« Katharina Blumen ohore galdua | Bizitzarekin solasean »
Bazterrak- Os Eidos / Uxio Novoneyra / Pamiela, 1988
Uxioren “Os Eidos” Patziku Perurena / Korrok, 1989-05
Arratsalde gogoangarri batez leituak ditut Uxíoren “Os Eidos”ak, gailegorik apenas jakitean, niretzat Koldoren Bazterrak baino izan ez direnak. Eta, egia esanen badut, buruan har batekin gelditu naiz, Koldo lan hau euskaratzera zerk eraman ote zuen jakin ezean. Gurean huts hori sumatzen zuelako, agian? Dena dela, nik alde horretatik bilatu nahi nioke lan honi gureratzearen arrazoirik handiena. Euskal lirika, lirika hutsa diot, ezerezeraino ekarria baikenuen kasik.
Liriko on batek ordea, bere burua ez luke sekulan salatu behar. Izadiak hitz egin behar du beti bere ordez. Uxío ez dabil aparte xede horretatik. Halere, maiztxo salatzen du bere burua. Ez da batere harritzeko, bizi zuen gaitzaldia kontuan izanik. Nekez aurki bailiteke, hain egoera larrian bere buruaz hain bakan mintzo deneko lirikorik. Novoneyraren poemetan nabari da biriketako gaitza izan zuela:
“Arratsalde  honetan  adiskide  dut  airea.
Murgilduz  murgilduz  noa.
Aireak  nahi  badu
inor  ez  izatera  helduko  naiz.  (83.orri.)”
“Ilunabarrean
airearen  bila  ibiliak
badaki  itzala
iluntasun  leun  bat  baino  areagokoa  dela.  (119.  orri.)”
“Aireak  badu  zera  bat
galdu  egiten  dena  esanez  gero.  (110.  orri.)”
“Sagastipean  nenbilen  noraezean
gau  ilunean.
Airea  eta  biok  gomutaka  genbiltzan
Sagastipean  nebilen  noraezean
gau  ilunean.
Ez  inork  ez  nik  nekien  non  nintekeen.  (145.  orri.)”
“Arratsaldeko  airera.
Airearen  arratsaldea.
………………………
Batek  ohi  duena
une  bakar  batean  ohartzeke”.
Aireak hartzen du hor, ezkutuan gorde nahi deneko zera berezi bat, “esanez gero, galdu egiten deneko” iradokizunen bat.
Azal ditzadan ondoren, irakurketaren arian azpimarratu ditudan kapritxo batzuk. Gutxienez bitan harrapatu dizkiot itzultzaileari toponimo izen arrunt bihurtuak. Egoki eta atrebentzia handiz eginak, gainera. Izan ere, non jarri toponimoaren eta izen arruntaren mugak. Hain da lan zaila, batzu-batzutan.
“Arranoen  gailur  ilunak!
Eguzkiaren  eta  uraren  mendiek!
Mailoak!”
Serras! galegoa, mailoak! jarri du itzultzaileak, Orixe batek jarriko lukeen egokitasunez eta ausardiaz. Gauza bera egiten du beste bizpahiru alditan, morodella galaikoa euskaraz harriaga ipintean. Eta toponimi eta izen arruten arteko muga honetan, ez harritu gehiago ere izatea, nahiz ni ez ohartu. Itzultzaileak berak ere aitortzen baitu: “Leku izenak, haietako asko esanguratsuak eta denotazio indar haundikoak, gailegoz utzi ditut. Ez dute ozentasuna galdu, nik uste, euskarazko perpausan”. Aitorpen hau beste alderdi bati badagokio ere, zer ikusirik baduela esanen nuke goian aipatu ditudan kasuekin.
“Freixeiroko  lur  zakarrak!
Mendi  zutak!
Herri  pobreak
hezurretan  geldituak!”
Nik, mendi pikoak! jarriko nuen hor mendi zutak! jarri ordez. Eta ez naiz hasiko irados! gailegoaren eremu semantikoaz ezbaian; ez eta zutak! eta pikoak! gauza bera ez direlakoaz. Nik horrela jarriko nukeela esan dut, besterik ez.
“Fontiñas  do  corzo!
Orkatzaren  iturriñoak!”
Zeinen hurbileko egiten diren galaikoaren -iña hori eta gure -iño hau. Eta zeinen eroso datozen elkarren arteko itzulketak egiterako orduan. Halere, haien iña (morriña kasu) hizkuntz oso baten ezaugarri da. Gure -iño ordea, oso besterik izaki:
“Lagos  fontiñas  outas
Putzuak  iturri  goiak”
Ez da erori, ez, itzultzailea tentazio horretan, alderdi hain tentagarria izanik ere.
“Ikusten  dudan  eta  ikusten  nauen  hauxe
naiz  ni:
…………………………………………..”
Etenaren puntu horiek ongi bete badituzu, ez noa deus esatera, benetako liriko batek, izadiarekin bat, bere buruaz zer sentitzen duenari buruz. Beste hau gehituko diztut.
“Nik amets dagidan ari du euria…”
Eta beste orrialde osoa utziko dizut zeure poema bizi dezazun. Uxíok honelako argi izpi batzuk ematen ditu askotan, bere ordez irakurlea izan dadin poeta, eta maiz, joko hori poema osatua baino gehiago estimatuko du, gainera, irakurle finak.
“Urdeak  gizendu  hil
gatzatu  eta  ketan  gorritu.
Gantzan  urtu  behar…
Sutan  erre  behar…
Beti  dago  zer  egina  etxean.”
Poeta lirikoek, gehienek, izadiaren edertasuna baserriko edo, itsasoko gizalanarekin zipriztintzeko joera izan ohi dute. Ez nauzue ni horren aldekoa, bekatu berean maiz erortzen banaiz ere. Liriko onak, gizakiaren aztarrenik ez du utzi behar bere poematan. Bestalde, ketan gorritu hori, ez dut esanen gaizki dagoenik, baina, ez ote zen aski hain gutxitan erabiltzen ohituak gauden ketatu jartzearekin. Ni itzultzaile izan banintz behintzat, ez nuen gorritu erantsi beharrik izanen, nahiz jakin, ketatu esatea aski ez balitz bezala, ketan gorritu esatera ohitua dela egungo euskalduna.
“Neguko  iratze  ihartuak
Val  Arcón  eta  Fontelako  iraztiak!
Denboraren  arrastoak
mendian  han-hemenka  sakabanatuak!  “
Iratze zimeldua, gorritua, idortua, lehortua, ziztortua… eta beste mila adjetibo gehiago entzun izan dut, baina, min eman dit belarrian iratze ihartuak entzuteak. Eta nago, nire belarriaren kapritxoa lokalismo hutsa izanen ez ote den. Nahasi egiten dugula uste dut ihartu, lehortu, zimeldu… eta antzekoen arteko berezitasun semantikoa. Nor eta, Koldo ere badirudi nahaspila horretan galdu dela. Hagitz dotorea bestetik, denboraren usai zaharra dakarren iraztiak hori.
“Adarraren  adaskaren  muturraren  muturtxoan  txoriñoa  kantari.
Adaskaren  muturraren  muturtxoan  berbetan  ari.”
Eta zergatik ez, berriketan ari jatorrizko gailegoaren musikaltasunari eta zentzu poetikoari ere labore baizen egiten ez dionean. Dena den, poema honek beste euskal herri kanta hau ekarri dit gogora:
“Sagarraren  adarraren  adarraren  puntan,
puntaren  puntan
txoria  zegoen  kantari
txiru  liru  li,  txiru  liru  li
nork  dantzatuko  ote  dun  soiñutxo  hori.”
Eta ona berriro, berez xarmanta izan arren, lirikaren mugak urratzera datorren pitxia:
“Arte  gaixo  horrek
eman  du  kimatu  zuten  igitaien
giderren  egurra.”
Honako hau ordea, besterik da. Honek ez baitu giza aztarrenik, inondik ere nabari:
“Itzalak  erakarri  egiten  du.
Ez  dira  entzuten
txoriñoen  txioak
entzunaren  entzunez.”
Ez dakit ordea, zergatik omititu duen Koldok jatorrizko xa hori. Oharkabeko hutsa ote da, ala nahita egindakoa? Niretzako behinik behin, iada bat sar zitekeen hor lasai, jatorrizkoak eskatzen zuen ariora.
“Gaua  dator  bazterretan…
Badoa  arratsaldea  txintik  atera  gabe
agur  esanez
ez  dakidan  eta  ahantzi  eginen  ez  zaidan  moduan.”
Zoragarria, atzen bertso hori. Baina, nitasun hori, berriro diot, ez dagokio lirikari.
“Gorrituak  alorrak.  Lebrak  erori
gaztainondoetarik.  Piper  egin  duten  mutikoek
txorrokoak  egiten  dituzte
eta  metatxo  txipiak  lebra  pilatuekin.”
Ongi baserritarra behar, poema hau ahogozatzekotan. Ni neu behintzat, inoiz eskolapiper eginda, gaztain gerbak pilaxkatuz xorrokak edo metatxo ttikiak egiten aritua naiz mutikotan, jende larriak egiten zituen benetako belar edo iratze meta handi haiek neurri ttikiagotan imitatzeak ematen zuen atseginaren truke. Halere, Uxíoren “Cain as candias das cantrochas calvoas” irakurteak, Koldoren “Lebrak erori gaztainondoetarik” leitzeak baino zerbait gehiago adierazten ez ote duen nago.
“Behien  bazka  entzuteak  ilunabarrean
mendiko  isiltasunean
murgiltzen  zaitu  ia
presen  ura  ibarrean  iragaiten  ikusteak  hainbat.”
Igartzen diot itzultzaileak zer esan nahi zuen baino besterik esaten du behien bazka entzuteak dionean. Behiak bazkan entzuteak, behar zuen hor gutxienez.
“Entzuten  ez  dela  ari  du  euria  soroetan.
Hurrenez  hurren
erorten  dira  hostoak  itzulika…”
Ez nago konforme dando voltas euskaraz itzulika jartze horrekin. Nik, kiribilka, jiraka edo antzeko zerbait jarriko nuke. Itzultzeak, berez, jiratzeak ez duen esanahia baduelakoan nago, nahiz, oraindik Euskadiko Txirrindulari Itzulia eta gisako kirtenkeriak entzuten diren. Alabaina, hostoak jiraka ezik itzulika ere eror daitezke, eta Uxío azken hori esan nahi bazuen (harritzen naiz baina) Koldok ongi egin du itzulika jartzearekin, behin eta berritan ere.
“Chove  xunto  e  miudo…
Euria  ari  du  estu  eta  xehe…”
Estu horrek ez dit onik egin, ez begira ez belarria. Nik honela entzun izan diet ene gurasoei: “zerratu aski ari dik euria!” “hauxe laino zerratua!”… Hitz hau ez ote zen aproposa Uxíok esan nahi zuena euskaratzeko? Baietz uste behintzat nik.
“Somatzen  da  denbora  luzea
piskanaka  iragan  dela
goroldioz  estalitako
arroka  zahar  hauen  gainetik”
Zeinen pasarte ederra! Alabaina, denboraren tratamendu horrek liriko batena baino areago dirudi filosofo zuhur batena. Eta honako beste pasarte hau:
“Pasan  pasan  as  nebras…
Eu  sinto  que  me  deixan  e  me  levan…”
Zeinen ederki euskaratua, bere errima musikal eta guzti:
“Lainoak  iragan  iragan…
somatzen  dut  egiten  nautela  utzi  eta  eraman.”..
Otsoaren sinbologiak badu esanahi berezirik Novoneyraren lirikaren zirrikituetan:
“Otsoaren  sasipeak!
Basurdearen  amildegiak!
Inor  joan  ez  eta  joanen  ez  den
bazter  bakartiak!
Otsoa! Begiak bizkarra otsoarenak!
Jaitsi  da  otsoa  basoaren  begitik
haginaren  adasketan  higituz
bidezihorretako  orbeletan  zarataka
ordoki  bakar  eta  beldurtienaren  bila…
Aztarrendu
gelditu  eta  usnatu
atzaparra  tinkatu  burua  jaso  ulu  egiten  du  zerurantz
gauaren  itzal  osoa  ahoan
Astiro  hurrez  hurren
hilez  joan  dira  neure  ametsak
eta  bakarrik  gelditu  naiz  osoan.
Bakarrik  nago  otsoa
gauari  uluka  bezala.
Orain  neure  bihotza  zauri  sutu  bat  da.
Esku  otso  bat  ari  zait  urratuan  kitzika.
Oinaze  hau!  Entzun  egiten  den  oinaze  hau!
Neure  bihotz  hau!
Berez  heldu  zaidan  oinaze  hau
zergatik  den  ez  dakidala!
Leize  batean  amildu  banintz  bezala  da
Lehen  gauza  zen  eta  eguna  zen.
Orain  dena  da  ilunpe  otso  bat.”
Bere sentierak adierazteko, bai modu berezia duela Novoneyrak:
“Iturriñoa  kantari
iturritxoa  kantari.
eta  berea  badu  ere
badauka  zerbait  neure  kantuak
ulertzen  diodana.”
Ondoko honetan hitz bat iruditu zait hagitz luzea, zakarra, eta moldakaitza:
“Ollo  do  Río!
Lizun  eta  lidrio  bizarrak!
Pago  luze  hostapetsua!
Ez  diot  gerizari  baizik  begiratzen…”
Are gehiago esanen nuke, hostapetsua, ez zait iruditzen euskara denik ere. Eta ez nuke nahiko inork garbizaletzat har nazan.
“Txoriak  hegan
kantuaren  inguruan.
Leku  orok  du
bideren  bat
haratago
ez  doana.”
Ez dut deusik honi eransteko, berriz irakurtzera gonbidatzea baizen.
“Urrumaka  tortoila
Galaperra  kontari
Zapalora  gorriak
ogiaren  urrean.”
Tortoilo hitza ez nuen entzun aitari ikasi nion Irungo Mayoaren herri kanta xahar eta luze hartaz geroztik, eta atsegin handiz irakurri dut hemen, beste edozeinek usapel jarriko lukeen lekuan. Galaperra kontari delako bertsoak duen zentzua ulertzeko berriz, galaperraren kantua ezagutu behar. Galiziako mapoulas roxas ez dut uste ordea, Euskal Herriko zapalora gorriak direnak. Bestalde, ez naiz hasiko ni ogiaren eta gariaren arteko sinonimiaz historiografiarik egiten. Baina, bai esan, Uxíok gariaren zentzuan darabil behintzat pan, askoz egokiago zela gurean gariaren urrean, eta ez, ogiaren urrean. Dena dela, baliteke itzultzaileak bere arrazoiak izatea jarri duena jartzeko.
“Elurra  ari  du
eta  ez  atertzen.
Denbora  guztia  une  batetan.
………………………………….
Plomoan  jausten  da  elurra…
inguru  itxi  batean
bezala
jausten  da  kanpoan  elurra.
………………………………….
Iada  ez  da  erreka  entzuten.
Beste  Uxío  batek  jaio  behar  du
Iraganak  iraun  dezan.”
Ez da beste munduko dohairik behar, Uxíoren memorian elurra nola egiten duen hatzemaiteko:
“Iraganak  iraun  dezan
eta  zuk  Galizia  jarrai
teilatuak  lur  joten  badu  ere
eta  elurra  laratzean  erori.
Teilatuak  lur  joten  badu  ere
eta  ganbara  ageri.
Jaio  nintzen  gelean
eta  ohantzean  bertan  eginen  du  elurra.”
Eta atzenekoz, honako hau, neure memorian ere Uxíorenean bezalatsu elur egiten duela aitortu bidenabar:
“Elurra  ari  du  eta  ez  atertzen.
Zeruak  zamatu  egiten  duen  arren
airean  da  isiltasuna.
Elurra  ari  du  nik  poema  hartan
elurra  ari  du  nioen  bezala.”
Oroitzen al zara Elvira, oroitzen? Nola esaten nuen poema hartan…? Isilik noa munduari eta mundukoei begira, BAZTERRAK ikusi edo oroitu egiten ote ditudan ez dakidala.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Asier Urkiza
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Amaia Alvarez Uria
Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain
Jon Jimenez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Paloma Rodriguez-Miñambres
Lakioa
Josu Goikoetxea
Mikel Asurmendi
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres
Nork gudura haroa?
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Asier Urkiza
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Aiora Sampedro