kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Lau Teatro Arestiar / Gabriel Aresti / Lur argitaletxea, 1973

Lau teatro Arestiar Mikel Antza / Susa, 1986-04

1985 urtean zehar Gabriel Arestiri hainbat omenaldi eskaini zaio; bere inguruan, bere idazlanak aitzaki, bere pentsamoldea aztergai, bere baloreak laudoriotuz eta bere erruak kritikatuz, mahai-inguru eta hitzaldi andana antolatu da. Baina Aresti idazleari parentesi handi bat egin zaio, Aresti dramaturgoari ez zaio izan zuen garrantzia nagusirik eman. Iritzi publikora iritsi diren balorazio eta berrietan behintzat ez da horrelakorik azpimarratu. Eta azpimarratzekoa da, Aresti Euskal Herriak izan duen dramaturgo bat izan dela. Dramaturgo bat. Eta hori ez da gutxi Euskal Herrian.

Hutsune hori nolabait gainditzeko ez da ariketa txarra 73an argitara, baina 60etako hamarkada hasieran idatzi (edo behintzat Egan aldizkarian agertu) ziren Lau Teatro arestiar horiek irakurtzea. Saizarbitoriak eginiko hitzaurrean zioen legez Aresti, bere obra kuantitatiboki behatuz, poeta baino areago teatrogile da-eta.

Bi teatro popular eta Bi teatro kristau izenburupean bildu zituen Arestik antzerki obra horiek, gaiari kasu eginez egindako klasifikazio batetan. Ez da hau antzerki-lan horiek xeheki aztertzeko lekua, baina orokorrean esan daiteke, egile baten tamaina ematen dutela, identifikatzeko moldeak badituztela laurek. Ironia eta umorea, oso popularra edo herrikoia, askotan nabarmenki agertzen da elkarrizketan oinarritzen diren obra hauetan.

Ez dira mugimendu askoko obrak, guztiz alderantziz baizik; hitzak, elkarrizketak du pisurik handiena dramaren haria ehuntzerakoan. Obra horietan kritika bat dago, baina egileak ez du partidu argirik hartzen, edo agian bai, baina modu oso apokaliptikoan, batera eta bestera banatuz zaplastadak.

Ageri da, Arestik garaiko antzerki baliabideak zituela gogoan eta konplikazio eszeniko handiko obrak idatzi zituela, baina bestalde, garaiko ikuslearentzat minak zitezkeen gaiak tratatzen zituela enbarazu handirik gabe. Europar antzerki joerak ere nabari daitezke, baina esan bezala luze joko liguke horrek (dena dela, luze joko digun arren azterketa sakonago hori agintzen dut).

Azkenik, galdera bat bururatzen zait: nolatan ez ditu inork azken une hauetan eszenaratu Arestiren obrak? Agian erreparo gutxiago dugulako atzerriko antzerkigileak eszenaratzen, nahiz eta beren ideologiarekin ados ez egon, gureak baino, beren ideologiarekin ados ez gaudelako…

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak