erabiltzeko itzultzen hasi zen ipuinak gehitu ditu, Txalaparta etxeak argitara emanda.

Jon Alonsok esana du ez duela maite Cortazar ipuingilearen eta Cortazar nobelagilearen arteko dikotomia, Cortazar irakurtzea duela maite, lepoko zainetara jauzi egiten ei dioten pertsonaiez eta egoerez beteriko ipuinak idazle handi baten tour de force jotzen duen Rayuela bezainbat irakurri ere. Hori ez bada maitasuna… Ezin ahaztu, bestalde, Cortazar ere itzultzaile aritu zela.

Amaitzeko, ez diot uko eginen tentazioari. Cortazarren hitzak dira, Alonsok euskaratuak, Deabruaren lerdea ipuinean jasoak: “Ez dago jakiterik hau nola kontatu behar den, lehen pertsonan edo bigarrenean, pluraleko hirugarrena erabiliz edo ezertarako balioko ez duten formak etengabe asmatuz. (…) … beharbada kontatzea erantzun bat bezala da, gutxienez irakurtzen duen horrentzat.” Labur esanda: literatura hutsa.

Azken kritikak

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak