« Deabruaren hiztegia | Gurea baino absurdoagoak badirelako »
Lan hautatuak / Nemesio Etxaniz / Hiria, 2002
Lan hautatuak Luis Maria Mujika / Egan, 2001-09
Nemesio Etxaniz idazle eta apaiz zena, ezaguna zaigu euskal kultura eta herrigintzaren esparruan, hainbeste urtetan giro frankistaren erasopean leialki jardun zuelako. Esanen genuke, euskaldungo aski zabal batentzat Etxaniz garaiko frankismoarrekin gatazkak ukan zituen aldetik nagusikiki ezagutua dela. Funtsean, gure apaiza euskaltzalea zen, gure herriaren mintzairarekin erabat konprometitua. Bere idatzietan, poesiari dagokionez, Lur berri billa (1967) olerki-bilduma ezaguna zitzaigun, baina ez hainbestean beste lanak, bereziki, liburuki honetan emanikoak, hau da, kazetaritzarekin lotuak —han-hemengo aldizkarietan barreiatuta egonak—. Alde horretatik, bada, mesede handia egin digute edizio honen arduratzaileek.
Guretzat, batez ere, bere alderdi poetikoa zen ezagunena, eta bere edergintza, gerra osteko olerkarien ildotik ibili zen, gehienbat, lizardianismoari apur bat, poesia sozialari (herriarekin konprometituari) gehiago, eta beste joerei (hor dugu, adibidez, olerki sentsual edo erotiko zenbait) hurbilketak eginez. Herriaren hats tragikoa ere atzematen da bere poesietan, eta alderdi hori ongi ahokatzen da artikulu batzuetan eginiko kritikarekin, ezen gure idazleari diktaduraren aldirik gaitzenetakoak bizitzea egokitu zitzaion. Joxe Azurmendik erakutsia digu, berrikitan, Egan aldizkarian bere alde unamunianoa, hots, fedearen trataera berezia dudamuda eta gatazken artean, sinesmenaren ñabardura agonikoa azalduz. Vatikano II. Kontzilioak Elizari ekarririko olde berriak betean jo zion idazleari, eta bere barruan larridurak sortu zituen aspaldiko egoera zaharkituak astinduz. Bestalde, alde existentzial eta pertsonalez gain, bere jardun literarioan azken gerra zibilak bere belaunaldiari eginiko arrastoa nabarmen. Beraz, borroka soziala, herri zapalduaren mindura, eta euskal gizartean diktadurari sorturiko erantzun bortitzak —hau da, biolentziari loturiko jarrera armatuak— isla aproposak ukan zituen bere jardunbide literarioan —bereziki kazetaritza loturikoan—. Gatazka personal asko jasan zuen Eliza ofizialarekin, eta espainiar katolikotasun nazionalak kritiko gaitza kausitu zuen apaizaren luma eta jarreretan (salaketak, zigorrak, bazterketak eta ezusteko txarrak ekarri zizkiolarik…).
Hemen dugun artikulu-bilduman alde horiek ere islatzen dira, eta garaiko arazoetan murgilduriko idazle bezala azaltzen zaigu Etxaniz apaiza.
Etxanizen estiloa, bataz beste, herrikoia da, soila, hots, herriaren eletik hurbila, poesian ere berritasun formalei —edo eta barrokismoari— joko gutxi egiten ziona. Bere ardura nagusia euskara salbatzea, gure hizkuntza gizartean pairatzen zuen zulotik ateratzea zen, birtuosismoetan erori gabe… Alde horretatlk, bada, idazlearengan ez dugu atzematen halako birtuosismo-joera eta luzimendu-beharrik, mintzairaren egoera larriak beste jarrera elementalagoetara bultzatzen baitzuen.
Liburuan alde asko ukitzen dira, baina, funtsean, han hemen barreiaturiko artlkuluetan Etxanizen egitekoa gure kultura eta hizkuntzaren superbizitze gaitzaren kronika da. Honela, euskal idazleak elkarrizketatzen ditu, idazle zenduen nekrologiak ematen ditu, Euskal Herriaren alderdi sozialak aireatzen ditu, edo eta Elizarekiko gaiak usna kritikoz ukitzen, besteen artean.
Gure liburukiak, zehazki, Etxanizek El Día egunkarian hasi, eta Euzko Deia, Zeruko Argia (60-70 hamarkadetan bereziki), Karmel, Egan, Olerti, Goiz Argi edo Agur aldizkarietan idatziak kontuan ukan ditu. Beraz, Etxanizen kazetari-lana gerra zibilaren aurretikoa dugu, bere hasi-masietan, eta gero, frankismoak Euskal Herriari ezarri zion katen-garai ilunetan bere luma present atzematen dugu.
Liburukiak idazlearen kazetari-alderdiak biltzen dituelarik ezin utzi adierazi gabe bere ardura handienetakoa azken orduko berriak ematea —arazo gaztakatsuak alboratu gabe zela—. Nahiz kazetarien teknikak hurbiletik ez ezagutu, modu berezian —eta trebean— asmatzen zuen irakurlearen interesa bereganatzea. Batzuetan izengoitiaz baliaturik lumari zorroztasun gehiago ezarri zion, nahiz tartean egon erregimen frankistaren zentsuraren mehatxua. M. Atxagak hitzaurrean garbiro esaten digu: “Nemesio Etxanizek, jakina, ez zituen kazetaritzako teknikak behar bezala menderatzen. Baina oinarrlzkoenaren jabe zen: gai interesgarriak eta jakingarriak era irakurgarrian eta ulergarrian erabiltzen baitzekien. Nemesio Etxanizek badu trebeziarik eta dotoreziarik esan behar dena esateko, eta era zehatz eta argian esateko. Hizkuntzaren erabileraren aldetik benetako kazetaria baita azkoitiarra”.
Liburukiaren aurkibideari so zehatza botatzen badiogu, aipagarri hurrengoak: a) Euskararen sailean Lizardi, Orixe, bertsolari txapelketa edo “h” bai, “h” ez auziari zegozkionak. 2) Euskalgintzan orokorki: Basarri bertsolaria, Unamuno eta Abendats liburukia edo Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutuaz kritika berezia, eta, orobat, irratirako euskal metodoa, edo Umeen deia Nafarroako aldizkari bereziaren inguruko albisteak… 3) Kontu-Kontari sailean aipatzekoak Zirikadak, Gorroto bidez ezkondua, Botikarioen aparia, eta abar. 4) Nekrologiak Orixe, Artetxe, A. Errandonea, Jautarkoli buruz.. 5) Gazteriaren inguruan: apaiz gazteak, gure gazteriaren bizi poza, neska-mutilen elkarteak… 6) Indarkeriaz, berriz: gure herriaren alderdi gatazkatsuenaren inguruan gogoetak, kristau jarrerak, herri-borrokaren alde gaitzak… 7) Ekarrizketan: Luis Peña, Luis Mitxelena, Aita Zabala, Jesus Altuna bezalako pertsonaiak ageri dira.
Liburuak ez ditu hartzen bere kazetariatza-lan guztiak, baina bai esanguratsuenak.
2000 urtean bere jaiotzaren ehun urtehurrena ospatu dugularik ezinobea gertatzen da Hiria argitaletxearen edizio hau, ezen, lehen, soilik idazlearen olerkari-alderdia ezagun zutenek orain kazetaritza lanak modu erosoagoan irakurtzeko parada dute. N. Etxanizen aldarte batzuetako idazkera garratza eta ozpindua gogoeta arrazoitsu baten andanan orekatua geratzen da, hemengo artikuluek ikuspegi zabalagoa eskaintzen baitigute. Azkoitiar idazleak euskararen baratzari frutu umotuak eman zizkiola nabariago geratzen da liburu honetako orriak irakurriz.
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Jon Jimenez
Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz
Amaia Alvarez Uria
Simulakro bat
Leire Ugadi
Ibon Egaña
Bigarren sexua
Simone de Beauvoir
Mikel Asurmendi
Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz
Maddi Galdos Areta
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Aiora Sampedro
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza
Diesel
Bertol Arrieta
Nagore Fernandez
Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark
Jon Jimenez
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Joxe Aldasoro
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Mikel Asurmendi
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena